Aurkia eta ifrentzua

Iñaki Mendiguren
Iñaki MendigurenDani Blanco
Badirudi ekonomiari dagokionez –eta horren martxari estu, agian estuegi, lotuta ditugu geure ongizatea eta zoriona– garai ilun samarrak datozkigula… guri ere. Eta “guri ere” diot, zeren eta gurea oparotasunezko krisialditxoa baita, baina munduan askoz ere gehiago dira sekula krisitik irteten ez direnak, gure mahaitik eror litezkeen apurren zain hil ala biziko kinka etengabean daudenak.
Gizarte garatuotako ezaugarria da, dena kontrolpean eduki eta erabateko segurtasuna nahi izatea, eta ez gaude prestaturik gorabehera, ezbehar, zorte txar edo ezustekoetarako, ezta horiek berezkoak edo naturalak direnean ere. Ekonomiaren motelaldia dela, uholdeak direla… hondamendi guztien eragileak, erantzuleak eta errudunak aurkitu nahi izaten ditugu.

Baina egin ote zezaketen gobernuek eta administrazioek zerbait datorkiguna saihesteko edo arintzeko? Ba, ziur asko, egin duten baino gehiago bai; baina eskatzen diegun beste, ez. Garbi samar ari da geratzen gobernuek uste baino gutxiago agintzen dutela ekonomian, eta beste botere batzuek ezartzen dietela legea politikariei. Honetaz oso argi hitz egin izan du Ignacio Ramonet-ek (ikus Un mundo sin rumbo. Crisis de fin de siglo, Madril, 1997, edo Pensamiento crítico vs. pensamiento único, Madril, 1998).

Agintariak artista dira oparoaldietan merezimenduak berenganatzen, guztia gobernuaren errape agortezinetik baletorkigu bezala; eta estualdietan, berriz, ezin trebeagoak dira, hauteskunde aurretik, benetako egoera “apaintzen”, eta hauteskunde ondoren, egiaren erantzukizuna –eta batez ere ondorioak– herritarron artean diluitzen. Dena den, gobernarien alde aurpegia ateratzeko, esan behar da askotan gehiegi eskatzen diogula politikari, eta honek ezin duela dena konpondu. (Besteak beste, honetaz eta honek politikarekiko sortzen digun etsipenaz idatzi zuen Eusko Ikaskuntzak saritu berri duen Daniel Innerarity bilbotar filosofoak La transformación de la política liburuan).

Hori aurkia. Eta ifrentzua? Ba, beste zenbait kasutan gobernuei askoz gehiago eskatu beharko geniekeela, beren esku dutelako gauzak hobeto egitea. Horren adibide garbi bat da niretzat Abiadura Handiko Trenarena (AHT). Lehenago ere esan nuen hemen: trenaren alde nago, tren-sistema berri baten alde bere kostu guztiekin, baina trenbide-proiektu zehatz honen zeharo aurka ere bai, eta ez dut ulertzen nola eman zaion eredu honi gure artean lehentasuna. Halere, tripako min handiz, onartu beharrean nago proiektuak zilegitasun osoa duela eta oso demokratikoa dela, Eusko Legebiltzarraren ehuneko handi-handi bat (lau alderdi nagusiek osatua) bere alde duelako. Hori aitortuta, ez dakit zergatik ari diren gauzak hain gaizki egiten: alegia, zergatik jokatzen den oposizio minoritario –baina garrantzitsu eta kualifikatuarekiko– horrelako harrokeria, mespretxu eta lotsagabekeriaz; zergatik ez den Legebiltzarretik kanpo askoz eztabaida eta debate patxadazko eta lasaiagorik egiten; zergatik dagoen horrenbeste propaganda ofizial eta ez informazio zehatzik; zergatik hain gardentasun gutxi proiektuak ukituriko herri eta jendeekiko (eta Ezkio-Itsasotik idazten dut hau!).

Lemoizko zentralarekin eta Leitzarango autobidearekin gertatuaren ondoren, nik ez dakit zergatik berriz zulo berean sartu behar dugun hanka, zergatik ezin diren gauzak hobeto egin. Bai, badakit, erantzuna: hemen betiko fanatiko eroak dabiltzala setati beren bidean. Baina bada ordua galdetzeko ere, urtea joan eta urtea etorri, zer egiten dugun hain gaizki hemen “fanatiko eroek” hain lur ongarritua aurkitzeko…

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude