Julian Barnes
A history of the world in 10½ chapters
Julian Barnes. (Jonathan Cape, 1989).
Grial Santuaren eta tenplarioen eraso amaigabeak ezkutaleku bila bultzatzen nau sarri. Izekoren etxea dut kutunenetakoa. Kafetxoa, berriketa apur bat eta apalategi bete liburu. Hantxe aurkitu nuen izenburu xelebredun harribitxia: Una historia del mundo en diez capítulos y medio, gaztelaniara eramandako bertsioan. Aurki hogei urte beteko ditu Julian Barnes ingelesak idatzitako liburuak, eta ez du indar zipitzik galdu. Ez da nobela, ez da saiakera, narrazioa da gehiena baina gogoeta hutsezko pasarteak ere baditu. Eta ez da, inola ere, munduaren historia, baina izan liteke.
Hamar kapitulu, hamar istorio. Itxuraz ez dute elkarrekin zerikusirik, baina etengabe, han-hemenka, Barnesek hari finez lotzen ditu batzuk eta besteak. Lehenbiziko pasarteak Noeren ontziaren mitoaren errebisio ezin ironikoagoa egiten du, bertan zihoan animalietako baten ahotik. Ondorengo kapituluetan, nonahi agertuko dira Noeren ontziari buruzko aipamenak, gutxien espero dugunean. Baina beti modu umoretsu eta inteligentean. Batez ere, inteligentean.
Eliza bat suntsitu duten sitsei egindako epaiketa, benetako gertakarietan oinarritua; Ararat mendira egindako espedizioak, Noeren ontziaren arrastoen bila; talde islamista batek bahitutako –bai, orain dela hogei urte– itsasontziaren istorio tragikoa; Alemania naziaren garaian mundu osoan barrena ibili zen judutarrez betetako beste ontziarena, bere zama deserosoa inork jaso nahi ez zuela-eta, jatorrizko portura itzuli behar izan zuena... Hamar istorio eta, zortzigarrenaren eta bederatzigarrenaren artean, zenbakirik gabeko kapitulua, izenburuko ½ hori alegia: maitasunari, bizitzari eta heriotzari buruzko hausnarketa. Heriotzaz dihardu azken narrazioak, hain justu; “zer gertatzen da hil eta gero?” galderari inoiz emandako erantzunik originalena, gure ustez. Lan handiz egindako liburua, batere lanik gabe irakurtzen dena. Eta umorez gainezkakoa: algararik ez dizu eragingo, baina ezpainetatik irribarrea kentzen ere ez dizu utziko. Tipo adimentsu baten maisulana. Bikain, Barnes.