Rhône ibaiak PCBz kutsatu ditu arrain eta jende

  • Europako ibai handienetako batek, Suitzako Alpeetan hasirik Frantzia zeharkatzen duen Rhône edo Rodano errioak, sabela ustelduta dauka. Lyondik behera dauzkan arrainak ezin dira ez saldu eta ez jan, PCBz kutsatuta daudelako. Hondoko lohietatik urak pozoituz hor iraungo du PCBak urte luzez.
Arrantzale zaharra negarrez mintzatu zitzaion Frantziako telebistari albistegian: “Rhône ibaiko arrainak harrapatzetik bizi izan naiz urteotan, arrainok eman dizkiet jatera bai nire familiari eta bai inguruko lagun guztiei. Orain jakin dut denak kutsatu ditudala”.

1985ean egin zituzten lehen salaketak naturaren garbitasunaz okupatzen diren militanteek, baina iaz arte arrantzua libre izan da Frantziako ibai nagusian. Iaz Lyondik hasi eta itsasoraino 300 kilometrotan harrapatutako arrainak saldu eta jatea debekatu zuten, hiru dozena arrantzale profesional langabezian utziz. Baina pozoia ibaiaren hondoan milaka tonatan metatuta dagoenez, eta Camargueko padura aberatsetatik barrena Mediterraneoan sartuta egonik, kutsadura honen eskandalua hasi baizik ez dela egin gauza ziurra da.

Espainolez Rodano, frantsesez Rhône eta okzitanieraz Rono izendatutako errio handiak 813 kilometro ditu, baina luzeenetarik ez izan arren bera da Nilo ondoren Mediterraneoari urik gehien ematen diona. Suitzan sortu, Leman aintzira ase eta Genevatik barrena Frantzian sartzen den Rhônek delta oso zabala eragin du itsasoratzean, Camargue deritzan eskualde bereziari bizi emanez.

Betidanik izan dira famatuak Rhônen harrapatutako amuarrain, barbo, zarbo, zamo eta bestelakoak, inguruetako jatetxeek beren menuetan eskaintzen dituztenak eta erriberetako herritarren oso gustukoak. Guztiei ilundu zitzaien kopeta joan den maiatzaren 29an Probentzako Osasun eta Ingurumenaren aldeko Elkarteak (ASEP frantsesezko sigletan) eta WWF nazioarteko erakunde ekologistak prentsaurrekoan erakutsi zituztenean Bouches-du-Rhône departamenduko 300 medikuk boluntario bideratutako ikerketaren emaitzak.

Udaberri honetan odola analizatu diete eskualdeko 52 herritarri, Rhône ibaiak daraman PCB kutsagarriak osasunean zenbat eragin dien jakiteko. 52 horietatik sei “lekukoak” ziren, alegia ibaitik urrun bizi eta bertako arrainik jaten ez dutenak; 42 Rhône ibaiaren deltako biztanleak, eta beste lau Frantziako beste bi ibaietako arrantzaleak.

“Lekukoen” taldekoek batez beste 16,83 pikogramo PCB zeramaten, gorputzeko grasa gramoko. Hau da, proportzioan milioitik 16,83. Ibai ondoan bizi baina bertako arrainkiak oso tarteka jaten dituztenen odolean PCB arrastoak 28 pikogramora igotzen ziren. Baina ibai ondoan bizitzeaz gain bertako arrainak sarri jaten dituztenen artean 69,9ra. Bost pertsonak 100 pikogramoak gainditu zituzten. Eta 83 urteko arrantzalea 572ra iritsi zen. Bitxikeria hau aipatu zuten ikerlariek: kutsadurarik handienetakoa Arlès hiriko mediku batek agertu du, erriberatik arrantzan jardutea maite duena.

Ikerlariok aitortu dutenez, kutsadura kopuruok interpretatzeko nazioarteko araurik ez dago oraindik. Hala ere, kaltegarria dela demostratuta dago. “Soinean PCB kutsadura handia eramateak –esan du Patrice Halimi medikuak– handitzen ditu kantzer arriskuak, ugalkortasuna okerragotzen, immunitate sistema ahultzen eta kalte neurologikoak eragiten. Kantzerretan, aipatu behar dira gibelekoa, kolonekoa, bularrekoa eta pankreakoa”.

Ikerketan parte hartu zuten herritarrek prentsaurrekoan kamiseta edo tixertak zeramatzaten galdera honekin: “Eta zu?”. Oraindik ez baita kutsadura honen arrastoen bila inkesta zabal bat egin ibaialde guztian.

PCB: Poliklorobifenilo beldurgarriak

Nazio Batuen Erakundeak gizakiarentzako kaltegarrienak diren 12 produktuen artean katalogatuta dauzka Poliklorobifeniloak, PCB siglez ezagunak. Euskal Herriko ibaietan horietatik zenbat dagoen ez dakigu. Frantziako Rhônek urpeko hondoan ehunka mila tona dauzka kutsatuta. PCBa kutsagarri organiko iraunkorretakoa da. “Iraunkorrak” esaten zaie ez ingurunearentzako jasangarriak direlako, baizik eta denborarekin ere nekez desegiten direlako.

Molekula horiek oso toxikoak dira, luze irauten dute, elikadura katean zehar pilatu egiten dira eta oso urruti eraman daitezke. PCBak elektrizitatearen alorrean asko usatzen dira –“Pyralene” izen komertzialarekin– batik bat transformadoreetan eta kondentsadoreetan, beroarekiko duen estabilitateagatik beste industria askotan ere bai. PCBen toxikotasuna dioxinarenarekin parekatzen da.

PCBaren erabilera legez oso araututa dago Frantzian. 2003tik martxan dago deskontaminazio plana, 2010ean amaitu behar duena. 5 litro edo gehiago PCB daukaten 545.610 tresna daude inbentariatuta, denetara 33.500 tona PCB daukatelarik desegiteko. Baina France Nature Environnemment elkarteak salatu izan du zerrenda hori borondatezko deklarazioetan oinarritu zenez PCB asko dagoela Hexagonoko bazterretan inongo zerrendatan agertu gabe. Horiekin zer gertatuko den ere kezka iturri da.

Rhône ibaiaren kasuan, arazoa da urteetan errio bazterretako industriek isuri dituzten PCBz kutsatutako lokatzak hor geratu direla, eta mugitzen hastea are okerragoa dela, kutsadura gehiago barreiatuko litzatekeelako. 2005eko udan arrantzale bati egindako inspekzioak alarmak piztarazi zituen eta hasiera batean errioko zati txiki batean harrapatutako arrainak debekatu zen saltzea. Baina hilabeteak aurrera egin ahala, luzatuz joan da debeku eremua, eta pentsa daiteke luza gabe Rhône osoa hartuko duela.

Arro osoan ari diren 30 arrantzaleak ere biktima dira. Rhône ibaiko arrainak jatea galerazi dute, ez ordea arrantzan aritzea. Horregatik, profesionalok ez dute kiebra edo faillita deklaratzeko eskubiderik. Estatuak itotzen utzi die. “Gauza jakina da nondik datorren kutsadura –esan du Didier Bretin arrantzaleen sindikatuko lehendakariak– eta aski litzateke analizatzea industria susmagarrien inguruko urak horretaz seguru egoteko”. Baina ez da oraino egin.

Ur gezetan ari diren Frantziako arrantzaleen presidente Philippe Boisneau urrunago joan da: “Ur gezeko arrantzaleak suntsituz, ibaia zaintzen dutenak suntsitu eta kutsatzaileak babesten dira”. Hala ere, honek uste du posible dela laster Parisko Administrazioak gai honi arreta handiagoa jarri behar izatea: Rhônek daramatzan PCBak ez dira bokalean gelditzen, Mediterraneoan itsasoratzen dira, eta ur gaziko arrantza konplikatzen denean, orduan bai nahastuko dira kontuak.

Le Monde Diplomatiquen Marc Laimé-k afera hau Un Tchernobyl français izendatu du, Ukrainako zentral nuklear hartatik erradiaktibitate lainoa nola, Rhônen PCBa hala barreiatu delako. Hogeitaka urtez inork kasurik egin gabe gaiari jarraipena egin dion Robin des Bois talde ekologistak Frantzia osoan PCBz kutsatutako guneen karta egin du. Euskal Herrian puntu bakarra aipatzen du, Nafarroa Behereko Ortzaizen. Eta dio: “Ingurumenaren katastrofe honen aurrean ‘omertá’ren legea dago indarrean”.
Informazio gehiago

ASTEKARIA
2008ko ekainaren 15a
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude