Pagoarteko soinuak

Oiartzungo Cavaille-Coll
Oiartzungo Cavaille-Coll
Mendizale garenok ondo ezagutzen dugu pagadien ederra. Hosto argi zurrupatzaileek itzal magikoa sortzen dute, freskagarria eta laharrik hazten uzten ez duena. Pago arteko bidea garbia da beti, sasirik gabekoa. Izenari omen eginez, ezaugarri bera izan du hamar urtez martxan izan den Pagoarte Elkarteak.
Euskal artearen laborategia. Horixe zen Pagoarte: euskal artearen inguruan laboratu egiten zuten, aprobak, esperimentuak, dastaketak... Igarri da artisten sena zegoela atzean. Dagoeneko, hamar urte beteta, amaitu du ibilbidea. Utzi du, ordea, amaiezina den arrastoa. Pagoartek egindakoek oihartzuna izango baitute Oiartzundik kanpo ere. Freskagarria eta laharrik hazten utzi ez duena.

Batzuen artean: Oiartzungo Cavaillé-Coll organoarentzako musika
Pagoarte Elkartea
Iraupena: 53’50’’ (CD1) / 44’56’’ (CD2)
Prezioa: 23,50 euro

Erreparatu nahi diot bereziki musika arloan egindako lan bati: Oiartzungo Cavaillé-Coll organoarentzako musika deitzen den grabazioari. Ondo mamitutako kultur ikuspegia dago lan honen oinarrian. Aurrenik, pagoartezaleak ondo konturatu dira herriaren aberastasun handia dutela organo horretan. Eta zaintzeko modu onena eguneko musika jo eta entzun araztea dela.

Horrela ba, abiatu dira gure garaiko konpositoreei bereziki organo horretarako sortutako obrak eskatzen. Organozale ez denak agian ez du jakingo, baina tresna honek duen konplexutasunarengatik, obra guztiak ez dira berdin ematen organo guztietan. Zein garaiko, tamaina eta organogileren lana den, aukerak ere halakoak. Sortzaileak hautatzerakoan ere begi zorrotza izan dute: Gorka Cuesta, Ramon Lazkano, Peio Zabalette eta Loïc Mallié.

Hurrengo urratsa jotzaile egokiak bilatzea. Zerrenda ez da inondik ere makala: Loïc Mallié bera eta Oskar Candendo organoan, Urko Arozena eta Iñaki Telleria txalaparta eta perkusioan, Aitor Arozena txistuan, Fernando Latorre baritonoa kantari....

Grabatzea ondoren. Mikel Fernández teknikari probatua jarri zuten lan horretan eta honek eginkizuna ederki bete ere.

Azkenik, argitara ematea. Liburuxka ezin txukunago batez hornitua. Obra guztien aipamenak Pello Zabalaren eskutik. Organoaren historia Xabier Alberdik atondua. Organoaren ezaugarri guztien zehazpena eta organo jotzaile famatuen iritziak berari buruz. Egile eta jotzaileen curriculumak eta obren testuak orriak borobiltzeko. Dena paper atseginean, ongi diseinatua eta argazki egokiez apainduta.
* * *
Hori guztia hasiera besterik ez da. Inor bazkaltzera gonbidatu denean egiten zaion harrera bezalakoa. Horren ondoren janariak datoz. Hortxe dago –aurreko guztiari esker bere neurrian estimatu ahal izateko moduan– lan honen benetako balioa. Esperientzia berria da. Punta puntako sukaldaritza berriaren menua.

Niretzat, noski, txistu eta organo obra da bereziki kuttuna. Aitortu behar dut, baina, grabazio osoa dela garaiko artearekin birradiskitzeko aukera. Eta topiko asko birrintzekoa ere bai.

Topiko oso zabalduak badira: organoaren indarra aipatzen da. Honetan, indar boteretsu horrekin batera, leuntasun sarkor eta irakigarria ere nabaritzen du entzuleak. Organoa orkestra bat dela irakurtzen da sarri. Ez da egia. Organoa ez da inondik ere orkestra baten imitazioa. Organoa tresna jatorra da, orijinala, ez dago bera bezalakorik. Musikaren misterioarekin topatzeko hamaika era desberdin eskaintzen ditu eta komunikazio artistikoan murgiltzeko bide ezin oparoagoa ematen. Gure garaiko musika aspergarria dela eta ezin uler daitekeen topikoa ere deuseztatuta geratzen da grabazio hau entzunda.

Jar zaitez entzutera, ez autoan zoazela edo zerbait irakurtzen ari zarela. Horretara bakarrik. Esperientzia benetan berritzaileari zabaldu iezaiozu zure gogoa. Emaiozu lan honi merezi bezalako aukera. Berak ondo baino hobeto ordainduko dizu.
* * *
Mendi bideetan barrena urte luzeetan hazitako pagadia eskertzekoa izaten da. Pagoarte Elkartearen lan mardul, zirikatzaile eta kalitatezko honek esker gutxi jasoko du agian gure egunotan. Etorkizuneko lana delako.

ASTEKARIA
2008ko ekainaren 15a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Haritu: "Familia batzuek sei hilabete daramatzate hotel batean"

Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk Iruñeko Udalak etxegabeentzat eskaintzen dituen baliabideak kritikatu dituzte: "Ogi apurrak dira", adierazi du Martin Zamarbide Harituko kideak. Behin behineko zenbait "aukera" ematen... [+]


Errendimendu akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak Ipar Euskal Herrian

Ongi doazen ikasleak talde batean, zailtasunak dituztenak, bestean; maila akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak datozen ikasturtean, Frantziako Estatuan. Ikasleak sozialki eta akademikoki sailkatu eta bereiztea, desoreka areagotzea eta egoera okerragoan daudenak... [+]


2024-04-17 | dantzan.eus
Dantzan babestu ziren Garaziko errefuxiatuen kolonian

Gerratik ihesi 1937ko ekainean Donibane Garazin Bilbo eta inguruetako 600 haur jaso zituzten. Hiriburuko Ziudadelan Eusko Jaurlaritzaren menpeko eskola kolonia bihurtu zuten, eta bi urtean 8-14 urteko 800 bat haur igaro ziren bertatik. Haurrekin 80 bat heldu ere iritsi ziren:... [+]


2024-04-16 | ARGIA
Ia 15.000 erabiltzaile ditu Puntueus domeinuak, sortu zenetik hamar urtera

Puntueus domeinuak hamarkada bete du apirilaren 15ean, eta EITBren Bilboko egoitzan ospatu du Puntueus fundazioak. Gaur arte lortutakoa goraipatu dute, eta 2024 urterako kanpaina berria iragarri.


Eguneraketa berriak daude