argia.eus
INPRIMATU
Neoliberalismoaren txapeldunak
Juan Mari Arregi 2013ko maiatzaren 02a
EAEko gobernua eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiak “neoliberalismoaren txapeldunak” dira eta Kontzertu Ekonomikoa baliatzen dute “errenta altuenak sarituz, Euskadi paradisu fiskal bihurtzeko”. Horren argi agertu du egoera ELA sindikatuak egindako azken agerraldian. Sindikatuaren egozpena ez da demagogikoa, datu erreal eta ofizialetan oinarritua baizik. Izan ere, erakunde horiek 1.396 milioi euroko superabita lortu zuten 2007an, %20,8 baino altuagoa. Eta bien bitartean, EAE Europako gizarte-babeserako zerbitzuetako azken postuetan dago. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoak barne-produktu gordinaren %18,9a gastatzen dute gizarte-babesean eta Nafarroak %17,5a. Europako batez bestekoa berriz, %27,6koa da. Azken zortzi urteotan, foru eta erkidegoko administrazioek 5.000 milioi eurotik gora gutxiago gastatu dituzte. Gainera, Foru Ogasunek ahalbidetu dute “aberatsenek zerga gutxiago ordaintzea” eta horrek talka egiten du bilatzen den aurrerakuntza eta zuzentasun fiskalarekin.

Beraz, bidezkoa da sindikatuak erakundeen jarrera eskandalagarritzat hartu izana. Dirua egonik ez delako gastatu nahi. Eta asetzeko behar ugari egonda ere –zahartzaroa, osasuna, langabezia, familia, etxebizitza...–, ase gabe jarraitzen dutelako superabita egon arren. Bitartean, azken hamar urteetan, 1.000 milioi euroko enpresa errenten alde egin da. Gainera, sozietateen zergak beherantz jarraitzen du. Politika horiei esker, agerian geratu da erakunde horien izaera. Sindikatuak arrazoi du: neoliberalismoaren txapeldunak dira.