argia.eus
INPRIMATU
Maltzagatik
Legea eta herritarren gehiengoa aurrez aurre direnean
Xabier Letona Biteri @xletona 2008ko ekainaren 15
Ez da ezohikoa Jaurlaritzako hiruko alderdiek gai beraren inguruan ikuspegi desberdina eskaintzea, eta normala ere bada, alderdi desberdinak diren heinean. Bitxiagoa da kontsultaren gaia Legebiltzarrean aurkezteko bi aste pasatxo besterik geratzen ez denean, bozketaren ondorengoari buruzko iritzi kontrajarriak gizarteratzea, batez ere EAJk eta EAk. Iñigo Urkulluk argi adierazi du Auzitegi Konstituzionalak egitasmoa atzera botatzen badu, erabakia onartu egingo dutela eta EAJk egoerari aurre egiteko beste moduren bat pentsatuko duela, beti ere legedia errespetatuta. EAko lehendakari Unai Ziarretak, aldiz, bestelako jarrera iradokitzen du: “Espainiako legediaren menpe jartzen baldin bagara ezer egin gabe, gure herriaren etorkizunak jai du”. Ibarretxe lehendakariak, aldiz, ez du egoerari aurreratzeko asmorik. Beste batzuetan legez, ez du Urkulluk esandakoa berretsi, eta behin eta berriz temati azpimarratzen du kontsulta proiektuan ez dagoela legez kanpokorik.

Ez dago zalantzarik legearen barruan aritzeko EAJk duen bokazioaz, baina azaldu beharko da baita ere nola gainditzen den Espainiako legea eta ikuspegi demokratikoaren arteko talka. Espainiako Estatuak ez du gainditu Konstituzioak azken 30 urteetan euskal gizartean duen legitimazio arazoa eta berau gainditzeko hainbat ahalegin eta proposamenen aurrean, legea ikuspegi demokratikoaren aurrean jarri du beti.

Adibide asko aipa daitezke, baina esanguratsuenetakoa da Eusko Legebiltzarrak 2004an onartu zuen Estatutu berriari Madrilgo Diputatuen Kongresuak eman zion ezetza. EHAK kontsulta lege-proiektuari baiezkoa ematen badio berriz gertatuko dena, oraingoan Auzitegi Konstituzionalaren bidez. Kataluniako Legebiltzarrari ere berdin gertatu zitzaion Madrilek atzera bota zuen Estatutuarekin. Legea euskal herritarren gehiengoaren aurretik jartzen du Espainiak eta hori da onartu ezin dena. Horrexegatik eskatzen da legea herritarren borondatera egoki dadila, eta egiten ez bada zilegi da legea aintzat ez hartzea.

Ezin da, besterik gabe, Espainiako gehiengoaren zilegitasuna onartu. Espainiako lege asko indarrean jartzen dira behin eta berriz, baina ez zilegitasuna dutelako, atzean zigorra edo indarraren mehatxua dutelako baizik. Adibide zehatzagoetara joz, ezin dira Alderdien Legea eta bere ondorioak onartu, ezin dira Espainiako auzitegi eta epaileen legeen izenean hartzen dituzten erabaki ugari onartu. Espainiako zuzenbide estatuak egun dituen defizit larri horiek guztiak bideratu ezean, gizartearen zati oso handi batek nekez ulertuko du hemen egoera demokratikoa bizi denik.

Baina Madrilgo legearen zilegitasuna zalantzan jartzen duen gizarte sektoreak nekez egingo du aurrera ETAk bere jarduera armatuarekin jarraitzen duen bitartean. Joan den asteburuan El Correo egunkariaren aurka izan zen, Euskal Herriko egunkari saldu eta irakurrienaren aurka. Bai, ezaguna da euskal gizartean konpondu gabeko gatazka politiko bortitza hor dagoela eta hori bideratu gabe horrelakoak gerta daitezkeela. Hori da bat eta bestea ETAk egin dezakeen edozeri horrekin bakarrik erantzutea. Errealitatea hori baino askoz korapilatsuagoa baldin bada, erantzun egin behar zaio. Euskal gizartearen gehiengo oso zabalak ez ditu onartu Egin, Egin Irratia edo Egunkaria-ren itxierak. Ezta Teresa Toda edo Javier Salutregi beren kazetari jardueragatik espetxeratzea. Eta hala ere itxita daude edo espetxeratu egin dituzte. Gizartearen gehiengo handienak ere ez du El Correo-ren aurkako atentaturik onartzen. Eta, hala ere, gertatu da. Bada parekotasunik.