argia.eus
INPRIMATU
Kutsadura
Eguzki-kremak, koral hiltzaile
Joxerra Aizpurua Sarasola 2008ko ekainaren 15
Burmuin korala
Burmuin korala
Italian, Marche d'Ancone unibertsitate politeknikoko ikertzaile talde bat koralen zuriketan eguzki-kremek duten erantzukizuna zehazten saiatu da.

Koralak animalia mikroskopikoak dira eta euren bizi osoan zehar barne-eskeletoa etenik gabe handitzen dute. Euren kolorea nahiz jatekoa “zooxanthella” izeneko alga sinbiotikoen bidez eskuratzen dituzte. Baina estresak jota daudenean, koralek algak askatzen dituzte, eta azkar hiltzen dira. Orain arte uren beroketa edo azidotasuna hartu dira estres-faktoretzat, baina aipatutako ikerlarien arabera gero eta eragin handiagoa dute eguzki-kremen hondakinek.

Mexikon, Indonesian, Thailandian eta Egipton hiru koral espezierekin probak egin dituzte, eta emaitzak oso argiak izan dira. Krema kantitate txikiek –10 mikrolitro itsasoko ur litro bakoitzeko– alga partikula kopuru izugarria askatzen zuten hurrengo 18 eta 48 ordu bitartean, eta koralak lau egunetan hiltzen ziren.

Gainera, eguzki-kremen hondarrak dauden eremuetan birus kopuru handiak topatu dira, normalak baino hamabost aldiz handiagoak. Horiek ere infekzio larriak eragiten dituzte koralengan.

Hainbat estimazioren arabera, arrezife tropikaletan urtero oporretan izaten diren 78 milioi turistek 4.000-6.000 tona krema-hondakin isurtzen dute itsasora.