«Munduak eta munduak daude partituretatik harago»

  • Eseri, eskuak poltsikotik atera eta mingaina askatu du, pianistak behatzak nola, partituretatik libre, galdera-erantzunen pentagraman, pieza ederrak uzteko asmoz.
Jose Luis Azkue
Jose Luis AzkueGaizka Iroz

Nolakoak ziren zure partiturako lehenbiziko notak?


Oiartzunen ez zegoen gauza handirik, ezer gutxi geneukan jolasteko. Futbolean jokatzen genuen. Udaletxe gaineko lokalean tarteka teatro ttiki bat muntatzen zuten, eta orduan izaten genuen pianoa jotzeko aukera. Eskerrak etxean giro atsegina geneukan. Denok jotzen genuen instrumenturen bat, baina ez genuen pentsatzen hortik bizitzera iritsiko ginenik.


Seminarioan, urruti geratuko da artista bizitza...


Gurean denak pasa gara seminariotik, baina ez bokazioa genuelako, e! Hamalau lagun bizi ginen etxean, eta hainbeste lagun ezin ziren arkume txuletekin ase. Orduan, denak seminariora, ikasteko, kultura bat jasotzeko, eta batez ere, etxean aho bat gutxiago izateko!


Orduan, seminariora joatea ohikoa zen, baina etxean piano bat edukitzea?


Zenbat izango ginen pianoa jotzen genuenak? Dozena erdi bat asko jota. Nik erraztasuna neukan, eta elizako koruko organista kanpora joaten zenean, neuk laguntzen nion oso ondo kantatzen zuen tenore bati.


Behin, berak deus jakin gabe, Luis Mariano laguntzera eraman zintuzten.


Luis Mariano Irunera zetorren, eta badakizu, Euskal Herrian gizon handi bat etortzen denean, soziedadera eramaten da. Orduan soinua ere jotzen nuen, eta afalondoan kantura tentatu nezan gomitatu ninduten. Ni jotzen hasi eta abesti guztiak kantatu zituen. Ea gaurko zer artista hasten zaizun soziedadean kantari. Julio Iglesiasek tarareatzen hasteko bozgorailuz eta mikrofonoz betetako sei kamioi behar ditu!

Luis Marianorekin lehen kontaktua beranduago izan zenuen, alta.


1955ean-edo Irunen kantatu behar zuen, Avenida zineman. Sarrerak agortuta zeuden, bozgorailuak kalean, baina zinemako aretozainaren ezaguna nintzenez, sartu eta kontzertua hasi arte gortina baten atzean gordetzeko agindu zidan. Sekulako denbora pila neraman ezkutatuta lehen notak noiz entzungo, baina ez zegoen modurik. Halako batean bozgorailuetatik: “Que se presente Jose Luis Azkue”. Ni harrituta, “zeinek daki ba ni hemen nagoela?!”. Gortina atzetik irten, oholtzara hurreratu, eta gaixo zegoen Radio Monte Carloko pianistaren partez jotzeko eskatu zidaten. Pontxo eta sonbrero mexikar bat jantzi, bi edo hiru aholku jaso, eta hantxe atera nintzen, partitura guztiak erortzen zitzaizkidala. Holaxe ezagutu nuen Luis Mariano.

Pelikula bateko pasartea dirudi.


Gero elkarrekin afaltzera joan eta hamabost eguneko jira baterako gonbitea luzatu zidan. Hura bukatuta, bera Parisera eta ni etxera itzuli ginen, eta handik hilabetera idatzi zidan, Chevalier du ciel izeneko opereta berarekin prestatu eta jo nahi nuenentz galdezka. Parisen bere etxean bizi nintzen. Egunero joaten nintzen teatrora, opereta entseatu eta lantzera, eta gero etxean abestiak notaz nota erakusten nizkion. Ordutik beti deitu izan dit. Ziur Parisen ni baino pianista hobeak izango zirela baina lagunen laguna zen, fidela.

Abestiak zuk erakusten zenizkion?


Nik erakusten nion kantatu behar zuena. Hala ere, Francis Lopezekin lan egin izana zorte handia izan zen berarentzat. Bere neurri-neurrira prestatzen zizkion operetak. Marianok zerbait gustatzen ez zitzaiola esaten bazuen, ezabatu eta aldatu behar izaten zen. Kostatzen zitzaionean ere ez zitzaiola gustatzen esaten zuen. Bazekien bera baino jantziagoa nintzela musikan eta haserretu baino lehen agintzen zidan aldatzeko. Gero egia da askotan musikagilea ez dela kantaria, eta ez duela ulertzen, paperean ederki geratu arren, pasarte batzuk ezinezkoak direla kantatzeko. Bakoitzak jakiten du bere mugak non dauden. Horregatik dago alde handia arropa dendan erosi ala jostun bati neurrira eginaraztearen artean.

Nolako artista zen traturako?


Oso langilea, baina zaila, gogorra, zorrotza. Kontzertu bat gaizki ateraz gero, orkestraren errua izaten zen, azkarregi edo ozenegi jo genuelako. Antzokia betetzen bazen, aldiz, kontent zegoen, eta denak afaltzera elkarrekin joaten ginen. Baina ez pentsa beti afaltzeko gogoa izaten zuenik. Neurri batean txaloak eta jendetza gustatzen zitzaizkion, baina tarteka tximetaraino jartzen zen, eta eskapo egiten zuen. Bere txoferra kontzertuan soinean zeraman arroparekin jantzi, eta berak beste aldetik ospa egiten zuen.

Anekdota mordoa izango duzu…


Behin Errumaniara joan ginen 80 musikariko orkestra batekin jotzera. Entsegua hasi eta ez zegoen orkestra horrek zortziko bat natural jotzeko modurik. Zortzikoa egoki jotzeko euskalduna izan behar da, jazza ondo jotzeko beltza eta amerikanoa izan behar den bezala. Desastre hutsa zen hura. Halako batean Luis Marianok “igo hadi heu orkestra zuzentzera” esan, eta hantxe jarri ninduen batuta eskuan, ni baino musikari hobeei nola jo behar zuten erakusten!


Francoren aurrean ere jo zenuten.


Francok ospakizun handiak antolatzen zituen momentuko punta-puntako artistekin. Urte hartan Luis Mariano eraman zuen, eta bukaeran, artista gonbidatuei opari bat egiteko ohitura zuela-eta, zer nahi zuen galdetu zion Francok Luis Marianori. Bere gurasoak errepublikarrak izateagatik Frantzian bizi zirela eta beraientzako pasaportea nahi zuela erantzun zion berak. Francok inor hil ote zuten galdetu, Marianok ezetz, eta handik hamar minutura deitu zien gurasoei, pasaportea bazeukatela, eta etor zitezkeela esanez.


Errepublikarra izateko, Euskal Herrian ez zuten Luis Mariano askorik famatzen.


Gertatzen dena da euskaldunak jatorrak bezain zakarrak garela, eta Frantzian edukazio oso onekoak eta eskisitoak. Mariano ere oso eskisitoa zen, amaneratua. Frantziara joan, urte batzuk pasa, eta Cadillac batean bueltatu zen, txofer eta guzti, txakur txiki bat eskutan, emakumeak agurtzeko eskua musukatuz... Hemen hori nahikoa zen marikoia eta halakoak entzuteko.

Bilbon eman zuen lehen kontzertuak ere ez zion askorik lagunduko...


Orduan, hemen mikrofonoaren berri ez geneukan arren, berak mikroarekin kantatu nahi izan zuen, eta “marikoia, alferra…” hasi zen jendea. Berak esan zuen, ados, mikrofonorik gabe kantatuko zuela, baina 20 abesti eman beharrean 10-12rekin konformatu beharko zutela, eta hor ere riki-raka batzuk izan ziren. Nik uste dut teatroa egiten duenak bi nortasun dituela. Askotan sartzen zen pertsonaia horren barruan, eta horregatik ez zitzaion jendeari naturala egiten.


Zuk nola zeneraman artista bizimodu hori, beti gauez bizitze hori?


Zintzo ibili behar. Kabareta, strepteasea, emakume ederrak nonahi... Eskerrak emazteak asko balio duen, eta pazientzia asko daukan. Emazteak eta familiak lotu ninduten, bestela... Bakarrik ibili banintz, galduko nintzatekeen. Harrigarria da zenbat lagun ikusi ditudan galtzen. Suizidio asko dagoen mundu bat da artistena. Puntan ibili diren artista askok ez du gainbehera asimilatzen eta...



Askok zure ordutegiarekin ezin dela bizi esango dizute.


Niri ez esan ezkontza batera bazkaltzera joateko! Nola joango naiz ohetik jaiki eta bazkaltzera? 12:30ean jaikitzen naiz, egunero. Fruta apur bat jan eta ordubetera gosaltzen dut. 17:30ean-edo hamaiketakoa egin, eta 21:30ean bazkaltzen dut. Lagunekin mus partida bat jokatu, telebistako debate bat ikusi, musika entzun, 3:30ean zer edo zer arina afaldu, eta 4:00etarako ohera joaten naiz. Tabernan lanean hasi ginenetik emazteak ere nire ordutegia darama. Ordura arte ez. Ordura arte, ni ohera joaten nintzenean bera umeak eskolara eramateko altxatzen zen


Taberna aipatu duzunez, zuena zen Irungo Alambique ostatu ezaguna.


Zuzeneko musikalia bukatzera zihoala ikusi nuenean, “45 urterekin zer arraio egin behar dut nik?” pentsatzen hasi nintzen, eta emazteak bultzatuta, taberna jarri nuen Irunen, inguruotako lehenbiziko pianobarra. Tarteka jo, tarteka barran zerbitzatu, biak egiten nituen, giroaren arabera. Jakina, jotzea bakarrik ez zen komeni, dirua ere egin beharra zegoen!


Pianistak tabernaria bezain psikologo ona izan behar al du?


Karrera diplomatikoa egin dudala esaten didate lagunek. Barraren atzetik asko ikasten da, liburu bat idazteko beste bai. Piano gibeletik ere jakin behar duzu zer musika gustatzen zaion jendeari, zer eskatzen duen momentuak. Nik lehenbizi niretzat jotzen nuen baina banekien jendearekin feeling berezi hori sortu behar nuela. Banekien jendea ez zela gurera egarria asetzera soilik etortzen.

Zuen tabernan pianoa jo bakarrik ez, kantatu ere egiten zen...


Kantuak ilusioa pizten du jendearengan eta kantari asko pasa da gure tabernatik. Erdipurdiko kantaria arrunt maniatikoa da. Batzuek ez dizute kalean egunon esaten boza ez hozteagatik. Oso jende hamalaua da. Pentsa, bati esan zioten oso ona omen zela mendira joan eta pinu baten aurrean arnasa hartzea, eta bere gelan pinu ttiki bat jartzea otu zitzaion! Erdipurdiko kantariekin... Pufff. Ona denak ez du hainbeste zeremonia ibiltzen!


Zuretzat zer da pianista on bat?


Partiturak dakarrena jotzen jakiteaz gain inprobisatzen dakiena, eta batez ere, bihotza duena. Oscar Peterson, esaterako, oso ona zen, asko gustatzen zitzaidan. Lehenbizi pieza ezagutzen zen bezala jotzen zuen eta gero inprobisazioarekin aberasten saiatzen zen. Niretzat robota izateak ez du meritu handirik. Teknikoki ongi prestatutako pianista oso arrunta da. Teknika arras hotza da, eta zorionez, munduak eta munduak daude partituretatik haratago.


Pieza bera bi aldiz berdin ez jotzeko beste?


Ez dut sekula pieza bera berdin jo. Beste harmonia batzuk sortzen saiatzen naiz. Ederra da harmonia. Melodia lore bat bezalakoa baita, politena izanagatik ontzi polit batean politagoa izango da beti. Harmoniak asko aberasten du melodia. Horregatik saiatzen naiz beti moldaketa berriak sartzen.


Ezjakinaren kritika ausarta izaten da, ordea.


Askotan izan dugu tabernan Iruñeko organista bat jotzen, musikari ikaragarria. Behin jotzen ari zela, jendeak: “Ken ezak hori hortik hi entzutera etorri gaituk-eta”. Ni horren ondoan zapatila errusiar bat nintzen, baina askok izenarengatik luzatzen dute pausoa, adituak izan gabe. Ez dute musikaz zipitzik konprenitzen. Behin Gernikako Arbola jo eta batek esan zidan: “Zer demontre jo duk? Gaur ez hago forman!”. Nik uste orduan bezain ongi ez dudala sekula jo.


Zorionez eta zoritxarrez, entzuleek ez dute artistaren belarririk!


Belarri jakin horrekin jaio egiten da. Kantatzen baldin badidazu behin ere entzun ez dudan abesti bat, buruan grabatuta geratuko zait. Memoria ikaragarria dut horretarako. Autoaren matrikula ez dut gogoan, etxeko telefono zenbakia justu-justu, baina orain dela 30 urte jo ez dudan abesti baten hasiera emadazu eta rau joko dizut. Gero egia da egunak izaten direla. Bizitzan arazoak baldin badituzu, pianoa jotzerakoan antzeman egingo zaizu. Alaitasunean eta maitasunean bizi bazara, bihotzarekin joko duzu.
Nortasun agiria
1930eko irailaren 15ean jaio zen Oiartzungo (Gipuzkoa) zortzi senideko familian. 17 urterekin aldatu zen Irunera, eta kontserbatorioan berandu hasi bazen ere, urtebetean pianoko 6 ikasturte eta solfeoko 3 gainditu zituen. Luis Marianoren pianista izateak egin zuen ezagun, han eta hemen, bakarka, urte askotan jardun bazen ere. Zuzeneko musikaliaren gainbeherarekin Irunera itzuli eta Alambique tabernaren jabea izan zen.
Anonimatua
“Gu pianistak erabateko anonimatuan bizi ginen. Gaur zeinek daki Franck Sinatra-ren pianista nor zen? Inork ez”.
Kontuak
“Epaitegian egiten nuen lan, eta Frantzian gau batez jota, epaitegiko hilabeteko soldata irabazten nuen. Soldata diferentzia ikusita pentsatu nuen merezi zuela etxetik ateratzeak”.
Oporrak
“Lagunarteko afariak, musa... nahiago ditut edozein tokitara oporretara joatea baino. Esaten badidazu 15 egunez Brasilera joateko, ezetz erantzungo dizut. 30 urtez ibili naiz etxetik kanpo, eta orain hemen gelditu nahi dut”.
Azken hitza
Gernikako arbola
“Ohitura nuen Gernikako Arbolarekin bukatzen zen euskal kanten popurri bat jotzeko. Ez zen ez politika ez ezer, ohitura. Behin, Irunen, Frankismo garaian, Gernikako Arbola jotzen hasi eta denak zutitu ziren. Sekulako iskanbila sortu zen. Tartean polizia bat zegoen eta nahikoa komeria izan genuen handik libratzeko”.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude