argia.eus
INPRIMATU
Indarraren eta melodiaren oreka perfektua
  • Governors ::Itxaron beharra ez da itxaropena

    Oihuka

    iraupena ::44´00´´

    prezioa ::14.95€

Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2008ko ekainaren 15
Governors diskoa
Governors diskoa
Arrasateko J. Sangrek sortutako eta gidatutako taldea dugu Governors. Fjord, Ekon eta Brutal Melody sortu ostean, metala ia erabat alboratu eta Fjord-en ildotik gehiago sakonduta, rock indartsuko emaitza lortu du, melodia barra-barra daukana. Ezin ahaztu ordea, punk-rock zantzu asko dituela, baita hard-rockaren aztarna nabaria ere, zentzu zabalenean ulertuta. Eskarmentu eta talentu handia daukaten hainbat musikarirekin batera abesti indartsu eta ederrak zizelkatu ditu, indarra transmititzeaz gain melodia oso itsaskorrak dituztenak. Hala ere, horren gainetik J. Sangreren abesteko gaitasuna eta erregistroak nabarmendu beharrean gaude, horrek ematen die-eta abestiei estimatzen dugun borobiltasuna. Hitzak kritikoak dira, metafora ederrekin atonduta daude eta tarteka hunkigarriak dira.
«Helburua da entzulea harrapatuko duen zerbait lortzea, eta horretarako gauza desberdinak batzea»

Rock indartsuko talde gutxik zaintzen dute hainbeste melodia. Melodia bide bat da edo helburua?


Bidea. Ez dut melodia egitean pentsatzen. Ideia bat jaio edo sortu eta garatu egiten dut. Helburua da entzulea harrapatuko duen zerbait lortzea, eta horretarako gauza desberdinak batzea.

“Aktoreak aldatzen dira eta ez historia”. Euskal Herriko agertokietan 90eko hamarkadako musikari asko ikusten ditut.


Gaur egungo musika taldeek 90ekoek baino zailtasun gehiago dituzte. Taldea sortzea errazagoa da orain, baina falta da taldeak lagunduko dituen disko industria. Talde asko daude eta jendeak musika asko kontsumitzen du. Musika ez dago krisian, industria da krisian dagoena.

“Rock and rollari buruz hitz egin ahal izango nuke, baina zer zentzu du zerbait esateak dena esanda badago”. Ez da gelditzen esatekorik?


Musikariok batzuetan sormen estresa izaten dugu. Zaila da jendeari interesatuko zaion hitz irudimentsuak idaztea. Batzuetan galdu egiten gara hori asmatzen. Horren aurrean apologia egin nuen, inoiz idatzi dudan hitz azkarrena da.

Zikloa kantuan erabilitako esaldiekin –“75ean jaio nintzen”, “Laboak eta Black Sabbathek nire haurtzaroko musika jarri zuten”– hurbiltasun berezia lortu duzu…


Ohitura dut hitzak idatzi eta gero borobiltzeko, baina kasu horretan horrela egin nahi nuen. Sasoi horretan oso hitz onak idazten dituen Tote King hip-hoperoa entzuten nengoen eta horren ildoa gustatu zitzaidan, kalekoagoa.

1981 Irlandara egin zenuten bidaian idatzi zenuen? Arrasto handia utzi zuen zugan?


Irlandan etorri zitzaidan ideia. Irlandak asko inspiratzen du idazteko, baita Euskal Herriak ere. 81eko greba izugarria izan zen. Zirriborroa idaztean Irlandako lagun bati bidali nion eta hunkitu egin zela erantzun zidan; orduan, hala utzi nuen. Urtero joaten naiz, nire bigarren herria da.