argia.eus
INPRIMATU
Fernando Morillo
«Polizia-nobela ez bada ere, halakoen kutsua dauka»
Pilar Iparragirre 2021eko uztailaren 12a
Fernando Morillo
Fernando Morillo

Laburbilduko al zeniguke zer den Suminaren estrategia?


Intriga da eta manipulazioa, misterioa eta jakin-mina. Protagonistek jolas egin nahi dute, ia beste edozer gauzaren gainetik. Baina haientzat jolas egitea ez da dibertsio kontua, bizirik irauteko baldintza bortitz eta funtsezkoena baizik.

Nori zuzendutako lana da?


Intrigazko thriller-ak maite dituzten irakurleek –edozein adinetakoak izanda ere– gozatzeko modukoa dela uste dut. Hori bai, gaztetxoentzat baino gehiago, adin handixeagoa dutenentzako liburua dela esango nuke nik –“helduentzat”, nolabait esateko–, bai sentimenduen ikuspegiari begiratuta, bai egitura eta hizkuntzari begiratuta.

Estrategiari garrantzi handia ematen zaio zure nobela honetan.


Estrategia nonahi eta noiznahi aplikatzen da: amodioan, gerran, jokoetan, zientzian, politikan... Baita istorioak garatzeko orduan ere. Amodioa eta gerra bizitzaren beraren bi mozorro dira. Suminaren estrategian, pertsonaiek jokoaren maskara janzten dute errealitatea beste era batera egituratzeko, edota gorrotatzeko. Gure egunerokotasunean ere, elkarren oso antzekoak dira maitasunaren eta suminaren estrategiak. Nobela honetan, irakurleak jolas egiten ari dela sentitzea nahi nuen. Intrigazko istorioa izanik, egokia iruditu zitzaidan ustekabea lortzen saiatzea. Suminaren estrategia polizia-nobela ez bada ere, halako liburuen kutsua ere badauka, eta, guztiok jolas-zaleak garen neurrian, beti gustatzen zaigu espero ez ditugun bideak aurkitzea.