argia.eus
INPRIMATU
Etxean bezala plazan
Joxerra Garzia 2013ko maiatzaren 02a
Joxerra Garzia
Joxerra Garzia
Elkarrekin bide luzea egina zuten arren, edo akaso horrexegatik, bikotekideetako batek, bestearen infideltasuna tarteko, harremana etetea erabaki zuen, eta hala jakinarazi zion bikotekideari: susmoak errezelo bihurtu zitzaizkiola, eta ez zegoela horrela aurrera jarraitzerik.

Handik denbora batera, bikotekide infidel ustezkoak, damu-itxura larriz, honako galdera hau egin zion bere lagunari (aurrez aurre edo telefonoz ausartzen ez, gutuna idazteko astirik ez, eta, ziur asko, e-mailez):

“Ados zaude gure bikote-liskarrari elkarrizketa bidez amaiera emateko prozesu bat bultzatzearekin, baldin eta nik aldez aurretik erakusten badut zalantzarik gabeko moduan zu engainatzeari behin eta betiko amaiera emateko borondatea?”.

Zutabegile hau ez baita (eta ez baitu izan nahi) orojakile, ezin esan, oraingoz behintzat, zer erantzun zion bikotekide zapuztuak infidel damutuari. Susmoa du, ordea, nekez erantzungo ziola “bai, maitea, ados nago”.

Nolanahi ere, errutinak, susmoek edo errezeloek harremana gaiztotzen dutenean, galderarik aldrebesena ere hobea da, isiltasun liskar-estalia baino, eta, kontu honetan guztian, hitza hartu edo emateari bidea itxi nahi diotenak dira susmagarrienak, nola etxean hala plazan.