argia.eus
INPRIMATU
Eta jazza, noski
Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2008ko ekainaren 15
Uztaila eta jazza eskutik joaten dira urtero. Aurten jaialdi berrien distirak ez itsutzeko ahalegin berezia egin dute Getxo, Gasteiz eta Donostiako jazz jaialdiek, Baionako La Ruée au Jazz, Zarauzko Jazz Mintegia eta Arabako hiriburuan hirugarrenez antolatu duten Jazzaharrean ahaztu gabe.

Azken horrek botako du itxaferoa uztailaren lehenarekin. Euskal Herriko artista ugari bilduko dira Gasteizko Alde Zaharrean, baina ez dira faltako Herrialde Katalanak, Espainia eta Alemaniako musikariak ere. Uztailaren 13ra bitartean hamalau talde ariko dira.

Getxok zaletuaren apetitua esnatzeko menu berezia prestatu du aurten. Uztailaren 8tik 12ra bitartean izango da aurtengo Getxoko Jazzaldia, Bilbao BBK Live bukatu eta bi egunera beraz. Jaki guriena John McLaughlin gitarra jolea da –Chick Coreak zera esan zuen berataz: ”Lehenago inork ez zuen horrela jotako gitarra elektriko bat entzun”–; ezin ahaztu ordea Arturo Sandoval kubatarra, ezta Archie Shepp eta Avishai Cohen estatubatuarrak ere.

Hiru eguneko programa prestatu dute Baionako La Ruée au Jazz jaialdiaren aurtengo ediziorako. Uztailaren 11n Mina Agossi kantaria ariko da, Ahmad Jamal –Miles Davis-en piano jole gogokoenetako bat– 12an eta Erik Truffaz tronpeta jole suitzarra 13an.
Baionatik berriro Gasteizera, uztailaren 13tik 19ra bitartean mito bat, Herbie Hancock eta beste hainbat izen garrantzitsu: Chucho Valdés Quintet eta Bebo Valdés, Cassandra Wilson, Sonny Rollins... Gainera Mendizorrotza kiroldegian elektronika entzuteko aukera izango da jaialdiaren 32. edizioan.

Eta postrerako bi zita klasiko: Donostiako Jazzaldia hilaren 22tik 27ra ospatuko dute. Lou Reed eta Liza Minelli ekarri dituzte aurten kartel buruan. “Betiko” jazzetik edan nahi duenak esku-eskura izango ditu Keith Jarrett, Kenny Barron, Maceo Parker edo Johnny Winter, besteak beste. Zarauzko Mintegian aldiz, Iñaki Salvadorren gidaritzapean, luxuzko hamar irakasle izango dira aurten ere uztailaren 17tik 20ra.