argia.eus
INPRIMATU
Espekulatzaileek eskasiaren aldeko apustua egin dute
Daniel Udalaitz 2008ko ekainaren 15
Via Campesinaren ustetan espekulazioa da egungo elikagai krisiaren arrazoi nagusietakoa. Ekoizpenak maila altua mantentzen du, baina espekulatzaileek espero den eskasiaren alde egiten dute eta, hortaz, prezioak artifizialki igotzen dira. 2007-2008ko munduko ale ekoizpena 2.108 milioi tonakoa izango dela aurreikusten da –2006-2007koa baino %4,7 handiagoa–. Beraz, joan den hamarkadako %2ko batez besteko igoeraren gainetik dago. Elikadurarako zerealen batez besteko kontsumoa %1 igo zen urteko, eta 2007-2008an 1.009 milioi tonara iritsiko da. Bazkarako zerealen kontsumoa %2 igo zen, eta 756 milioi tonaraino iritsiko da. Eta beste erabilera batzuetarako, 364 milioi tona zereal kontsumituko dira. Kopuru honen zati handi bat artoa da (95 milioi tona), eta batez ere nekazaritza erregaiak ekoizteko erabiltzen da. AEBak etanola ekoizteko 81 milioi tona erabiliko dituela aurreikusten da, 2006-2007an baino %37 gehiago.

Munduko zereal erreserbak 21 milioi tona gutxiago izango ditu, 405 milioi tona 2008ko amaieran. Urte askotan erreserbek behera egin badute ere orain daude azken 25 urteetako mailarik baxuenean.

Multinazionalek eta analista konbentzionalek lurra nekazaritza erregaietarako gero eta gehiago erabiliko dela iragarri dute –artoaz gain, palma-olioa, koltza-hazia, azukre-kanabera, eta abar–. Asian gora egiten ari den gizarte taldea haragia erosten hasiko dela uste dute eta, horren eraginez, zerealen eskaerak gora egingo duela. Klimaren ondorio ezkorrak ere aurreikusten dituzte elikagaien ekoizpenean: lehorte eta uholde larriak. Bitartean, Via Campesinak ondorioztatu du multinazionalak nekazaritza lurren azalera izugarriak eskuratzen ari direla hirien inguruan, espekulatzeko helburuarekin eta nekazariak bortxaz egotziz. Indian, 700dik gora “Esparru Ekonomiko Berri” ezarri eta nekazariak beren lurretatik bota dituzte.