Elikagaiak norbere etxean ekoizteko beharra

  • Munduko merkatuan zerealen prezio igoeraren ondorioak nabari dira. Multinazionalek eta beren gobernu neoliberalek nekazaritza liberalizatzeko ezartzen dituzten politiken ondorio da hori, eta politika horiek herrialdeek beren burua elikatzeko duten ahalmena suntsitu dute.
Elikagaien krisia
Elikagaien krisiaImanol Otegi / A.P
Munduko merkatuko zerealen prezioak igotzen ari dira: gariarenak %130ean egin du gora iazko martxotik aurtengora; arrozarena %17 igo zen 2007an, eta beste %30 erantsi zitzaion 2008ko martxoan. Inportazioarekiko menpekotasun handia duten herrialdeetan, zenbait preziok igoera larria izan dute. Familia pobreek beharrezkoena erosteko gastuei ere ezin diete aurre egin. Herrialde askotan, Haitin esaterako, zerealen prezioak bikoiztu edo hirukoiztu egin dira azken urtean eta gobernuek presio asko dute janaria zentzuzko prezioan jartzeko. Beste herrialde askotan –Kamerun, Egipto, Filipinak, eta abar– protesta gogorrak hasi dira.

Horrela deskribatzen du egungo egoera Via Campesina nazioarteko erakundeak. Mundu guztiko hainbat herri-erakunde eta elkarte biltzen ditu erakundeak, horien artean EHNE –Euskal Herriko nekazal eta abeltzain sindikatua– eta PTM-Mundubat euskal GKEa. Krisia deskribatzeaz gain aztertu eta, batez ere, horri erantzuteko formulak bilatzen dihardu taldeak. Eta erantzuna elikadura ekonomia nazionalak berregitean eta nazioarteko merkatuak erregulatzean datza. Via Campesinaren esanetan, baserritar eta nekazari txikiak dira elikagai ekoizle nagusiak eta mundua elikatzeko ahalmena duten bakarrak.

Politika neoliberalen ondorioa

Zenbait analistek nekazaritza erregaiei, mundu mailako eskaeraren igoerari nahiz berotze globalari soilik egotzi diote krisia. Baina urte askotan indarrean izandako politika neoliberal suntsitzaileen ondorio ere bada. Politika horiek elikagaien ekoizpen nazionalak ahuldu zituzten, eta konpainia multinazionalentzako labore komertzialak ekoiztera eta beren elikagaiak munduko merkatuan multinazionalei erostera behartu zituzten nekazariak. Azken hogeita hamar urteetan, Munduko Bankuak, Nazioarteko Moneta Funtsak eta Munduko Merkataritza Antolakundeak elikagaien ekoizpena bultzatzeko inbertsioak eta nekazari txikientzako laguntzak murriztera behartu dituzte herrialdeak. Eta, hala ere, ekoizle txikiak funtsezkoak dira mundu osoko elikagaien ekoizpenean.
Herrialdeek beren burua elikatzeko zuten ahalmena suntsitu dute politika neoliberalek, baita elikagaien prezio igoeraren arrazoietako bat den nekazaritza erregaien boomak ere. Multinazionalak eta munduko botere ekonomikoak, Amerikako Estatu Batuak eta Europar Batasuna ziztu bizian ari dira nekazaritza erregaien ekoizpena garatzen. Horrenbestez, oso denbora gutxian, janaria ekoizteko bideratzen ziren lur azalera handiak nekazaritza erregaiak ekoizteko erabiltzen dira. Beraz, AEBetako artasoroen zati handi bat “desagertu” da, lurrok etanola ekoizteko erosi baitzituzten. Beste hainbat nekazaritza produktuk etorkizun bera izango du, nekazaritza erregaien mesedetan.

Krisiaren irtenbidea

Egungo krisitik ateratzeko, Via Campesinaren arabera, herrialdeek beren aurrekontuetan lehentasuna eman beharko liekete kontsumitzaile pobreenak laguntzeari, janari nahiko eskuratzeko gai izan daitezen; baita elikagaien barne ekoizpenari ere, munduko merkatuarekiko menpekotasuna murrizteko. Beste ekoizpen sistema batzuen garapena bultzatzen dute eta horiek labore nagusienak ez ezik tokian tokiko elikagaiak ere integratu behar dituzte. Nekazari txikien familiek dieta orekatua eta merkatuentzako zenbait soberakin bermatuko dituzten elikagai anitzak ekoizteko ahalmena dute.

Orobat, barne merkatuko prezioak egonkortzea eskatzen dute, nekazari eta kontsumitzaileentzat zentzuzkoa den mailan. Nekazarien kasuan, ekoizpen kostuak estaltzeko eta diru sarrera duinak bermatzeko moduko prezioak lor ditzaten; eta kontsumitzaileenean, prezio altuetatik babesteko. Horretarako, ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko salmenta zuzena sustatu nahi dute.

Nazioarteko ikuspuntutik, merkatuetan prezioak egonkortzeko neurriak hartu behar dira. Herrialdeek inportazioak kontrolatzeko askatasuna behar dute, elikagaien ekoizpen nazionala babestu ahal izateko. Via Campesinaren aburuz, nekazaritza erregaien ekoizpena onartezina da eta geldiarazi egin behar da, elikagaien ekoizpenarekin lehiatzen baita. Lehen neurri gisa, nekazaritza erregaien gaineko berehalako luzamendua eskatzen dute.
Espekulatzaileek eskasiaren aldeko apustua egin dute
Via Campesinaren ustetan espekulazioa da egungo elikagai krisiaren arrazoi nagusietakoa. Ekoizpenak maila altua mantentzen du, baina espekulatzaileek espero den eskasiaren alde egiten dute eta, hortaz, prezioak artifizialki igotzen dira. 2007-2008ko munduko ale ekoizpena 2.108 milioi tonakoa izango dela aurreikusten da –2006-2007koa baino %4,7 handiagoa–. Beraz, joan den hamarkadako %2ko batez besteko igoeraren gainetik dago. Elikadurarako zerealen batez besteko kontsumoa %1 igo zen urteko, eta 2007-2008an 1.009 milioi tonara iritsiko da. Bazkarako zerealen kontsumoa %2 igo zen, eta 756 milioi tonaraino iritsiko da. Eta beste erabilera batzuetarako, 364 milioi tona zereal kontsumituko dira. Kopuru honen zati handi bat artoa da (95 milioi tona), eta batez ere nekazaritza erregaiak ekoizteko erabiltzen da. AEBak etanola ekoizteko 81 milioi tona erabiliko dituela aurreikusten da, 2006-2007an baino %37 gehiago.

Munduko zereal erreserbak 21 milioi tona gutxiago izango ditu, 405 milioi tona 2008ko amaieran. Urte askotan erreserbek behera egin badute ere orain daude azken 25 urteetako mailarik baxuenean.

Multinazionalek eta analista konbentzionalek lurra nekazaritza erregaietarako gero eta gehiago erabiliko dela iragarri dute –artoaz gain, palma-olioa, koltza-hazia, azukre-kanabera, eta abar–. Asian gora egiten ari den gizarte taldea haragia erosten hasiko dela uste dute eta, horren eraginez, zerealen eskaerak gora egingo duela. Klimaren ondorio ezkorrak ere aurreikusten dituzte elikagaien ekoizpenean: lehorte eta uholde larriak. Bitartean, Via Campesinak ondorioztatu du multinazionalak nekazaritza lurren azalera izugarriak eskuratzen ari direla hirien inguruan, espekulatzeko helburuarekin eta nekazariak bortxaz egotziz. Indian, 700dik gora “Esparru Ekonomiko Berri” ezarri eta nekazariak beren lurretatik bota dituzte.

Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude