argia.eus
INPRIMATU
Campinga, higiezinen agentziak eta bankuak
Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2008ko ekainaren 15
Aita bananduak
Aita bananduakLander Arbelaitz
Duela urte batzuk, ohiko bihurtu zen nora joan ez zeukaten aita bananduek campingaren hautua egitea; are gehiago, camping batzuk “dibortziatuen campinga” izenarekin ezagutzen ditu oraindik jendeak. Egun, ordea, bestelakoa da egoera: mobil home direlakoen prezioa asko igo da eta beste bezero mota bat nahiago dute campingetako arduradunek –ordaintzeko arazoak izan ditzakeen sektorea da aita bananduena–. Roulottea erosi eta bertan bizi den dibortziaturik baden arren, kasu isolatuak dira, campingean hilero 500-600 euro ordaintzea baino merkeago ateratzen baita pisu partekatua. “Eta gainera, ez da soluzioa; ez zait iruditzen bizitzeko modu duina denik, ezta haurra eramateko lekua ere”, azpimarratu du Jesus Celadak.

Babesturik ez dagoen etxebizitza erosi edo alokatzea ere garestiegi ateratzen zaio soldataren portzentaje txiki batekin bizi behar duenari. Hala ere, urrats hori eman dezakeenak logela bakarreko minipisuetara jotzen du, higiezinen agentzietako datuen arabera. Banku batzuk ere hasi dira sektore honen eskari berrietara egokitzen eta banandu eta dibortziatuei zuzendutako mailegu eta hipoteka bereziak atera dituzte, BBK-k eta Nafarroako Kutxak kasu.