Izotz-patinak dira gizakiaren energiaz dabiltzan garraio modurik zaharrena. Horixe diote behintzat Norvegian aurkitutako patinen arrastoek.
Aurkikuntza horiei esker dakigu izotz gaineko patinajea duela 5.000 urte inguru sartu zela Eskandinavian. Ez, noski, kirol eta ikuskizun moduan, eremu hotzetan batetik bestera azkarrago ibiltzeko garraiobide gisa baizik. Froga arkeologikoa animalien hezurrez egindako patina da, eta orain gutxi haren erreplikak egin dituzte (beheko argazkian).
Patin horiek egiteko, antzinako gizakiek behi edo zaldi hezurrak erabili ohi zituzten. Hezurra landu eta bi muturretan zuloak egiten zizkioten. Gero, larruz egindako sokak pasatzen zituzten zuloetatik eta, azkenik, lokarri horiek patinak oinetara lotzeko erabiltzen zituzten.