argia.eus
INPRIMATU
Elektronikaz jantzitako pop-rock irekia
  • Manent ::Txuri beltzeko amodioa

    Run Down Music

    iraupena ::42´12´´

    prezioa ::10€

Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2008ko ekainaren 08a
Manent diskoa
Manent diskoa
Run Down batez ere musika alorrean lan egiten duen Tolosako eragilea da; diskoetxea ere bai, besteak beste. Eta Manent berriz, herri bereko musika taldea da. Izen berezi horren atzean ezohiko eskaintza datorkigu, itxuraz eta edukiz aurreiritziak apurtzen dituena. Elektronikaz jantzita badator ere, taldeak pop-aren aldeko apustua egiten du, eta tarteka 1980ko hamarkadako post-rocka edota Madrilgo movidaren oihartzunak ekartzen dizkigu, Fangoria edota El Ultimo de la Fila kasu. Baina eskaintza askoz zabalagoa da. Hala, Brasilgo bossa-nova, folk kutsua duten piezak eta pop-rock hutseko kantuak ere egiten dituzte. Beti euskaraz, harremanak eta sexua sarritan dituzte mintzagai ondo landutako hitz poetiko eta metaforikoetan. Emaitza borobiltzeko Carl Watermark ekoizleak esku hartu du lan honetan.
«Irribarreak gure espresio altruistenak dira»

“Sabelean heste, aberri eta erbeste”. Zuen musikak badu nahikoa jarraitzaile Euskal Herrian, soinu gogorragoak ohikoak direnean?


Badaude batzuk, baina, arlo honetan eskaintza eskasa egoteak sortu du jarraitzaile gutxi izatea. Dena dela, talde berrien sorrerarekin egoera honen aldaketa ikusiko dugula uste dugu.

Zuen kasuan elektronika pop-rocka egiteko osagarri edo erreminta da?


Pop taldea gara eta elektronikak ukitu berezia ematen dio egiten dugunari. Era berean, egurrak nortasun handia ematen dio disko guztiari.

Hitz poetiko eta metaforikoak idatzi dituzue.


Bai, hitzek poesia dute, azaltzen dituzten egoerak ere nahiko poetikoak baitira; poesiak eta metaforak magikotasuna eskaintzen dute, irudimena lantzeko joera. Erromantikotasunak eta fikzioak askotan errealitatea errazago ulertzen eta onartzen laguntzen digute.

Zuen hitzetan sexua argi eta garbi aipatzen da. Ez da hain ohikoa hori gure artean.


Guk beti defendatuko dugu askatasuna eta honetaz guztiaz hitz egiteak askatasuna ematen digu. Izan ere, Euskal Herrian oraindik erlijioaren eragina nabaria da, eta onerako edo txarrerako konplexu horiek berari zor dizkiogu. Sexuarekin gozatzeak aldi berean egiten gaitu gizaki.

“Nire/gure mundua” gezurrezko erakusleihoa da?


(Gure) mundu honek ameskeria ugari sortzen ditu eta gizakiak duen gose edo egarri horrek askotan galbidera garamatza.

“Loreak ximeltzean nekez igarri nun ez zituela inoiz jarri loreak eguzkitan”. Lan handia behar da harreman bat aurrera eramateko? Eta irribarrea da sari onena?


Harremanek beti dute lana nahiz eta ez lukeen horrela izan behar. Berez lan handiena kide on bat bilatzea behar luke izan; horrela, afinitate handiagoa izanik, harremana bere kabuz aterako litzateke aurrera. Horrekin batera, irribarre batek beti lagunduko luke, irribarreak gure espresio altruistenak baitira.