Juan Jose IbarretxeRaul Bogajo / Argazki Press
Hiru aste besterik ez da falta kontsultari buruzko lege proposamena Eusko Legebiltzarrera iritsi dadin eta oraindik ez dago garbi lehenengo langa hori gaindituko duen hala ez. Aste batzuetarako bederen ekimen politikoa eskuratu berri du Ibarretxe lehendakariak, baina hartutako arriskua ere ez da txantxetakoa, batez ere proiektuak aurrera egitea ez dagoelako bere esku.
Bi eragileren esku dago orain proiektua: lehenik, EHAK-k gutxienez boto bat eskaini behar dio atera dadin; bigarrenik, Espainiako Gobernuak aurrera egiten utzi beharko lioke helegitea jarri barik. Aurkeztutako galderek baiezkoa ahalbideratzen diote EHAKri. Beste gauza bat, aukera politikoagatik edo dena delakoagatik besterik egiten duen, inoiz ez baitu izan lider jeltzale esanguratsuena etxera bidaltzeko aukera egokiagorik. Ibarretxek esan duen moduan, gizarteak kontsulta babesten ez badu etxera joango baita.
Lehen froga hori gaindituz gero, ostera, Moncloako helegitearena datorkio eta hor bai ez dela ikusten harresiaren gainetik egiteko modurik. Dagoeneko denok badakigu gaindiezina dela, baldin eta egungo legedia gainditzen ez bada, eta ez dirudi gaur gaurkoz Ibarretxeren Gobernua eta EAJ legeditik kanpo dagoen ezer egitekotan daudenik. Ondorioa: Madrilgo ezetza konfrontazio demokratikorako ez bada, hauteskundeetan indar metaketarako erabiltzeko da. Eta kontua da ohiko hauteskunde batzuek merezi ote zuten halako ahaleginik?
Datozen hauteskunde autonomikoak, dena den, guztiz ohikoak ez direla izango aurreikusten da, izan hauek urrian, urtarrilean edo apirilean. Bat, Madrilek emandako ezetzaren aurrean erantzun bat antolatu nahiko du hirukoak; bi, PSEren azken emaitzek argi erakusten dute, abertzale eta ez abertzaleen arteko lehia gogorra izango dela; hiru, ikusi beharko da ea azken Espainiako hauteskundeetarako aurreikusi zen indar abertzale eta aurrerakoien arteko koalizioa eratzen den hala ez; lau, egoera dagoen moduan, ezker abertzaleak seguruenik ez luke hauteskundeetara aurkezteko aukerarik.
Ibarretxe lehendakariaren ekimenak astindu dezake egungo gizartea apur bat, astindu dezake berriz gatazka bortitzean kokatu den panorama politikoa, eta hori lortzea dagoeneko ez da gutxi. Euskal gizartearen erabaki eskubidearen inguruan metatzen den guztia da ona, baina ekimen honetan ez da argi ikusten nora joan nahi den, eta nola, eta hori arriskutsua eta etsigarria izan liteke ez bakarrik erabaki eskubidean sinesten duen gizarteko alor zabalarentzat, baizik eta gizarte osoarentzat ere.
Ondo da bizi dugun gatazka politiko eta bortitzetik gizarteak nola atera nahi duten jakitea eta alderdiak helburu horretan akuilatzea. Historikoa litzateke hemen gakoaren iltzea den gaiaz herritarrek zuzenean zer pentsatzen duten jakitea. Ondo legokeen moduan, eztabaida oso sakonak diren beste proiektu handi batzuetan ere berdin egitea, eta abiadura handiko trenaren Y proiektuak badu horretarako tamaina eta izaera.
Gauza askok justifikatuko lukete AHTren proiektuari buruzko kontsulta zuzenak: Euskal Herrian inoiz egin den azpiegitura inbertsio handi eta dirutsuena da, zuzeneko partehartze demokratikoan sakontzen da, bada hori justifikatzen duen gizarte oposizioa maila sendo bat, gatazka sozial bat bideratzeko modu demokratikoa da... Konplexua da zuzeneko kontsultak nola erabili, zergatik, non... baina ikasteko moduko esperientziarik bada Europan eta gainera, ordua da demokrazia eta herritarren parte hartzea lau urteko hauteskunde sistema hutsaren menpekotasunetik ateratzen hasteko.
Donostiako iragan larunbateko manifestazioak, AHTren proiektuaren oposizioak gizarte sektore zabalak biltzen dituela erakutsi zuen. Datu kezkagarririk ere bada, aldiz, ETA bere indar armatua hasi da erabiltzen tren proiektuaren aurka eta horrek, besteak beste, kalte agerikoa egiten dio proiektuaren aurkako indar metaketari.