argia.eus
INPRIMATU
Kea, gasa eta iruzurra
Ixabel Etxeberria 2008ko ekainaren 08a
Ixabel Etxeberria
Ixabel EtxeberriaGaizka Iroz
Maiatza hartan, 1968koan, harrien azpiko harea aipatu zuten gazteek. Granada lakrimogenoen ke eta gasekin erantzun zien garaiko gobernuak. Kez estali nahi izan zuten mugimendua. Berrogei urteren buruan, gazteei aurre egin zieten horiek mugimendu kultural ederra izan zela goraipatzen ari dira, hedatu zen askatasun haizea izugarrizkoa izan zela.

Geroztik egoera kaskartu dela entzuten da. Orduko debateak eta borrokatzeko nahikariak ezabatzen joan dira, Parisko gobernu zentralistaren onerako. Egun ez dago debaterik. Hiri nagusietako auzo txiroetara ehunka polizia igortzen dituzte, atxiloketak egitera, gauez, inseguritatea sortzeko. Interesatzen zaien bake batekin erantzuten dute auzoetan gertatzen diren oldartzeei. Arazoak kez eta gasez estaltzen dituzte, gezurrez jositako mezuez, prentsa nagusiaren laguntzarekin.

Hizkuntz gutxituekin berdin jokatzen dute. 1958tik berrogeita hamalau gehigarri proposamen omen dago. Horrek erakusten digu bederen hizkuntz gutxituez arduratzen diren elkarteak jarraikiak direla eta presioa atxikitzen badakitela. Aldi honetan benetako proposamena dirudi, nahiz eta oraindik bide luzea egin behar izan praktikara iritsi baino lehen. Konstituzioko 1. artikulua aldatuko dute, legez kanpo gelditzeko arriskutan ziren instituzioetako laguntza guztiak Errepublikaren barnean egon daitezen. Haatik, horrek ez du momentuko Gobernua edo Estatua ezertara behartzen. Alegia herri gutxituak, gutxietsiak gelditzen direla, Errepublika batu, handi eta askatuaren gibelean geldituko dira. To, ez dugu Alain Lamassoure-en ahotsik entzun! Ez al zuen erran aldaketa zerbait sortuko zuela berak bultzatutako 2. artikuluaren indarra txikitzeko?

Berriz ere kezko estalkia hizkuntz gutxituek eskatzen duten hizkuntz politikaren eskakizunari erantzuteko. Gobernuak ez du hizkuntz gutxituen aldeko bide berririk jorratuko eta gainera elkarteen indar kementsua ahultzen entseiatuko da. Gizarte itzalia behar du liberalismoak aurrera joateko, uniformizazioaren lortzeko. Bestalde, Europako instituzioek igortzen dizkieten mezuei erantzuteko kezko estalkia asmatu dute. Arerioaren ahultzeko tramankulu guztiak baliatzen abila da Sarkozy. UMPrentzat, Frantziako hizkuntzek ez dute ezagupenik behar erakustokietan gelditzeko. Hizkuntz politika, instituzioak babestu eta bultzatuko luketena, ofizialtasunaren indarrarekin, ez da Parisko proiektuetan. Parisen politika arazoei itxurazko erantzun bat ematea da. Saihesbidea, iruzurra, aurrean duenaren ahultzeko.