«Ez dut Gipuzkoako beharrei aurre egiteko kemenik ikusten»

  • Eibar, 1959. Zuzenbidean lizentziatua. PSE-EEko kidea. Hogeita bost urte eman ditu Eibarko Udalean, hamar urte zinegotzi eta hamabost alkate. Maiatzaren 26an utzi zuen alkate kargua –Miguel de los Toyos da alkate berria–, PSEko Gipuzkoako idazkari nagusi izendatu ostean. PSEko presidente Jesus Egigurenen hurbilekotzat joa da Iñaki Arriola. Gipuzkoako Batzar Nagusietan bildu gara berarekin, biltzarkidea da bertan. Lurralde honetako Foru Aldundia gobernatzea du helburu, hartaz, Eibar eta Gipuzkoa izan ditugu bereziki hizpide eta begipean.
Iñaki Arriolak modu bare eta barretsuan ekin dio elkarrizketari: “Eibar Bizkaira lotua izan da historian, baina finean eibartarrok A-8 autobidea eta demokrazia direla medio bihurtu gara gipuzkoar”.

Egiguzu Eibarko erretratua, arren.


Eibar hiri berezia da, hirigintzaren eta ekonomiaren erabateko birmoldaketan sartua. Berezitasunak berezko dituen giza harremanei zor die. Jendearen joera liberalak eta elkarrekiko dugun errespetuak ematen dio ondasun hau. Eibarren ezberdinen artean bizitzen ohituta gaude, eta gustura gainera. Harro gara gure izaeraz.

Gipuzkoan zer da Eibar?


Ematen ez badu ere, laugarren hiria da. Donostiaz eta Irunez beste, Errenteriak du Eibarrek baino bizilagun gehiago. Halere, Eibarrek duen aktibitate mailak 27.000 bizilagunen hiriko logika gainditzen du. Kirolaren elitean ari diren klubak ditugu eta mugimendu soziala itzela da. Hiriburutik urrun samar bizi izanda, autodidaktak izaten ikasi dugu. Eibarrek berezko giro kulturala eta ekonomikoa dauzka.

PSEk hamaika zinegotzi ditu Udalean. Oposizioak berriz hamar. Gehiengo osoz gobernatu zenuen aurreko legealdian eta honetan ere bai.


PSE hazten joan da Eibarren: ni alkate izan nintzen lehen aldian zazpi zinegotzi ginen, gero bederatzi eta hamaika. Berriz ere eutsi diogu kopuruari. Lehen legealdietan gutxiengoan gobernatu genuen, batzuekin nahiz bestekin egindako itunen bidez. Joan den legealdian bakarka gobernatu genuen gehiengoa genuelako, baina ez gure nahikeria izan zelako. Hau da, beste alderdiek diote, “gehiengoa duzunez, gobernatu zuk bakarrik”, baita “gu oposiziotik zu ahultzen saiatuko gara” pentsatu ere. Ez da modu egokia. Legealdi honetan EAJ eta EArekin gobernu akordioa sinatu dugu. Ez dago oposiziorik modu itxian ulertuta. Eta PPrekin kudeaketarako akordioak ere lortu ditugu.


EB-Aralar ezkerreko taldea da oposizioa, beraz.


Bai. Eta ez, ez ginelako berauekin ere akordioa lortzen saiatu. Saiatu ginen baina ez zen gauzatu. Udal programa ez zen oztopo izan, harago doazen beste ardura politikoak baizik.

Alkatetza laga duzu berriki. Zein unean dago Eibar?


Eibar 1950eko urteetan garatutako hiria izan da orain gutxi arte. Hiri nahasia eta nabarra bilakatua, etxebizitza zaharren eta industriaren hondakinak berritzeko prozesuan aritu gara buru-belarri. Orografiari dagokionez hiri zaila da, mendi mazeletan industriari leku egindako haran estua, espazio urrikoa. Hiriaren ordenamenduan eman ditugu azken urteak, hirirako sarbideak hobetzen, erakargarriago izaten bisitariarentzat. Eibar hiri aitzindaria da hirigintzako aurrerapen mekaniko kontuetan.


Zein egoeratan dago etxebizitzaren gaia?


Eibar karioa da etxebizitzari dagokionez. Eibar duela 40 urte 38.000 biztanle izatera iritsi zen eta 27.800 ditu gaur egun. Biztanle kopurua jaitsi da, baina egungo bizimodua eta ordukoa ez dago alderatzerik. Etxebizitza karioa da eta Udalak BPOren (Babes Ofizialeko Etxebizitza) aldeko politika bultzatu du tinko. Etxebizitza, beste herri askotan bezala, areago lantzeko gaia da Eibarren. Hiriaren plangintzak funtsezkoa dira etxebizitzaren arazoa konpontzeko. Jaurlaritzaren etxebizitzako plan orokorrean definituta dago. 600 etxebizitza publiko proiektuan daude, berebiziko ekimena, noski.


Gipuzkoan, etxebizitzari eta azpiegiturei dagokienean, geldialdia ote dagoen susmoa dago. Zein da zure iritzia?


Etxebizitza pribatuaren kasuan geldialdia dago. Etxebizitzak ari dira eraikitzen baina salmenta jaitsi da, beraz kezka dago. Krisi orokorra iritsi zenean etxebizitzak oso garestiak ziren, krisia halere etxebizitzaren eskaerari lotuta dago batez ere. Jendeak salneurria jaitsiko den itxaropena dauka. Impasse egoeran gaude. Besterik da eskaintza publikoa, babes ofizialeko etxebizitzen eraikuntzak aurrera segitzen du, azpiegiturak ez dira geratuko, aitzitik, azpiegitura publikoen garapenak lagundu behar du sektoreko krisiak eragin dezakeen enplegu galerari aurre egiten.


Gipuzkoako ahaldun nagusia izateko bidea hartu duzu. Nola ikusten duzu Gipuzkoa eta bere gobernua?


Oso geldituta. Ez dut Gipuzkoako beharrei aurre egiteko kemenik ikusten, ez etorkizunari begira baikor izateko iniziatibarik ere. Gobernua ahula da, Batzar Nagusietan gehiengorik ez dauka, egonkortasuna falta zaio. Gobernuak nahiago izan du gutxiengoan gobernatzea. Nik, kargua lortuko banu, egonkortasuna bilatuko nuke gobernu programen bidez, betebeharrei ekinez. Niretzat ez du hainbeste axola norekin ekin, zertan ekin baizik. EAJk gutxiengoan gobernatzea hautatu du, ezin izan du hirukoaren formula hona ekarri EBrekin arazo programatikoak dituelako. Eta gurekin, egia esan, maite gaituzte eta ez gaituzte maite.


Hala ere, AHTn, Pasaiako portuan edo errauskailuaren aferan bat egiten duzue.


Gipuzkoako etorkizunari begira estrategia antzekoak planteatzen ditugu, ñabardurak ñabardura, helburuetan ados gaude. Batzuetan gu ados gaude EAJrekin eta bestetan EAJ gurekin. Unean uneko gaiaren ardura nork duen arabera.


Ahaldun Nagusia bazina, zer Gipuzkoa nahiko zenuke, EAJren aldean?


Sozialisten begietara Gipuzkoa bertako udalerrien batasuna da. Agian helburuetan ez dugu horrenbesteko desadostasunik EAJrekin, kudeatzeko moduan bai ordea, proiektuak praktikara eramatean. Lurraldeko proiektu estrategikoetan baino udaletan ditugu aldeak, herriek osatzen dute Gipuzkoa eta horiek ez daude arretaz zainduak. Donostia, Irun, Errenteria, Eibar, Lasarte-Oria, Andoain edota Zumarragan gobernatzen dugu eta herrion beharra ondo ezagutzen dugu.


PSEko idazkari nagusia zara Gipuzkoan, eta Joseba Egibar GBBko presidentea. Egibarren EAJk kezkatzen al zaitu?


Kezkatu... Ez da hitza. Gipuzkoako EAJ elkarrizketarako prestuagoa izatea gustatuko litzaidake. Elkarbizitzan hurbilago izatea gustatuko litzaidake, gehiago elkar ulertzea eta instituzioak gizartearen isla izaten gehiago saiatzea. Gipuzkoako EAJk eta PSEk ez dugu bat egiten zentzu horretan.


Ezagutzen duzue elkar Egibar eta zuk?


Ez. Ibarretxe lehendakaria aldiz ezagutzen dut. Juanjorekin harremana izan nuen Ogasuneko presidentea zenean.


Juan Jose Ibarretxe ezagutu duzu. Ibarretxe politikariaz zer iritzi duzu?


Eusko Legebiltzarrean ezagutu nuen Ibarretxe, oso ona zen ogasun eta gai fiskaletan, pertsona xaloa eta apala, zorrotza eta atsegina, usadioen maitale. Orain aldare batera igo zaigu, tematsu, amets batean sartuta dirudi, eskaera dibinoren bat egin balitzaio bezala. Hilkorren lurraldea zapaltzera jaitsi beharko du behingoz.


Gipuzkoan eta PSEn Jesus Egiguren da politikari ezagutua. Nola ikusi duzu frakasatutako bake prozesuaren ostean.


Jesus alderdiak duen onenetakoa da, baita Euskadik ere. Oso-osoa da, politikarako gaitasun bikainak dituen politikaria, bakearekin konprometitua. Bakerako ahalegina ez zen gauzatu eta guztiok dezepzionatu ginen. Berak hartu zuen min gehiena. Bere apustua izugarria izan zen.

Segitzeko indarrez ikusten al duzu?


Hori berari galdetu beharko litzaioke. Bakea lortu ez izana kolpea handia izan zen, baita Zapaterorentzat ere. Presidente guztiak saiatu dira ETArekin eta biolentziarekin amaitzen, denak, baina Zapatero bezala inor ez. Kongresuko ebazpena egin zuen, atzean PP eraso etengabean zuela. Zapaterok gizartearen aurrean hartutako konpromisoak inork ez ditu hartu orain arte eta hori ez da nahiko baloratu. Gertatuaren ostean berriro ere ekitea? Oso zaila da horri erantzutea.

Patxi Lopezek Elkarrizketa eta elkarbizitza proposamena aurkeztu du. Betikoa beste behin ere, antza.


Baliteke. Zein soluziobide du herri honek, ordea? Alde bakoitzak dituen helburuen menpe bizi gara. Helburua bata bestearen gainean jartzea bada, estrategiak batzetik urrun arituko gara. Gure helburua elkarbizitza da. Elkarbizitza helburu bada elkarrizketa landu behar da, gehiengo nabarmena bildu behar da elkarbizitza marko baten barruan. Elkarbizitza berma dezakeen marko politikoa proposatu beharrean, markoa hankaz gora jartzen duena proposatzea ardura gabeko izugarrikeria da. Beraz, betikoa eta gauza bera berriz ere, noski. Balora dezagun daukaguna baina. Edo ez dugu ezer? Dugun autogobernu maila ez dago inon. Nahiko lukete katalanek guk duguna. Euskadin biltzen den diruaren %90a bertan geratzen da: Jaurlaritzan, diputazioetan eta udaletan banatuta. Gainerako %10 Estatura doa, kupoa ordaintzeko. Eta ez da opari. Estatuaren eskuduntzak dira eta AHTn, portuetan edota ingurumenean gastatzen dira.

Patxi Lopezen proposamena uneari eutsi eta hauteskundeetara iristeko bitarteko gisa baloratu du Iñigo Urkulluk. Zer iruditzen zaizu?


Bada... guk ez dugu presarik. Hauteskundeak lehendakariak erabakitzen duenean izango dira. Guk eutsi oposizioan izanda? Gobernuan dagoenak eutsi behar dio. Areago hirukoan dituzten gorabeherak eta alderdi barruko liskarrak izanda.


Hil honen 27an Legebiltzarrean osoko bilera izango da herri kontsulta bideratzeko. Nola ikusten duzu egoera?


Gobernua EHAK-k erabakitzen duenaren zain dago, antza. Berriz ere Ibarretxe boto prestatuekin joango da Madrilera, herria erdiz erdi zatituta. Aluzinagarria da bere jarrera. Zertarako horrenbeste energia xahutze? Berak ondo daki Legebiltzarrean erabakiko dena ez dela inora iritsiko. Ibarretxek hobe luke esfortzu horiek guztiak elkarbizitzarako ahaleginetan baliatzea.


Euskal alderdien arteko edozein akordio lortzetik urrun gaudela, alegia.


Alderdien arteko akordioak borondatea eta sen ona eskatzen ditu. Madrilera bendizioaren bila joan gabe, saiatu gaitezen hemen elkarbizitzarako akordioa lortzen. Baina, batzuk ez dakit Marten edo Jupiterren bizi diren, Lurra behintzat gutxitan zapaltzen dute.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nazioartea
Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


2024-04-21 | Nicolas Goñi
Oihanen kolapsoa saihestu dezakeen bioaniztasun globala nola zaindu?

Ekosistema askok itzulera gabeko puntuak dituzte, hau da, estresa maila berezi bat pairatuz gero –izan klima aldaketa, kutsadura edo kalte fisiko zuzenarengatik– desagertzen ahal dira, eta ekosistemak haien artean konektatuak izanez gero hurrenez hurren elkar... [+]


Heriotzaren merkatarien harrokeria

Moncloa jauregia, martxoak 18: industria militarreko elitea Espainiako presidente Pedro Sánchez eta Defentsa ministro Margarita Roblesekin bilduta. Azken lerroan, euskal ordezkaritza: Juan Ignacio López Gandasegui (Aernnova); Jokin Aperribay (SAPA); Carlos Azola... [+]


Otziren tatuaje modernoak

1991n Alpeetan Ötziren gorpua aurkitu zutenetik, egoera oso onean kontserbatutako 5.000 urteko arrastoak ikerketa asko egiteko erabili dituzte. Hasieratik arreta eman zuten azalean zeuzkan 61 tatuajeek. Adituek uste zuten tatuaje horiek azalean ebaki txikiak eginda eta,... [+]


Palestinaren aldeko unibertsitate-sarea

EHUk Tel Aviv-eko unibertsitatearekin etorkizuneko lankidetzarako bideak ahalbidetzen dituen zibersegurtasuneko katedra bat sortu izanaren harira, bertako langileok interpelatuak izan gara hainbat lekutatik, eta esan beharra dut neurri handi batean lotsatuta sentitu naizela,... [+]


Eguneraketa berriak daude