Adar jotzaileen tontorra

  • Pagasarri anaiaren baimenarekin, Bilbo inguruko mendietan ospetsuena dugu Ganekogorta. Itsasoaren mailatik mila metrora ordu pare batean igotzeko aukera eskaintzen duten gailur bakarretakoa da. Ez da bereziki gogorra, baina beraren gainera ailegatu nahi duenak izerdi tanta bat baino gehiago bota beharko du. “Paga” igo ondoren, “Ganeko” egongo da zain.
Ganekogorta mendia
Ganekogorta mendiaUnai Cuevas
Nahiz eta Ganekogortara igotzeko hainbat bide dagoen, oraingoan Bilboko Larraskitu auzotik abiatuko gara. San Adrian atzean utzi, autobide gainetik igarotzen den zubia zeharkatu eta berehala ailegatuko gara Larraskitura. Bestela, Errekaldeko plazatik gora El Fangoko kiroldegirako bideak leku berera eramango gaitu. Abiapunturaino indarrez fresko iritsi nahi izanez gero, 76. zenbakia (Moyua-Rekalde) duen Bilbobusa har daiteke, geralekua parean baitu. Pixka bat gorago utziko gaituena ere bada, A-8 autobusa (Ametzola-San Justo), alegia.

Hortik gora, Benta Barritik pasa ostean, Igertuko mendi lepora eramaten duen bidea jarraitu behar da. Han, askaltzeko gune baten ondoan, errepidea bukatzen da.

Pagasarrira doan ibilbide berari jarraituz, berehala autoei igoera galarazten dien atea aurkituko dugu. Metro gutxira, Zapaburu iturriaren paretik pasatu baino lehen, Erroke Deuna ermitara daraman bidegurutzea ikusten da ezkerrean. Baita baseliza bera ere, apur bat harago, gaintxo batean.

Aurrerago aurkituko dugun bihurgunearen ezkerreko aldean, “Pagasarrira Artabetik” eta “Pagasarrirako bide zaharra” dioten errotuluak ikusiko ditugu. Guk eskumara jo eta hogei minuturen ostean, Gangoitiko gune txikira helduko gara. Bertan, ezkerreko bidea hartuz gero, aldapa eta gune lauak tartekatu ostean eta pinudi baten ondotik igarota, Arnotegi eta Pastorekorta ikusiko ditugu aurrez aurre. Handik gutxira Pagasarriko aterpea dagoen muinora iritsiko gara.

Pista bera utzi gabe zuzen jarraituko dugu. Eskuman Tarineko iturrira doan bidearekin egingo dugu topo, baina ez diogu kasurik egingo. Bost minuturen buruan, Azordiagako harana eta Ganekogortako mendigunea parean agertzen zaizkigun heinean, beti ere zuzen jarraituz, lau seinale dauden eremura ailegatuko gara. Puntu horretan aurkituko ditugun errotuluen arabera, hiru kilometro geratzen dira gailurrera iristeko.

Muñaganera heltzean,bideak pendiz handia hartuko du. Handik metro gutxira, Txosnagane edo Larrentxuko (876 m.) maldetatik ekingo diogu igoerari berriro ere. Mendi hori Ganekogortarekin batzen duen igarolekuraino ordu erdi bat gehiago izango dugu. Handik denbora tarte berdinera gutxi gora behera, Txosnagane eta Pagasarriri sorbalda emanik, Ganekogortako gailurrera iritsiko gara. Mugarri zuri handi bat ikusiko dugu, eta harekin batera, mapa zilindrikoa, inguruan ikusten denari buruzko informazioa ematen duena. Mapak gailur ospetsu honen historiako pasarteak biltzen ditu, “ganekogortarrei” aipamen berezia eginez. XIX. mendearen amaieran, Bilboko inguruneetan mendizaletasuna sustatu zuten gazte talde bat izan ziren ganekogortarrak.

Erdi Aroko adar jotzeak

Ganekogortak, Gorbeia, Oiz, Sollube eta Kolitzarekin batera, deiadar-mendien boskotea osatzen zuen Erdi Aroan. Gailur horietatik, Bizkaiko jaurerriko batzarkideei dei egiten zitzaien, sua eginez eta adarra joz. Garai haietako komunikazio bitxi hura ezagutarazteko asmoz, 2004. urteaz geroztik Deiadar Mendien Eguna ospatzen da. Hala, urtean behin, milaka mendigoizale eta ohitura zaharren maitale bost mendi horietara igotzen dira, adarra jotzera.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude