argia.eus
INPRIMATU
Galerak nazionalizatzea
Juan Mari Arregi 2008ko ekainaren 08a
AEBen zabor-hipoteken krisia gertatu zenetik, iazko abuztutik, behin eta berriro egin dira finantza sisteman likidazio injekzioak. Sistema horrek 600.000 milioi dolarreko galera sorrarazi izan dezake, orain arte 200.000 milioi dolarrekoa baino ez badute onartu ere. Zertan datza erreserba federala eta lau banku zentral (europarra barne) elkarlanean egiten ari diren operazio hori? Finantza sistemari 135.000 milioi euroko likidazioa egiten zaio inork nahi ez dituen aktibo hipotekarioen (zabor hipoteken) truke. Ondorioz, banku zentralek abal emaile modura jokatzen dute. Likidazioa injektatzeko erabakia munduko moneta agintari handienek hartu dute, kapitalismo gordinaren kudeatzaileak diren agintariek. Nazioarteko Moneta Funtseko (NMF) John Lipsky-k gobernuek aukera guztiak aztertu behar dituztela adierazi du, “baita finantza sistema babesteko diru publikoa erabiltzea ere”.

Ikus dezakezue kapitalismo bortitzenaren adierazle nagusiek zer nolako ideia duten “interbentzionismoa” delakoaz. Nazionalizazioaren aurkari sutsuak, hain liberalak eta merkatu librearen defendatzaile diren horiek, noiz entzun dituzue irabazien gaineko esku hartzeaz hizketan? Inoiz ere ez. Galeren nazionalizazioa nahi dute, hau da, finantzariak eta euren erakundeak kudeatzen jakin ez duten bankarien arazoak diru publikoarekin gainditzea. Kapitalismoak, hain bortitza izanik, nazionalizazioa bere ezaugarritzat erabiltzen du. Baina, argi dago, beraien zorrak nazionalizatzeko interesa baino ez dute. Ez irabaziak. Non daude astakeria horiek onartzen dituzten antikapitalistak, erakundeak, alderdiak eta sindikatuak?