Aitor SarriegiMaddi Soroa
I
Alde bat utziz programazio
ta telebistaren maila
aipatu nahi dut azkenaldian
ugaritu zaigun saila.
Batzuk azala deitzen diote,
beste batzuek matraila...
Tertuliano orojakilez
bete digute pantaila.
Zenbaitentzako ogia lortzen
gaur egun ez dago zaila!
II
Antenan diren segundoetan
banatzen da boterea:
mingaina zorrotz izan behar da,
hitz jarioa trebea
bost xentimoko arrazoiekin
engainatzeko jendea.
Konklusioa ezaguna da
(nahiz zita ez den nerea):
nork altuago hark arrazoia...
arraindegiko legea!
III
Politikari erretiratu
ta bazterreratuena
dugu agian espezieko
piztirik ugariena.
Epaile edo auto-saltzaile...
hemen onartzen da dena.
Zer da gauetik goizera kolpez
aditu bihurtzen dena?
Izenpean zer jarri pentsatzen
dute lanik handiena.
IV
Eta autoan, irratiaren
menpean jartzen bagara
a ze sorpresa! Telebistako
jende beraren turrada.
Beraz antena bat utzi eta
berriro uhinetara.
Kontu berberak han botatzeko
gogoa ere behar da ba!
Non eta zertan ez du axola...
kontua irtetea da.
V
Arrazoi puskak banatzen dira
hitz populisten neurrira
inora heltzen ez den ezbaian
segi tira eta bira...
Ta aurkezleak, sarritan sartuz
eztabaidaren erdira
interes tantak isurtzen utziz
(nahiz ez etorri harira)...
Kazetaritzan ari direla
sinestera heltzen dira.
VI
Berez berria ere ez dena
bihurtzen da eskandalo
elkartuz gero hitzetan haina
lastodun lau txorimalo.
Batzutan norbait izanagatik
itsu-herriko tartalo
hoiei ordaintzen ari badira
Kalaka eta Pásalo
berriro ere egingo dute
gure kontura jan da lo!
Doinua: “Itsasoari begira”.