argia.eus
INPRIMATU
Talaian
Sindikatuaren gorengoan emakumea
Juan Mari Arregi 2013ko maiatzaren 02a
LABen VII. Biltzarrean Ainhoa Etxaide izendatu dute sindikatuko idazkari nagusi. Lehen aldiz emakumea izango da sindikatu bateko buru, bai Euskal Herrian baita Espainiar zein Frantziar Estatuetan ere. Asko ez izan arren, munduan badira beste erakunde batzuen buru diren emakumeak, baita estatuburu direnak ere. Emakumea sindikatuaren gorengo mailan egotea albiste ona da matxismoak bizirik segitzen duen eta berdintasuna lortzear dagoen euskal gizartean. Ez luke albiste izan behar, baina bada. Eta hala da, aukera berdintasuna, emakume eta gizonen eskubide eta betebehar berdintasuna, oraindik ez delako ematen. Emakumearen kalterako, noski.

Itxura denez, balio ezberdina hartzen du erakunde, sozietate, enpresa edo gobernuen goi postuetan emakumeak egoteak. Badirudi emakumeek euren balioa behin eta berriro erakutsi behar dutela, gizonezkoek ez bezala. Hau da, gizarteak ekintza edo jarrerak epaitzean gehiago eskatzen diola emakumezkoari gizonezkoari baino. Eta iraingarria da. Gauza bera gerta liteke Etxaideren aukeraketarekin. Agian, norbaitek, Rafa Diez eta Ainhoa Etxaidek burututako lana epaitzeko garaian neurgailu ezberdinak erabiltzeko tentazioa izan lezake. Horregatik, egokia litzateke sindikatu abertzalearen barruan zein gainerako erakundeetan emakumearen postua normaltasunez ikustea; eta bere jarrera eta jarduera ez epaitu eta baloratzea emakume izatearren, ekintza sindikala garatzearren baizik.