Hamar mila langile hil daitezke amiantoagatik

  • Euskal Herrian 25.000 langilek baino gehiagok arnastu dute amiantoa lanpostuan, azken 30 urteetan. Aurreikuspena da hirutik bat behar baino lehenago hilko dela; 10.000 lagun inguru, guztira. Gaixoak eta senideak Espainiar Gobernuari konpentsazio edo kalte-ordain ekonomikoetarako funtsa sortzeko eskatzen ari dira.
Amiantoarekin lanean
Amiantoarekin lanean
Medikuntza aurreikuspenik baikorrenek erakusten dute amiantoarekin lan egin duten Europako 500.000 langile hilko direla hurrengo hogei urteetan, azkenean lortu baitute erakustea mineral horrek hil egiten duela. Europako kopuru orokor horretatik, 10.000 euskal langile inguru hilko omen dira hurrengo urteetan. Beste 100.000 frantziarrak dira, eta beste 60.000, espainiarrak. 1989 eta 1998 bitartean, guztira, 1.647 pertsona hil ziren Espainiar Estatuan mesoteliomagatik –pleurako minbizia–, amiantoarekin ibilita hartzen den gaixotasunagatik. Euskal Herrian, amiantoagatik azken hildakoaren berria iazkoa da. Javier de Castro izan zen, Euskadiko CCOO sindikatuaren buruzagia, bizitzan zehar AHVn amiantoarekin ibilitakoa. Iaz, urte amaieran, ESK-k ezagutarazitako epaiak onartu zuen Eugenio Jiménez de la Rubia lan bizitzan amiantoarekin ibiltzeagatik hartutako minbiziaren ondorioz hil zela.

Ikusten denez, kopuru horiek orain arte nahiko ezkutatuta egon den arazoaren larritasuna erakusten dute. Azken aldian arazoa agerian da CCOO sindikatuak egin duen lan irmoarengatik. Zorionez, gainera, euskal sindikatuek jarraitu egin diete ardura eta zeregin horretan. Aldizkari honek lan istripuen gorabeherak hurbiletik jarraitzen ditu, eta orain dela bi urte egin zuen arazo horren gaineko artikulua.

Amianto hiltzaile horren biktimek, hau da, gaixoek eta senideek, berriro ekin diote lan gaixotasuna dela aitor diezaieten eta Gobernuak konpentsazio eta kalte-ordain ekonomikoen funtsa sor dezan. Gaixoetako askok, argi dago, ez dakite norengana jo; beren lantegiak desagertu ziren; Mutualitateek ez dute gaixotasun hori lan gaixotasun gisa aitortzen eta epaitegien bidea, garestiaz gainera, ia-ia ezinezkoa da. Besterik ezean, Gizarte Segurantza gutxika-gutxika aitortuz doa gaixotasun hori lan gaixotasuntzat –EAEn, berrogeita hamar kasu inguru aitortu ditu dagoeneko–.

Ondorio larrienak etortzeko daude

Beste ezer baino lehen esan behar da amiantoa edo asbestoa zer den, zein industria sektoretan erabiltzen den eta zer ondorio dituen. Amiantoa minerala da; itsasontziak eta trenen eta autoen materialak egin eta konpontzeko, siderurgian zuntz zementua egiteko eta ubideak eta gasbideak mantentzeko erabiltzen da. Amiantoa tenperatura oso altuak edo frikzio handia jasan behar zuten piezak egin edo biltzeko baliatzen zen. Mineral horren zuntzekin luzaro harremana izanez gero, atzeraezineko ondorioak uzten ditu arnas sisteman, eta besteak beste, honako ondorio hauek ditu: biriketako minbizia, mesotelioma –pleurako minbizia–, asbestosia eta pleurako plakak.

EAEn bakarrik, 25.000 langile inguruk arnastu dute amiantoa azken hogeita hamar urteetan. Material hori 200 lantegi baino gehiagotan erabili izan da Euskal Herrian (174 EAEn); 1.760 lantegitan, Espainiar Estatuan, eta askoz gehiagotan Frantziar Estatuan. Amiantoarekin lan egin duten langileen kalte fisikoak mineral hiltzailearekin harremana izan eta urte askotara igartzen direnez, orain agertzen hasi den egoera hurrengo urteetan eta hamarkadetan guztiz larrituko da, oraingoz arazoaren ertz bat baino ez baita. Azken aldian, askoz gaixo gehiago agertzen ari dira.

Mutualitateek eta lantegiek ezjakinarena egiten dute

Gaixoek eta haien senideek, baita haien alde egin nahi duten sindikatuek ere, arazo larria dute. “Mutualitateek ez dute aitortu nahi kasu horiek lan gaixotasunak direla, eta dagozkien lantegiek ez dituzte kalte-ordainak eta prestazioen errekarguak ordaindu nahi”, salatu zuen Jesus Uzkudunek, CCOO sindikatuko Lan Osasunaren arduradunak.

Adibidez, joan den urtarrilean, sindikatu horrek salatu zuen Fremap Mutualitateak errekurritu egin zuela Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren (INSS) erabaki bat. Institutu horrek emakume langile bati ezintasun absolutua onartu zion lan gaixotasunagatik, pleurako minbiziarekin hil eta bi hilabete geroago, jatorria, zalantzarik gabe, amiantoarekin ibili izana zelako. Langile horrek, 1966 eta 1972 bitartean, Zamudioko lantegi kimiko batean jardun zuen lanean, eta han amiantoa erabiltzen zuten prentsetako beroaren isolatzaile. Mutualitateak familiari baldintza jarri zion erakustea duela 35 urte amiantoarekin zebilela, urte haietan amiantoa zerabilten lantegi askok inoiz ez baitzuten halakorik adierazi ezta izenik eman ere Amiantoaren Arriskudun Enpresen Erregistroan.
ASVIAME, amiantoak eragindako gaixoen elkartea
Atal honen buruan datorren izenak, ASVIAMEk, Euskadiko Amiantoaren Biktimen Elkartea esan nahi du. Elkarte horretan bildu dira amianto mineral hiltzailea zerabilten lantegi eta eremuetan bere garaian egin zuten lanarengatik senideren bat galdu duten euskal familiak edo gaixotu –biriketako minbizia, pleurakoa, asbestosia edo pleurako plakak dituztenak– eta oraindik bizirik daudenak. Oraintsu egin duten prentsaurrekoan adierazi duten moduan, elkartea indartu egin da memoria hartzeko, familia askori eragiten dion arazoa gizarteratzeko eta Espainiar Gobernuari kalte-ordain ekonomiko eta konpentsazioak eskatzeko. “Inork ez zigun jakinarazi nolako arriskua genuen”, diote.

Askotan ez dago jakiterik nor salatu behar den, beren lantegiak dagoeneko ez daudelako; eta beste batzuek ez dute noren kontra egin, lan ezegonkortasunak toki batetik bestera ibilarazi zituelako. Horregatik, ASVIAMEk kanpaina hasi du biktimak biltzeko eta Gobernuari konpentsazio funtsa eskatzeko Mutualitateek sortzen dituzten soberakinekin. Ez dutela ezer arrarorik eskatzen diote, beste herrialde batzuetan milaka lagunek duten eskubide bera baino ez. Erresuma Batuan, Italian, Danimarkan edo Suedian, legeak biktimak babesten ditu. Frantziar Estatuak 37.000 milioi euro jarriko ditu hurrengo urteetan. Osasun zaintza ere eskatzen dute, eta laguntza sozial eta psikologikoa.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Amiantoa
Tubos Reunidos enpresako sindikatuek salatu dute amiantoa agertu dela labe batean eta zenbait egunez lana ez zela gelditu

Enpresa batzordeak salatu du otsailaren 26tik martxoaren 3ra bitartean amiantoa agertu zela labe kalibratzailean egindako obretan eta egun horietan lanak ez zirela eten. Enpresak azaldu du ohartu bezain pronto hartu zituela neurriak.


2024-01-14 | Reyes Ilintxeta
Jose Mari Esparza. Ideia trafikatzailea
"Borrokaren beharra transmititu nahi dut, zerbait berria sortuko da, beti sortu da"

Jose Mari Esparza idazle, editore eta ekintzaile menderaezinak bere lanerako txokoan hartu gaitu, Altaffaylla Kultur Elkartea eta Txalaparta argitaletxearen sorlekuan, liburuz inguraturik. Gaztetan 20 urtez aritu zen Luzuriagaren Tafallako fabrikan lanean eta orain berriki... [+]


"CAFeko zuzendaritzak produkzioa jarri zuen langilearen osasunaren gainetik"

Beasaingo tren lantokiko hiru nabe amiantoz kutsatuta zeudela jakin eta berrogei egunetara agerraldia egin dute Eusko Legebiltzarrean langileen eta erakundeen ordezkariek. Enpresa Batzordeko kideek salatu dute zuzendaritzak informazio "erabat eskasa" eman diela. Eusko... [+]


CAF lantegiko hiru nabetan lana eten egin dute amianto kutsaduragatik

Laugarren dibisioko zortzigarren nabean egin diren desmuntaia lanen ondoren gertatu da amianto kutsatzea eta legez onartuta dagoena baino altuagoa izan da neurketaren emaitza. Langileei hartutako sei laginetatik lauk positibo eman dute.


Zer da hauts zuri hori? Badator amiantoaren laugarren olatua…

Europar Batasuneko erakundeek adostuta, amiantoaren inguruko zuzentaraua aldatu eta minbizia sortzen duen mineralarekiko gehienezko esposizio-maila murriztu dute ekainean. Horretarako, funtsezkoa izan da Nantesen Tripode izeneko eraikinean frantziar administrazioko langileek... [+]


Eguneraketa berriak daude