Zoriontasuna
Zoriontsuenek 26 eta 35 urte artean dituzte, ezkonduta daude edo bikote egonkorra dute, ume bat edo bi dituzte, ez dute diru arazorik hilabete bukaeran eta Aragoin, Katalunian, Nafarroan edo Extremaduran bizi dira. Hala dio behintzat Coca-Cola enpresak aginduta Espainiako Estatuan egin berri den zoriontasunaren erretratu edo argazkiak.
Freskagarri enpresa horretako Espainiako presidente Marcos de Quintok eta Eduardo Punset idazle ezagunak aurkeztu zuten Zoriontasunaren txostena. Bertan, 3.000 pertsonen erantzunak direla medio, zoriontsu izateko ala ez izateko arrazoiak zeintzuk diren aztertzen da, baita faktore sozial, familiar nahiz ekonomikoek zein neurritan eragiten duten ere.
Ikerketaren datuek diotenez, gizonezkoa edo emakumea izateak ez du zoriona baldintzatzen, baina “oso zoriontsuak” direla diotenen artean gehiago dira emakumezkoak (%59) gizonezkoak baino (%41). Eta garai bateko abestiak “osasuna/dirua/maitasuna” ordena ezartzen zuen arren, txostenak beste ordena honetan jartzen ditu zoriontasunaren osagai nagusiak: osasuna (%39), maitasuna (%32) eta dirua (%17). Hori ikuspegi orokorra izango da, baina adinak eta sexuak zertxobait aldatzen dituzte lehentasun horiek. Horrela, ekonomiak gehiago kezkatzen gaitu zenbat eta gazteagoak izan; eta osasunak, urteak aurrera doazen heinean. Emakumeek garrantzi handiagoa ematen diote maitasunari eta gizonezkoek diruari, baina denentzat osasuna da zoriontsu izateko baldintza nagusia.
Bikotekidea edukitzea ere faktore garrantzitsua da zoriontsu izateko: dutenen artean, inkestan, hamarretik zortzik oso zoriontsuak direla diote, eta hamarretik zazpik seme-alabak izan nahi lituzkete. Zoriontasun mailarik handiena hiru-lau kide dituzten familietan ematen da, baina beste muturrean oso zoriontsuak direnen %5a bakarrik bizi da. Autonomia erkidegoka, Aragoi, Katalunia, Nafarroa eta Extremadurako biztanleak agertzen dira zoriontsuen; Asturias, Madril eta Murtziako hiritarrek, berriz, gainerakoek baino erantzun negatiboagoak eman dituzte.