Ikasle euskaldun eleanitzak jomuga

  • Kontseiluak maiatza hasieran ikasle euskaldun eleanitzak sortzeko proposamena plazaratu du eta hainbat hezkuntza eragilek egin du bat txostenarekin. Mahai-inguruan bildu ziren eragileok txosteneko edukiaz hausnartzeko. Han esandakoak jaso ditugu hemen.
Mahai-ingurua
Mahai-inguruaIñigo Azkona
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Hizkuntzak irakatsi eta ikasteko markoa EAEn izeneko proposamena aurkeztu du. Kontseiluari eskatu diote proposamenari ekarpena egiteko eta Kontseiluak Ikasle euskaldun eleanitzak sortzen. Urrats bat aurrera izeneko txostena aurkeztu du. Ekarpen horretan, egungo irakaskuntzako ereduen sistema gainditu eta helburu berriak aztertu dituzte. Horrela, A, B eta D ereduen gainetik, Derrigorrezko Lehen Hezkuntza amaitzerako eleanitzak izango diren ikasleak lortzea da helburua.

Maiatzaren zortzian egin zuten txostenaren aurkezpena Deustuko Unibertsitatean (Bilbo, Bizkaia). Bertan izan ziren txostena babestu duten hezkuntza erakundeak: Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkartea (EHIGE), Hik Hasi, Sortzen-Ikasbatuaz, Kristau Eskolak eta Euskal Herriko Ikastolen Elkartea. Ekarpenari euren atxikimendua emateko arrazoiak aztertu zituzten mahai-inguruan EHIGEko Ana Eizagirrek, Sortzen-Ikasbatuazeko Julen Etxeberriak, Kristau Eskoletako Mikel Ormazabalek eta Ikastolen Elkarteko Koldo Tellituk.

Txostenarekin bat egiteko arrazoi bat baino gehiago aipatu zuten parte hartzaileek, baina hitz bat azpimarratu zuten batez ere: ebaluazioa. “Ea orain ikastetxeak ebaluaketa plangintza huts bihurtuko garen”, esan zuen Ana Eizagirrek. Bai berak eta bai besteek esan zutenez, ikastetxeek autonomia gehiago behar dute, ebaluazio sistema etengabeak ito egiten dituelako askotan.

Ikastetxeen autonomia beharra

Kontseiluaren ekarpenarekin bat datoz eskola kristauak. “Helburuak zeintzuk diren zehaztu eta haiek lortzeko medioak jarri behar ditugu”. Azaldu zuenez, orain arteko ereduek zenbait sentsibilitate sortu dituzte hizkuntzen gaian eta pauso bat gehiago emateko ordua da honezkero. Orain arteko helburua elebitasuna izan da, baina orain “ikasle eleanitzak lortu nahi ditugu”, esan zuen. “Ikastetxeei autonomia eman behar zaie proiektu linguistikoan. Diagnosia egin behar da eta inguru soziolinguistikoa aztertu. Diagnosi hori ondo egin eta proiektua ondo garatu ezik, pikutara joan daiteke”. Lurralde guztietan ez gaudela egoera berean esan zuen Ormazabalek. “Helburuak malgutasunez lortu behar ditugu, inposatu gabe. Ea nola, era orekatuan, lortzen dugun gizarteko eragile guztien inplikazioa euskararekiko harremanetan”.

Ikastolen Elkarteak ez du hezkuntza sisteman egun dagoen elebitasuna bultzatzen euskara delako kaltetua. Hala esan zuen Tellituk. Kontseiluak egindako ekarpenari egokia deritzo helburu berriak lortzeko. “Derrigorrezko Lehen Hezkuntza amaitzen dutenean, gazteek ez dituzte beharrezko hizkuntza helburuak betetzen. Hori koherentziaz eta batera lortu behar dugu ikastetxe guztiok”, azaldu zuen Tellituk. Dena den, onartu zuen badela hizkuntza normalizaziorako planik ez duen ikastetxe asko oraindik.

Tellituren arabera, “neurriak eta ardurak banatu behar dira, baina lege berria behar dugu. Egungo bitartekoekin ez goaz inora. Dekretuz egin daitezke gauza asko –ebaluaketa orokorra, irakasleen prestakuntza…–, baina herritarrekiko konpromisoa daukagu”. Ikasle eleanitzak lortu nahi badira, Kontseiluak proposatzen dituen neurriak ezinbestekoak dira Tellituren ustez; eta hala ere, agian ez direla nahiko izango esan zuen. Neurriak aurrera eramateko derrigorrezko eta borondatezko lanaren beharra aipatu zuen.

Ereduen politika hamar urtean gainditzeko moduan

Etxeberriak baina, ez du uste halako eskubideak borondatearen esku utz daitezkeenik. “Arriskutsua” izan daitekeela esan zuen. “Epeak jarri behar dira, nahiz eta gero mugitu beharra izan. D ereduan programa aplikatzeko zailtasunik ez genuke izango, eta B ereduan ere lehenengo zikloa eleaniztasun proposamenak txertatzeko moduan dago. A ereduan txertatzea izango litzateke zailena, eta hala ere 8-10 urtetan ereduen politika gainditzeko moduan egon gaitezke. Epeak jarri behar ditugu. Muga bat jarri behar dugu ikasle guztiak izan daitezen euskaldun eleanitzak”.

Eizagirreren arabera ereduen epeak, irakaslea erreziklatzeko epeak… agortuta daude. Gainera, bestelako neurririk hartu gabe epe horiek luzatu izana salatu zuen. Berak ere onartu zuen epe bera ez izatea ikastetxe eta inguru guztietarako, baina honezkero eginda egon behar luketen hainbat gauza ikusten ditu. “Kontuan hartu behar da ikastetxe bakoitzaren errealitatea, baina EAEn ez dago arrazoirik irakaslego osoa euskalduna ez izateko Haur Hezkuntzan”. EHIGEko kidearen arabera, “ikastetxe bakoitzak badaki zein neurri behar dituen, baina ez dira neurriok planteatzen. Helburuak jarri jartzen dira, baina gero elebitasunik ere ez da lortzen. Irakaslego publikoan irakasle euskaldunik ez badaukagu, ezin dugu ezer egin”.

Ormazabalen arabera, ikastetxeen konpromisoa oso garrantzitsua da. Oinarriak adostu behar dira. Kristau Eskoletako kideak argi ikusten du helburuak jartzerakoan giza baliabideak eta materiala beharrezkoak direla. “Sei urtetik hona ez zen kontratatu behar irakasle erdaldunik. Jar ditzagun baliabideak irakasleen prestakuntza lantzeko. Pauso berri honetan ezin ditugu lehengo porrotak izan”.

Baikor agertu zen Tellitu: “Helburuekin bat gatoz, eta aplikazioan asmatu behar dugu. Ebaluazioa obsesiboki planteatzen dute egun: egun berean, ordu berean… hori beste era batera egin behar litzateke, eta emaitza izan beharko litzateke ikastetxe bakoitzarentzat erreferentzia”. Hala ere, ebaluazioaren garrantzia kasu batzuetan ezin da saihestu: “Ikastereduak desagertzen doazela badiogu, nora goazen jakiteko ebaluatu egin behar dugu dagoena, baina ebaluazio glotobiografikoa proposatu behar da”.
Zain egotearen kontra dago Ikastolen Elkarteko kidea. “Ikastetxearen, sarearen… gure eskuetan dagoenarekin aurrera egin behar dugu. Gero administrazioa datorrela? Hobeto. Izan ere, hiruko gobernu akordioan agertzen dira hainbat proposamen hezkuntzaz. Gure proposamenek ezezko borobilik ez dute jaso, baina legearen zain gaude”.

Etxeberriaren arabera, Kontseiluaren txostena gizarteratzea presio bidea da eta beharrezkoak dira halako bideak. Izan ere, administrazioa astiro doa, eta ikastetxeetan zenbait beharrizan argi dituzte. Gainera, gehienek argi daukate ereduen sistema zaharkituta dagoela. Eizagirrek esan zuen, haurren eskubideak defendatzen ari direla ikasle euskaldun eleanitzen planteamenduarekin, eta ez direla ari ezer inposatzen. “Herri honetan haurrek hizkuntza bi ikasteko aukera dute, eta gurasoak ez dira inor hori ukatzeko. Beste gauza bat da ama hizkuntzari lekua egin behar zaiola eskolan eta gurasoek eskatzea ama hizkuntzatik abiatuta indartzeko ikaslearen eleaniztasuna”.

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude