Klimak eragindako erbesteratuak

Tuvalu, Ozeano Bareko uhartea
Tuvalu, Ozeano Bareko uhartea
Lurra berotzen ari denez, gero eta gehiago dira euren bizilekuak utzi eta beste leku batzuetara bizitzera joan behar izan dutenak. Une honetan 30 milioi erbesteratu klimatiko daudela kalkulatu da, baina 2050. urtean 250 milioi izango direla uste da. Marseillan (Frantzia) antolatutako Sciences Frontieres jardunaldietan aztertu dute gaia.

Baina nortzuk dira erbesteratu klimatikoak? Non bizi dira? Galdera horiei erantzuna ematea ez da erraza. Lehenbizi, esan beharra dago itsasotik bost kilometroko zabalerako itsasertzean ia 500 milioi pertsona bizi direla, eta ia 300 milioi direla itsas mailatik bost metroko altueraren azpitik bizi direnak, esaterako, Bangladeshen, Herbehereetan... Herrialde horiek arrisku bizia dute glaziarrak eta izotzak urtzearen ondorioz. Asia, Afrika eta Hego Amerikako hainbat herrialdek, aldiz, ur-eskasiaren eragina nozituko dute. Beraz, ur gehiegi eta ur gutxiegi egotea izango dira migrazio erraldoien arrazoi nagusiak.

Lehen adibidea Polinesiaren bihotzean dugu. Ekuatoretik kilometro gutxira dagoen Tuvalu irla-multzoa 2050. urtean desagertuko da, itsasoak erabat estalita. Bertan bizi diren milaka lagunek beste herrialde batzuetara jo beharko dute; baina ez da hori pertsona horien zorigaitz bakarra: gainera, ondoko herrialdeetan (Australia, Zeelanda Berria eta Indonesia) ez dituzte errefuxiatuak onartzen. Bitartean, Tuvalu estaliko duen urak beste batzuei alde egiten die: munduko beste muturrean bizi diren inuit edo eskimalak urtez urte ikusten ari dira izotz-maila nola txikitzen ari den.

Populazioaren mugimendua hasi besterik ez da egin. Kioton finkatutako gas-emisio mugak bete arren, jada abian dagoen berotze prozesua geldiarazteko hamarkadak beharko dira, eta ezinbestekoak izango dira giza migrazioak. Adituen arabera, liskar ugari izango da herri desberdinen artean, eta horien eragina moteltzeko pertsonen higikortasuna erregulatuko duen nazioarteko arautegia egitea komeniko litzatekeela adierazi dute. Une honetan, erbesteratu klimatikoek ez dute inongo estatus juridikorik.
Etorkizuneko erbesteratuei laguntzeko diru-funtsa sortzea lehentasuna dela uste du askok; NBE hasia da ildo horretan urratsak egiten eta laster Fipol ereduan –petrolio kutsadurak eragindako kalte-ordainak– oinarritutako ordainketak abian jartzeko itxaropena dago.

Gaixotasunak ere leku batetik bestera aldatuko dira, pertsonek ez ezik animaliek ere migratuko baitute. Hori dela-eta, gaixotasun tropikaletan adituak diren hainbat ikerlari hasi da jada hipotesi desberdinak aztertzen, eta ondorioak oso dira kontuan hartzekoak, egun gaixotasun tropikalak ezagutzen ez dituzten leku askok horren arrisku bizia baitute.

Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude