Kazakhstanek potentzia atomiko bihurtu nahi du

  • Eremu zabal erdi hutsa dirudien Kazakhstaneko agintariek deliberatu dute herrialdearen etorkizuna Mendebaldeari energia saltzean datzala. Orain arte beren hobi erraldoietako gasa eta petrolioa esportatu dituzte. Baina laster uranio ekoizle nagusi ere izanen dira. Eta uranioa dioenak energia nuklearra dio.
Kazakhstan-go lantegi bat
Kazakhstan-go lantegi batMarusia
Sobiet Batasuna desegin zenean bere lurretan zeuzkan arma nuklear guztiak atxiki izan balitu, Kazakhstan izango zen munduko laugarren potentzia atomiko nagusia. Zorionez, independentzia eskuratutakoan agintari kazakhstandarrek onartu zuten arma horiek edo bertan desegitea edo Errusiara eramaten uztea eta Semipalatinsk-eko probalekua desegitea ere bai.

Hamabost urte geroago mundu osoan multinazionalek berriro modan jarri nahi dituzte argindarretarako zentral atomikoak, eta planetako uranio erreserbetan bigarren handiena daukan Kazakhstanera erreparaka daude mineral horren gose diren guztiak.
Kazakhstanen sortu eta ikasia den Togzhan Kassenova irakasleak Bulletin of the Atomic Scientist aldizkarian argitaratu berri du Kazakhstan’s nuclear ambitions artikulu interesgarria. Aipatu buletina zientzialariek egina da eta arma nuklearren arriskuez ikerketak plazaratzen ditu. Aldizkariaren Doomsday Clock famatuak (Azken Juizioaren Ordularia euskaraz) gatazka nuklearretik zein hurbil gauden markatzen du: azken urtean bi minutuz aurreratu zuten hamabietara, hekatonbe arriskuak handiagotu direlako. Arma nuklearren ugaritzearen kontrako erakunde gehiagotan ere ezaguna den Togzhan Kassenova andereak bere sorterriko gobernuak indar nuklearren arloan dauzkan anbizioak deskribatu ditu.

Alexandre Vinokourov txirrindulariaren eta Astana ekipoaren sorterria lurrazalez munduko estatuetan bederatzigarrena da. Hala ere, 15 milioi biztanle baizik ez du, kilometro karratuko bospasei. Errusiaz gain Turkmenistan, Kirgizistan, Uzbekistan eta Txinarekin egiten du muga. Gure sagarrondoen arbaso basatiaren (Malus Silversii) sorterria omen den Kazakhstan Asiako paraje exotiko hutsa izango zen Mendebaldeko jendeentzako, baldin eta ez baleuzka bere lurpean egundoko petrolio eta gas hobiak.
Baina horiez eta beste mineral askoz gain, uranioa ere erruz datza Kazakhstango zorupean. Dagoeneko Kanada eta Australiaren ondoren bera da uranio esportatzaile nagusi. Ludian ezagutzen diren uranio erreserba guztien %19 kazakhstandarren lurretan datzate, 1,5 milioi tona. Beste inon baino eskuraerrazago dago hemen mea, tokian bertan merke garbitzeko moduan. 2007an 6.637 tona produzitu bazituzten, aurten 9.500 tonatara heltzea espero dute, 2015ean 18.700era eta 2025ean 27.000ra.

Aberastasun hau guztia kudeatzen duen enpresak, Kazatomprom-ek, iragarri du 2010.erako munduko uranio ekoizle nagusi Kazakhstan bihurtuko dela. Hau omen da agintarien lehenbiziko anbizioa, baina ez bakarra. Horrekin batera zentral nuklearrentzako erregai ekoizle handi bilakatu nahi du.

Orain arte Kazakhstanen uranio gordina elaboratu eta yellow cake edo “ore hori” bihurtzen dute. Horrela deitzen zaio, horia baino gehiago nabarra den arren, minerala garbitu eta tratatu ondoren %80an uranio oxidoa daukan oreari. Baina erregai atomiko izateko are elaborazio gehiago behar du, eta horretarako Errusiara bidaltzen dute.

Uranio eta zentral atomiko txikiak

Meategietatik ateratako hautsak pare bat joan-etorri egin behar izaten ditu Errusiara, erreaktoreetan usatzeko erabat prest egon aurretik. Gerora ere hala egin beharko ditu, nazioartean energia atomikoa kontrolatzen duten erakundeek hala eskatuta, ekoizpen osoa esku gutxitan eta zorrotz kontrolatua egon dadin. Baina prozesuan atal gehiago hartu nahi ditu bere gain Kazakhstanek, etekin hobea ateratzeko. Angarsk hirian errusiarrek eraiki duten uranioa aberasteko nazioarteko gunean bazkide da Kazakhstan, Ukraina eta Armenia ere badiren moduan.

Kazakhstandarrek jokatzen dute errusiarrak ez diren kartekin ere. Kanadako konpainia batekin Ust-Kamenosgorsk-en daukate asmoa hurrengo urratsa emateko, uranio oxidoa uranio hexafluorido bihurtuz erregai nuklear osatura gehiago hurbiltzeko. Japoniarekin ere ari dira elkarlanean, Toshiba tarteko, Kazatomprom Westinghouse Electric Corporation-en %10aren jabe egin denetik. Orobat Txinarekin: aurten hasi dira txinatarrak lanean Kazakhstango meategi batzuetan, bi urte barru ore horia hasiko dira esportatzen, 2013rako erregai nuklear osatua eramango dute eta orain arte txinatarrek Areva frantsesarekiko daukaten menpekotasuna hor bukatuko da.

Hirugarren anbizioa Kazakhstanen bertan zentral nuklearrak eraikitzeari dagokio. Kazakhstandar jendearen artean jarrera antinuklearra oso sendoa izan da, Semipalatinsk-eko probalekuan errusiarrek lehertu zituzten 450 bonba nuklearrek eta hauen ondorioek piztuta. Baina azken urteotan Nursultan Nazarvayev buruzagi autokratikoaren gobernuak planak egin ditu zentral berriak eraikitzeko. Lehena Aktaun hasiko dira altxatzen, 1999 artean txiki zahar bat eduki zuen leku berean. 600 megawatt produzituko duen zentral horren ondoren beste 20 gehiago eraikitzeko asmoa azaldu dute agintariek, txikiagoak, 50-100 megawatt artekoak, bakoitza hiri bati atxikia. Asmoa lukete bertako argindar beharra energia atomikoz ase eta Kazakhstango gas famatua atzerrira esportatzea.

Agintari kazakhstandarrek ororen buru, eta hau da laugarren anbizioa, erreaktore nuklearrak ere saltzen hasi nahiko lukete. Errusiarrekin elkarlanean, 100-400 megawatteko erreaktore txikiak ekoiztu eta saldu nahiko lituzkete, garapen bidean diren herrialde ugarik erostea espero dituztenak.

Togzhan Kassenovak bere idatzian argi aipatu ditu bere ustez energia atomikoak Kazakhstani ekar diezazkiokeen abantailak: herritarren bizimodua hobetzeko dirua, honekin laguntzea lehendik herrialde honek erradiaktibitatearekin jasandako kalteak hobetzen, energia atomiko bakezkoaren erabileran eredu izatea nazioarteko erakundeen babesean, eta beste.

Baina arrisku gogorrak ere ikusten dizkio. Kazakhstan ez dago prestatuta uranio meatzeen hedatze izugarri honek ingurumenari ekarriko dizkion kalteak saihesteko, ez legedi eta ez teknika aldetik. Bestalde, Kazakhstan egonkortasun gutxiko eskualdean dago, Afganistandik oso hurbil, eta lehendik ere narkotrafikoa hedatuta dagoen zonalde batean errazegi gerta daiteke erregai nuklearrak bezala erre ondorengo hondarrak ostea. Zentral atomikoen kasuan ingurumenarekiko eta gizakien osasunarekiko kezkak adina erradiaktibitatea daramaten arma txikiak era deskontrolatuan hedatuko diren beldur dira munduko erakundeak.

Ustelkeria da, Kassenovaren esanetan, Kazakhstango beste arazo nagusietako bat. Baina hona paradoxa: atomoaren alorra osorik Kazatompromek monopolizatuta daukanez, edozein hankasartzek arrasto nabarmena utziko du beti. Segurtasun bermea, funtsean. Bai energi-egarriz bizi den Mendebaldeari nahiz energia saltzen duten herrialdeei, denei komeni zaie Nursultan Nazarvayev-ek jarraitzea agintean beste puska batez.
Informazio gehiago

ASTEKARIA
2008ko maiatzaren 25a
Azoka
Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude