argia.eus
INPRIMATU
Irati Elorrieta
«Garrantzi gehiago du pertsonaien azalaren bestaldeko munduak»
Pilar Iparragirre 2021eko uztailaren 12a

Euskal Herritik kanpo kokatu dituzu liburu honetako istorioak.


Deserrian kokatzen dira. Berlinen bizi naizenez, ez da kasualitatea deserri horren zentroa Berlin izatea. Han elkartzen dira pertsonaiak, eta jatorri ezberdinetako pertsonaiak direnez, Berlin bezala beste hiri batzuk ere agertzen dira: esate baterako, Bilbo, Bartzelona, Paris, Kopenhage...

Eguneroko bizimoduaren erraietara jo duzu.


Liburuan ez dago gertaera espektakularrik. Egunerokotasunean kokatzen diren gertaerak dira. Adibidez, neska gazte batek hegazkin bat hartuko du istorio batean, beste hiri batera bizitzera joateko; lagun bat bisitan etorriko zaio; pelikulak ikusiko dituzte, izozkiak jatera joango dira... Oso eguneroko gertaerak dira, eta pertsonaiek intentsitate handiz bizi dituzte. Garrantzi handiagoa du barrutik gertatzen zaienak, hau da, azalaren bestaldeko mundu horrek. Bakoitzaren burbuila barruan gertatzen denak.

Zeintzuk dira pertsonaia horien kezka nagusiak?


Zelan mantendu harremanak urrun dagoen jendearekin; zelan egin norberaren ametsak betetzeko... Azken batean, denak dabiltza leku bila; eta ez leku fisikoa bakarrik. Idazterakoan, gehiago jarraitu dut barne musika bat, oroimenaren joan-etorriak jarraitu ditut. Horregatik hutsuneak gelditzen dira istorioetan, zuloak, ez dudalako dena kontatzen eta istorioak askotan bukatu gabe gelditzen direlako. Lotuak ere badaude ordea: batzuetan pertsonaial dira loturak egiten dituztenak; gaiak ere bai, edo behin baino gehiagotan errepikatzen diren espazioak.