argia.eus
INPRIMATU
Herri administrazioan euskaraz
Hizkera burokratikoaz, itzulpenaz eta beste
  • Euskara eta herri administrazioa gai hartuta aritu ziren hizketan Patxi Baztarrika EAEko Hizkuntza Politikarako sailburuordea eta Anjel Lertxundi idazlea, HAEE-IVAPen 25. urteurrena dela-eta. Lehena elebitasun pasiboaren balioaz aritu zen eta bigarrenak hizkera burokratikoaren koska ilunak aipatu zituen.
Onintza Irureta Azkune @oirureta 2008ko maiatzaren 20a
Patxi Baztarrika eta Anjel Lertxundi
Patxi Baztarrika eta Anjel LertxundiI.K. / Argazki Press - Dani Blanco
Ordubeteko hitzaldi bana egin zuten Baztarrikak eta Lertxundik Berrikuntza eta euskara herri administrazioetan izenburupeko jardunaldietan, hilaren 8an, Donostian. Bi saioen entresaka bildu dugu hona.

Baztarrikak orokorrean –herri administraziora mugatu gabe– elebitasun pasiboaren balioaz jabetu behar dugula adierazi zuen. Belaunaldi batzuetan ez omen dugu lortuko elebitasun simetrikoa eta elebitasun asimetriko horretan elebitasun pasiboari aitormen soziala egin behar zaiola azpimarratu zuen. Elebitasun pasiboarekin bi gauza lor ditzakegu, haren esanetan: batetik, euskaldunak euskaraz aritzeko aukera izango du –elebidun pasiboak euskaraz hitz egin ez, baina ulertzen duelako– eta bestetik, erdalduna euskaldunaren mundura gerturatuko dugu. Jauzi egin eta herri administrazioaren esparrura jo zuen Baztarrikak. Elebitasun asimetrikoaren testuinguru horretan itzulpengintzaz hitz egin nahi izan zuen. Esan zuenez gero eta zentzu gutxiago du herri administrazioan material guztia bi hizkuntzatan sistematikoki egiteak. Ia beti gaztelaniaz dago jatorrizko testua eta ondoren dator euskarazko itzulpena. Euskara mendeko dela aitortu zuen Baztarrikak. Zer egin bi hizkuntzei berdintasun estatusa emateko? Zehaztapen handiak egin ez bazituen ere, sailburuordearen ustez euskarak zein gaztelaniak beren espazioak izan beharko lituzkete, eta beste zenbaitetan biak batera joango lirateke. Ez da sistematikoki dena itzultzearen baliagarritasuna zalantzan jartzen den lehen aldia. Administrazioko langileek beraiek adierazi izan dute gaztelaniatik euskarara sistematikoki itzultzea alferrikako lana dela, eta era berean, beti euskara galtzaile dela.
Nola adierazi herritarrei ura moztuko dutela?

Alegia, edozein udalek zein hizkeraren bidez adieraziko die herritarrei ur mozketaren berria? Anjel Lertxundi hizkera burokratikoaren izurriteaz aritu zen. Politikoek eta burokratek erabiltzen duten hizkera da hizkera burokratikoa. Honako ezaugarriak dituela esan zuen Lertxundik: artifiziala, anbiguoa, abstraktua, laua, kolore bakarrekoa, zurruna... Hizkera horrek administraziorako balio zuela aitortu zuen Lertxundik nahiz eta batzuetan gehiegikeriak egiten diren. Beraz, hizkera burokratikoa bai, baina jakineko egoeretan, ez edozertarako eta edozein tokitan. Horregatik aipatu zuen izurrite hitza, bere ustez, administraziotik jauzi egin eta bestelako esparruak bete dituelako. Hedabideen adibidea jarri zuen. Hedabideek bere egin omen dute hizkera burokratikoa eta gainera bozgorailu funtzioa bete.

Ur mozketaren adibidera itzuliz, alkatearen eta herritarren arteko dialogoa irudikatu zuen Lertxundik. Alegia, alkateak asmatu beharko duela hizkerarik aproposena herritarrei esateko ura moztuko dutela.