Artzaintzaren iturrian

  • Arbaillak dira, aldi berean, alagiak –mendi bazkalekuak–, harkaitz gunea eta baso zabala. Potto eta Ahüzki artean egingo dugun txango honek euskal artzaintzaren iturrietatik batera eramango gaitu.
Ahüzki
AhüzkiAllande Sokarros
Oinez abiapuntu izango ditugu Pottoko alagiak. Potto aurkitzea oso erraza da, hori baita Altzürükütik eta Altzaitik Ahüzkira gora egiten duten bideen topagunea. Bertara iritsi daiteke ere Behorlegi edo Mendibetik etorrita eta Ahüzkiko ostatu-jatetxetik hiru kilometro inguru behera eginda.

Potton bertan, atzoko eta gaurko artzaintzaren lekukoak topatuko ditugu. Altzürükütik Ahüzkirako bide bazterretik hurbil, partzuerren nahikundez, berreraikitako artzain txabola zaharra daukagu. Halabeharrez, han izan dezakegu aterpe, irekia geratzen baita. Altzairako bide saihetsean, aldiz, eraiki zuten ola berria. Itxura berrikoa da, beraz, eta azpimarratzekoa da oraindik ere gazta egiten dutela bertan, uda partean.

Lexarreako lepoa, alemanen amesgaiztoa

Pottoko artzain-txabola berri honen aitzinean pasatuz, Altzairako bidearen gora joanen gara. Bospasei ehun metro egin ondoren, Lexarreako lepora –Arangaitzeko lepoa ere deitzen zaio– helduko gara (832 m). Leku honek Zuberoako historia garaikidearekin zerikusirik badauka, zehazki Bigarren Mundu Gerrarekin. Arbailletako oihan zabal eta menperaezinaren gerizpean osatu zen Altzürüküko makiako gudukariek lepo honetan zioten oldar egin Ahüzkiko postu militar alemaneko patruilari, 1944ko uztailaren 27an. Biharamunean bertan, aleman soldaduek alde egin zuten Ahüzkitik.

Gertakari aintzatsu hura gogoan, bidea utzi eta, pagoen artean sartuz, mendebaldera igotzen hasiko gara. Aski laster, pagadiari bizkar emanda, alagiaren gora jarraituko dugu Lexarrea mendixka belartsuaren gailurrera (992 m) iristearren. Apurtxo bat urrunago, 1.026 metroko altuera duen tontorraren axolbean, Habiaga artzain-ola izan zenaren hondakinak topatuko ditugu. Hegiaren hariari jarraituz aurrera egingo dugu, egundoko ikusmen ederra gozatuz, Arbaillen mendi eta baso aldera, jakina, baita Zuberoako haran, herri, oihan, bizkar, mendi eta bortu aldeetara. Biarnoko baita Bigorrako goi mendiak ere agerian dira, bizkar honetatik.

Une batean, mendi bizkarraren hariari hurbilenik segitzen diogula, behera seko egin beharko dugu 150 metro inguru, Eltzegaineako lepora eraisteko. Garate honetatik 250 metro beherago, Felix Sobieta artzaina eta haren artaldea topa ditzakegu uda partean. Sobietak antzinako artzainek bezala lan egiten du, ola xahar batean, eta bere gaztak oso ospe ona du. Berari bisita egin daiteke ere Pottoko bide gurutzunetik 600 metro gorago abiatzen den bide harrizkatutik autoz txabolaraino iritsita.

“Bortüan Ahüzki, hur hunak osoki”

Geure txango honetan, Eltzegaineako lepotik apurtxo bat gora eginda mendebalderantz mendi bizkarrari eutsiko diogu. Lomendi gailurrera (1.012 m) heldu orduko, Ahüzkiko ostatu-jatetxea eta Bohokortea (1.214 m) mendi zabala pare-parean izango ditugu. Ibarbürüko lepoan (966 m), Pottotik alde batetik eta Behorlegi zein Mendibetik bestetik datorren bidearekin egingo dugu topo. Ostatu-jatetxearen saihetsetik igaro ondoren, bide harriztatuari jarraituz edo malda belartsutik zut igota, Ahüzkiko iturri ospetsura helduko gara. Ostatu-jatetxetik 200 metro goraxeago den iturri honetan egarria ase eta gero, garaia izango da Bortüan Ahüzki, hur hunak osoki (…) kantu guztiz ezaguna abesteko.

Atseden hartu eta bazter miresgarriez begiak bazkatu ondoren, bekatu mortala legoke Bohokortea gailurrera ez igotzea. Gain honetatik zehaztu ezineko bista bada, Bigorra, Biarno eta Zuberoako mendialdetatik Baxenabarra eta Lapurdirainoko bazterretaraino. Bohokorteako gain lautada zabaletik ere, oso hurbil ikusgai izango dugu –ipar ekialdean–, bere 1.286 metroekin, Arbailletako gailurra den eta inor gutxik ezagutzen duen Ihatia mendia.

Pottora itzultzeko aukera asko

Bohokortea gainetik Pottoraino itzultzeko aukera asko daude. Mendian bidea aurkitzen dakitenek, iparralderako maldan behera eraitsi daitezke Lexarregarateko artzain-oletara, handik ekialderat jo Nabolegiko txabolaraino, Olazezarreko hegitik ibilita Hegilorreko olaraino joan eta handik hegiz hegi Potto gainaldera heldu. Buelta handi honen orde, laburrago egin daiteke Bohokorteako ekialde maldatik Ilhasterriako lepora eraitsi (1.109 m), bide harrizkatua zeharkatu eta Ilhasterria gainera igo (1.158 m), hegiz hegi lauan ibilita eta behera eginda Hegillorreko artzain-olara joan eta handik lehen aipatutako ibilbideari eutsi.

Errazena aukeratu nahi izango dutenek, Ahüzkiko ostatu-jatetxera eraitsiko dira eta handik, artzainen bide zaharretik, haranaren barrena behera egingo dute Hegillorreko txabolarako bide harriztatu abiagunera. Han, Ahüzkirako bide nagusiaren eskuin aldetik ageri-agerian den xenda zabalean ibilita Pottora goxo-goxo iritsiko dira.

Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude