argia.eus
INPRIMATU
Ufestuek
«Osasungarria da sexuaz argi eta garbi hitz egin eta abestea»
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2021eko uztailaren 12a

“23 urtiak artio beti tente ta orain inpotente”. Gazteriak eta errebeldiak 23 urtera arte irauten du? Zuek zenbat urte dituzue?


Taldeko gehienok 30 urte inguru ditugu. Adinarekin jendea dezente aldatzen da, sosengatik edozer egiten du eta ideologia aldatzen du. Guk orain dela zazpi urte hasi genuen taldea, baina oraindik gazte eta errebelde izaten jarraitzen dugu, uste berak ditugu.

Badute etorkizunik Baztango “gorri, okupa, etorkin eta independentistek”?


Bai. Aspaldi honetan hemen gero eta etorkin eta independentista gehiago dago, eta gainera orain dela urte gutxi gaztetxe bat zabaldu zuten Elizondon. Orain arte inguru hau oso lasaia izan da, baina poliki-poliki hasi da aldatzen. Ufestuek hasi zenean ez zegoen ia musika talderik, eta gaur egun mordoxka dago.

1980ko hamarkadak oso arrasto handia utzi zuen zuengan.


Bai, nahiz eta gure abesti bakoitzak istorio bat eduki, gure ustetan 80ko hamarkadako hainbat diskok ez dute gaurkotasunik galdu musikan eta hitzetan. Batzuek esaten digute musika hori aspaldikoa dela, baina berdin digu. Musika horrek zerbait sentiarazten digu. Badira egiten dutenean benetan sinesten ez duten taldeak, baina guk ezingo genuke halakorik egin.

“Askotan masturbatzen naiz, ez naiz perbertitua, normala da euskalduna bainaiz”. Ezohikoa da hemengo talde batek halako hitz esplizituak abestea…


Denetik esan digute abesti horregatik. Batzuek ea matxistegia ez den, eta beste batzuek ezetz... Interpretazio kontua dela uste dugu. Lagun batek idatzi zuen mutilzahar desesperatu baten ikuspegitik. Mutil askok hala pentsatuko dute, eta horrek ez du esan nahi neskak sexua egiteko makinak direnik. Gure ustez osasungarria da halako gaiak ateratzea, tabuak bailiran ibiltzen ditugulako. Dena dela, agian hurrengo diskoan saia gaitezke halako kantu bat nesken ikuspegitik idazten.