Toxiko uholdeak legea antidoto

  • Munduko produkzioaren %35 eta 1,7 milioi enplegu zuzen. Datu horiekin, industria kimikoa munduko indartsuena da; eguneroko bizitzan substantzia kimikoz inguratuta gaude. Eta azken urteetan horren ondorioak ezagutzen ari gara pixkana: ingurumenean ez ezik, osasunean ere kalteak sor ditzakete substantziok. Harrigarria badirudi ere, ordea, orain arte ia nahi duen substantzia merkaturatzeko aukera izan du industriak. reach proiektu europarra hori aldatzera datorren arren, denek ez dute oso begi onez ikusten.
Substantzia kimikoak garraiatzen dituen kamioia
Substantzia kimikoak garraiatzen dituen kamioia
Kontuz, eskuetan daukazun aldizkari honek substantzia kimikoak ditu. Eta baita eguneroko bizitzan hain ohiko diren ordenagailu, ilerako tindagai, CD, kontserba-lata, jakietako pestizida, sakelako telefono, kosmetiko, garbiketa-produktu, xaboi, umeentzako biberoi eta beste mila objektuk ere. Duela hilabete, aztertutako haurrentzako hamalau pijametatik lautan arriskutsuak izan daitezkeen substantziak aurkitu zituen Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Erakundeak: ftalatoak, formaldehidoa, tindagai arriskutsuak, bentzenoa eta metal pisutsuak. Guztira, merkatuan 100.106 substantzia kimiko daude erregistratuta eta horietako batzuek gizakion osasunean eta ingurumenean kalteak eragin ditzaketela diote azken urteetako ikerketek. Ez gaude, gainera, eragin horretatik at: zientzialariek batez beste 287 produktu kimiko aurkitu dituzte jaioberrien zilborrean.
 
Mario Fernandez Osasun Publikoaren Aldeko Elkarteko kide eta medikuak azaldu digunez, batez ere arnas, digestio eta azalaren bidez barneratzen ditugu toxikoak. Hauek odolera igaro eta gibelera heltzen dira; batzuk metabolizatu egingo ditu gure gorputzak eta beste batzuk organo jakin batzuetan kontzentratuko dira. Halaber, aldi berean produktu bi edo gehiagoren eraginpean gaudenean –normalean gertatzen den moduan–, eraginak batu egiten dira. Eta zeintzuk diren eragin horiek? Adituen arabera, kalteak sor ditzake nerbio eta immunitate-sisteman, ugaltze aparatuan eta sistema endokrinoan. Hots, asma, gaitz dermikoak, alergiak, minbizia, parkinsona, diabetesa, alzheimerra edota hormona eta ugaltze arazoak kutsadura kimikoari lotuta egon daitezke, besteak beste. Birika-minbizian tabakoak duen eragina kontuan hartu gabe, kutsadura kimikoa da 1950etik herri garatuetan minbizia ugaritu izanaren arrazoi nagusia. Gainera, Europan hamar umetatik zazpik asma dute; 15 eta 29 urte artekoetan alergia kopurua izugarri igo da; umeen leuzemia kasuak bikoiztu egin dira azken hogei urteotan; eta bikoteen %15 antzua da.
 
Dioxinak gorputzean

Horren guztiaren errua zein neurritan du kimikak? Batez ere elikaduraren bidez gureganatzen ditugun dioxinek minbizia sortzen dutela frogatua dago 90eko hamarkadatik, edota amianto, HCH-lindano, DDT eta beste hainbat pestizida arriskutsuak direla. Baina arazoa da produktu gehienekin ez dela ikerketa sakonik egin eta kutsadura kimikoa gaitzaren kausa zuzena dela ziurtasunez baieztatzea zaila da. Haatik, Carlos Alonso Ekologistak Martxan-eko kideak argi dauka: “Egia da gure gorputzean ditugun substantzia toxikoak kopuru txikitan izan ohi ditugula, baina galdera da: kantzerigeno bat kopuru txikitan arriskutsua al da? Bai. Baina kantzerigeno hori nire gorputzean izateagatik minbizia jasateko daukadan probabilitatea zehaztea zailagoa da; XXI. mendeko medikuntzak oraindik ez du hori argitu”.
 
Aveq-Kimika EAEko enpresa kimikoen elkarteko idazkari nagusi Luis Blancok ere onartu du arriskua egon badagoela, baina gizakion edozein ekintzatan bezala. Blancoren hitzetan, XX. mendea kimikaren mendea izan da eta egia da substantzia kimikoekin dugun kontaktua igo egin dela izugarri, “baina mende horretan bizi-itxaropena 35 urtetik 79-81 urte ingurura igaro da, haur heriotzak asko jaitsi dira… eta ez soilik medikuntzari esker, higienean, uraren tratamenduan, elikaduran eta makina bat gauzetan izandako aurrerakuntzek lagundu dute, eta ibilbide horretan industria kimikoaren lana oso garrantzitsua izan da. Balantzea egitea da gakoa: substantzia jakin batetik ateratzen dudan onurak konpentsatzen al dit? Ni behintzat oso pozik nago 2008an bizi naizelako, eta ez 1900. urtean”.
 
Eragile kimikoekin jardun behar duten langileei, ordea, ziurrenik ez die konpentsatu –amiantoak, debekatu zen arte, utzitako minbizi kasuak ezagunak dira Euskal Herriko hainbat txokotan–. Lanaren Nazioarteko Erakundearen arabera, urtero dauden bi milioi lan heriotzetatik 440.000 eragile kimikoren batekin izandako kontaktuaren ondorio dira. Europan, euren lanpostuetan harrapatutako gaitzengatik urtero 32.000 lagun hiltzen dira minbiziz, 16.000 larruazaleko gaitzez, 6.770 arnas arazoengatik, 570 nerbio-sistemetako gaitzez eta 500 begietako arazoengatik.
 
Hain juxtu, Espainiako Estatuan kutsadura kimikoaren gune beltzena Euskal Herrian kokatu du Greenpeaceren azken azterketak. Nafarroan, Zangotzako paper-fabrikak sufre-dioxidoa, kloro-dioxidoa, klorofenola, dioxinak edo furanoak bezalako substantzia kimiko arriskutsuak atmosferara eta ibaietara isurtzen dituela salatu du talde ekologistak. EAEn, zerrenda askoz luzeagoa da: Estatuko industria kimikoko fabrika kutsakorrenen %12 bertan dauzkagu. Bereziki gune kutsatua da, esaterako, Hernani (Gipuzkoa), PVCa fabrikatzen duen Atofina eta kloroa ekoizten duen Electroquímica de Hernani enpresen kokaleku; edota Muskiz (Bizkaia), Petronor enpresaren kokagune. Finean, EAEn indar handia du industria kimikoak: 8.000 enplegu zuzen ematen dituzten 300 enpresatik gora dihardute industriarako kimika, amaierako kontsumorako produktuak, oinarrizko kimika, ongarriak, plastikoaren fabrikazioa, kimika farmazeutikoa eta kautxua eta plastikoa azpisektoreetan. Araban, Bizkaian nahiz Gipuzkoan aurki daitezke batzuen eta besteen adibide franko.
 
Bestalde, esan gabe doa arreta osasunean jarri dugun arren, ingurumenak ere sufritzen dituela kutsadura kimikoaren eraginak. Gainera, hainbat enpresak behin baino gehiagotan gainditu du Europar Batasunak Eper erregistroan finkatzen duen isurtze muga. Ondorioa: substantzia horien iraunkortze eta biometatzea, biodibertsitatearen pobretzea, animaliak eta arrainak intoxikatzea –arrainei malformazioak eragin dizkiela baieztatu da Ebron bertan–, berotegi efektua areagotzea eta uraren kalitatea hondatzea, besteak beste.
 
Kontrolik gabeko ahalguztiduna

Eta orduan, zergatik ez dira neurri zorrotzak hartu orain arte? Hots, nola da posible hainbat eta hainbat produktu kimikok kontsumitzaileari informazio nahikorik ez eskaintzea? Zergatik luzatzen da hainbeste arriskutsua dela frogatzen diren substantziak (amiantoa, PCBak, gasolinako beruna…) ordezkatzeko prozesua? Eta batez ere, zergatik merkaturatu daiteke ia edozein produktu inongo mugarik jarri gabe? Izan ere, eta Luis Blancok ziurtatu arren substantzia bakoitzari proba zehatz pila bat egiten zaizkiola arriskuak neurtzeko, administrazioak du hori frogatzeko erantzukizuna eta honek eskua sartzekotan produktua dagoeneko kalean denean sartzen du.
 
Permisibitate horren arrazoiak ugari izan daitezke: batetik, duen botere ekonomikoari esker –Europa da munduan substantzia kimiko gehien ekoizten dituena eta negozio honek 440.000 milioi euro mugitzen ditu– eragin politiko handia du Bruselan. Bestetik, kutsadura kimikoaren ondorioen ezjakintasuna handia izan da duela urte batzuk arte: 100.000 substantzietatik, 4.000ri baino ez zaio azterketa toxikologiko serioa egin.
 
Gauzak, ordea, aldatzen ari dira pixkana eta zientzialari eta sendagile prestigiotsu ugariren presioaren ostean, industria kimikoa arautzeko ekimena abiatu zuen Europar Batasunak. 2001ean hasitako prozesuak iazko ekainean jaso du argi berdea, REACH (Substantzia Kimikoen Erregistro, Ebaluazio eta Baimena) izenburupean. Industria-lobbyaren eraginez –Alemania buru zuela– hasierako eskariak asko malgutu dituen ekimen honen helburua zera da: Europar Batasunean urtean tona batetik gora produzitzen diren substantzia kimikoen erregistroa zehaztea eta informazioa –ingurumen eta osasunari dagokiona– exijitzea; denera 30.000 substantzia. Hortaz, etorkizunean merkatuan jartzen duen substantziaren datuak ematera behartuta egongo dira enpresak, eta substantzia hori arriskutsua ez dela frogatzera. Alegia, ardura industriak hartuko du eta ez orain arte bezala administrazioak –zeinak baliabide faltagatik gauza gutxi egin duen–. Zehazki, Helsinkiko European Chemical Agency delakoan adituek 2018ra arteko epea izango dute enpresek aurkeztutako informazioa ebaluatzeko, eta substantziarik arriskutsuenek eta 1.000 tonatik gora produzitutakoek izango dute lehentasuna.
 
Legearen alde ilunak

Hala ere, REACH proiektua nahikoa ez dela salatu du hainbat elkartek: funtsean hiru puntutan zentratu dira kexak. Batetik, substantzia arriskutsuenek (2.000 inguru) sortu dute kezka. Izan ere, ez dituzte automatikoki beste substantzia batzuengatik ordezkatuko, hasieran eskatu bezala, eta “kontrol egokia” eramanez gero, erabiltzen jarraitu ahal izango dira. Baina zer da kontrol egokia? Zein irizpidek eta nork erabakiko du betetzen duen funtzioa sortzen duen arriskua baino garrantzitsuagoa dela? “Gasolina adibidez substantzia arriskutsua da –dio Aveq-Kimikako Luis Blancok–, baina une hauetan ezin da debekatu, autoak ez dabiltza urarekin. Gasolinak dakarren arriskuak konpentsatzen al du erabiltzeak dakarren onura soziala?”. Bere ustez bai.
 
Bestetik, urtean tona batetik behera ekoizten diren substantziak azterketatik at geratu direla kritikatu dute, eta 10 tonatik behera produzitutakoei buruz enpresei eskatuko zaien informazioa urria eta eskasa dela, segurtasunerako gutxiegi. Kontuan hartu behar da ikertuko dituzten substantzien %60k duela 10 tonatik beherako ekoizpena. Honen aurrean, Blancok dio tona bat industria munduan ez dela ezer eta kopuru horrek eragin dezakeen arriskua huskeria dela. “Eta 10 tona ere ez da kopuru handia, besterik gabe muga nonbait jarri behar da eta arrisku ebaluazio horretan hala erabaki zen”.
 
Hirugarrenik, jarritako epeak (11 urte guztira) luzeegiak direla ere leporatu diote REACH proiektuari, batez ere jakinda 2001ean hasi zirela gaia aztertzen. Bitartean, produktu kimikoek orain arte bezala merkatuan jarraituko dutela diote. Industriak, ordea, alderantziz pentsatzen du: epeak ez direla errealistak, lan handia dagoela egiteko eta hainbeste ikerketa hain denbora gutxian egitea oso zaila izango dela.
 
Hain zuzen, ardura euren gain hartzeak orain arteko egoera erosoa zapuztu die enpresa kimikoei: ekonomikoki koste handia ekarriko dute azterketok. Luis Blancok dio REACH beharrezkoa zela, baina Europar Batasuna saiatu behar zela munduko gainontzeko herrialdeetan ere antzeko legeak onar zitzaten, orain eurek lehiakortasuna galduko dutelako. Ikerketetara bideratutako diruak garestitu egingo ditu substantziak “eta fabrikatzaileak nahiago izango du lehengaia beste herrialderen batean merkeago erosi”. Idazkari nagusiaren esanetan, Euskal Herriko enpresen profila da ahulena, oso aktiboak baina tamaina txikikoak direlako: “Multinazionalak bailiran egin beharko diote aurre datorrenari, inbertsio berdina egin beharko dute, baina baliabide gutxiagorekin”.
 
Kontuak kontu, ingurumenak eta osasunak izan beharko lukete lehentasuna erabaki hauetan guztietan. Arazoa da Bigarren Mundu Gerratik izugarri garatu den industria kimikoak egungo munduaren oinarriak ezarri dituela eta bizimodu eroso honetara errazegi eta azkarregi ohitu garela.
Istripu larririk gerta al daiteke?
Amonio nitratozko ongarriak zeramatzan itsasontzi batek eztanda egin eta 500 hildako utzi zituen Missouriko Times Beachen (AEB, 1947); fabrika kimiko baten istripuak eragindako dioxinazko hodei toxikoak 730 lagun gaixotu zituen Seveson (Italia, 1976); eta enpresa petrokimiko baten eztandak 29 pertsona hil zituen Toulousen (Frantzia, 2001). Are latzagoa izan zen 1984an Bhopalen (India) gertatua: pestizida fabrikako ihes batek 8.000 pertsona akabatu zituen eta ondorengo urteetan 16.000 gehiago hil eta beste milioi erdi gaixotu ziren. Egun, oraindik ere pestizidek kalte ugari sortzen dituzte herrialderik pobreenetan.

Gurean, enpresa kimikoei ez zaiela ia kontrolik egiten dio Carlos Alonso Ekologistak Martxan-eko kideak: “Baliabide faltagatik, ikuskatzea enpresaren beraren edo enpresak ordaindutako kontsultari teknikoen esku uzten da. Ihesak eta isuriak oraindik oso ohikoak dira eta, oro har, herritarrak salatzen dutenean baino ez da eskua sartzen, hodei toxikoren bat ikusi edo zerbait arraroa usaindu dutelako”. Luis Blanco Aveq-Kimika EAEko enpresa kimikoen idazkari nagusiak, aldiz, instalazioek oso neurri zorrotzak betetzen dituztela ziurtatu du eta Eusko Jaurlaritza bereziki zorrotza dela munduko legedi zorrotzena (Europar Batasunekoa) aplikatzen.

Istripu larririk gerta al daitekeen? Blancok eta Alonsok ikuspegi desberdinak dituzte. Idazkari nagusiaren hitzetan, probabilitate kontua da: “Madrilera autoan joatea hegazkinez joatea baino arriskutsuagoa da, estatistikoki frogatua dago, baina jendeak beldur handiagoa dio hegazkinez joateari. Gu hegazkina bezalakoak gara: askoz seguruagoak, baina komunikazioaren arloa hobetu behar dugu. Jendeak ezezaguna denari dio beldurra, baina fabrikak barrutik ezagutuko balituzte, lasaiago egongo lirateke”. Alonsorentzat ere, istripu larriak gertatzea zaila da, baina ez ezinezkoa, eta egon diren susto garrantzitsuen artean Rontealde enpresakoa (Barakaldo, Bizkaia, 1992) eta Petronorrekoa (Muskiz, 2002) aipatu ditu.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen saileko datuen arabera, 1987 eta 2004 urteen artean industria kimikoari lotutako bost istripu larri jaso dira. “Ez dugu hondamendirik ikusi –dio Alonsok–, baina gertu egon gara”. Eusko Jaurlaritzako Larrialdi sailak 10 enpresa kimikoren inguruan bizi diren 11 herritako 70.000 lagun sartu ditu arrisku eremuan: Hernani (Gipuzkoan), Muskiz, Abanto, Zierbena, Barakaldo, Erandio, Santurtzi, Gueñes, Alonsotegi (Bizkaian), Lantaron eta Legutio (Araban). Bertako larrialdi planak hainbat bizilagunentzat oraindik ezezagunak direla uste du Carlos Alonsok. Halaber, askotan ezezagunak zaizkigu gure egunerokoan erabiltzen ditugun substantzia eta produktu kimikoen arriskuak, egunero ehunka substantziarekin kontaktuan gauden arren.

ASTEKARIA
2008ko maiatzaren 18a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kutsadura
2024-04-12 | ARGIA
Espainiako Estatuan karbono dioxido gehien isurtzen duten hamar enpresen artean: Repsol, Iberdrola eta ArcelorMittal

2023an, karbono dioxido isuriek %5,3 egin dute behera Espainiako Estatuan. Gehien isurtzen duten hamar enpresen artean, bakarrak egin du gora, Iberia hegazkin konpainiak, %10,7ko igoerarekin. Kutsatzaileen zerrendan aurrena Repsol dago.


Giza karenan ere aurkitu dituzte mikroplastikoak

AEBetako ikertzaile-talde batek 62 giza karena edo plazenta analizatu ditu, gas-kromatografia eta masa-espektrometria baliatuta, eta frogatu du lagin guztietan mikroplastikoak zeudela. Toxicological Sciences aldizkariak argitaratu du ikerketa. Haren arabera, karen batzuetatik... [+]


2024-02-09 | Euskal Irratiak
Alice Leiziagezahar, Europa Ekologia-Berdeak
"Pestizidek ez dute laborarien egoera hobetuko, haien osasuna okertuko baizik"

Laborariak karrikara atera dira Europa osoan, bizi eta lan baldintza hobeak aldarrikatzeko. Mobilizazioek eragin duten krisi politikoari, pestizidak apaltzeko planaren gibelatzearekin iharduki dio Europako Batzordeak.


Arbonako eskolara bideratu lurren kutsadura aztertzeko eskatu du Paueko Administrazio Auzitegiak

40 urtez zabortegi gisa erabilitako eremu batean ari dira eskola publikoa eraikitzen. Kutsadura arriskuak kontuan harturik, leku aldaketaren alde dabil borrokan Hats Berri Bat Arbonari deitu oposizioko taldea. 2024ko irailean abiatuko den ikasturterako bukatu nahi ditu obrak... [+]


Eguneraketa berriak daude