argia.eus
INPRIMATU
Innovation
Andoni Mujika Ulazia @mujikaandoni 2008ko maiatzaren 18a
Andoni Mujika
Andoni Mujika
Berrikuntzaren garaia dela argi geratzen ari zaigu instantzia zenbaitetatik jasotzen dihardugun mezuaren eraginagatik. Orain, berrikuntza da terminoa. Aro honetan, eta herri txikia izanik gehiago, badirudi gure nazio-estrategiaren zutabeetako bat izango dela. Eta horren esatari tematsuenak agente instituzionalak dira, dela administrazioa, direla enpresa erakundeak, dela unibertsitatea... Kuriosoa da. Programak daude ekintzailetasuna sustatzeko, zerbitzu eta produktu berriak sortzeko, sariak sormenerako… baina programak dira. Eta aspaldiko predikatzaileari gertatzen zitzaiona gertatzen ari zaigu neurri batean, esan bai, egin ez. Gertatzen ari zaiguna da berrikuntzaren plano bakarrean gabiltzala (tekniko-teknologikoan) eta ez gabiltzala bere giza-gizarte dimentsioa pentsatzen eta formulatzen ari. Horretarako ere, herri honek dituen potentzialtasunak aktibatu beharko genituzke eta, konplexu barik, proiekturik ez duenak entzun eta ikasi, denok ikasi. Konbentzionala izaten jarraitzeak gauza batzuetarako balio ez badu, gainontzekoetarako ere ez. Eragileek, alderdiek, ezkerrak, administrazioak… desafio zentrala dugu honekin. Herri hau sen onez, jakintasunez eta maitasunez pentsatzeko, formulatzeko eta egiteko unean gaude. Herri honek proiektuak, eta proiektua, behar ditu.