Han urrun etxe pospola

Jose Ignazio Ansorena
Judit Fernandez
Han urrun etxe pospola, hola, hola,
tximinitik gora kea dariola, hola, hola.
Gaintxoan arbola, zelai erdian,
erreka pospola etxe atarian,
eta tralala, eta tralala,
dena txiki, txiki, txikia, hola.
 
1936ko urriaren gau batean, matxinoek Arrasateko hiru apaiz –Jose Joakin Arin, erretorea, Joseba Markiegi eta Leonardo Guridi laguntzaileak– afusilatu zituzten Oiartzungo hilerriaren ondoan euskaltzale eta abertzaleak zirelako. Markiegi zen haur abesti eder eta zirraragarri honen hitzen egilea. Doinuak Emile Jaques-Dalcroze, musikaterapia eta erritmikaren aitzindari izandako suitzar musikari handia, du egile. Bere ikasle Joan Llongueresek egokitu zuen katalunierara eta hortik hartu omen zuen Markiegik Pospoliña mugimenduaren bertsiorako.
 
Abesti honek, hitzen eufoniaren jolas ederraz gainera, badu alegoria tankera. Garai hartako abertzale sutsu haiek nolako etorkizuna nahi zuten Euskal Herriarentzat umetxoei erakusteko era soil bezain eraginkorra: etxe pospola.
 
* * *
 
Arrasaten berriro odola protagonista azken garaiotan. ETAk hildako langile baten odola. Berriro entzun dugu denetarik ETAkoengatik. Hitz gehiegi eta maiz desegokiro erabilita. Horrelakorik egiten duena fanatikoa da, ez du beste hitzik behar.
 
Zer gertatu da abertzaletasunean azken urte luze hauetan? Nola bihurritu da bidea hainbeste? Agian pentsatu genuen ultraespainolen fanatismoa larrutik ezagutu genuelako ez zegoela arriskurik gurean horrelakorik sor zedin. Inor ez dago, baina, amildegi horretatik urruti. Israel eta Palestinako kasua adibide.
 
ETAk gizarteari ekarri dizkion kalteak ugari eta handiak dira. Biktima zuzenei aurrenekoak noski. Baina abertzaletasunari ere erruz ekarri eta ekartzen dizkio. Lortu du abertzaletasunaren eremuan –ezkerrekoan ere bai– gorrotozko erretena sortzea. Ahal izan duen neurrian, baita euskal kulturan ere. Eta asmo abertzaleen perzepzioa nahastea gugan eta gizarte osoan. Azken honetarako kolaboratzaile finak izan ditu estatu eta estatusaren propagandaren aldetik.
 
Horregatik, besteak beste, ez dut uste ETA abertzale jendeak gobernatzen duenik. Ekintzaileak ustezko abertzale fanatikoak dira, zalantzarik gabe. Bihar buruzagiak ni edo zu akabatzea komeni dela esaten badie, itsu-itsuan horixe prest betetzeko daudenak. Baina zer, nor, nola, non, noiz erabakitzen dutenek abertzaleenak ez diren beste interes batzuk dituzte.
 
* * *
 
Kaltea eginda dago. Nola lortu ahalik eta azkarren kalteak ez handitzea? Ez da lantegi erraza. Ez dut uste Espainiako gobernuak abiatutako neurririk gabeko errepresio bideak ere ezer onik ekar dezakeenik. ETAk esan eta egiten duen guztiari amen esateak ere ez. Aurrena etxekoa konpontzen hasi behar dugu. Denok, baina bereziki ezker abertzaleko jendeak berak ETAri eskatu behar dio, modu eraginkorrean, bere jardun garratza geldi dezan.
 
* * *
 
Abertzalea... hitz ederra zen. Aberria maite duena. Ez du gorrotoaz ezer adierazten. Ni abertzalea naiz. Baita independentziazalea ere. Uste sendoa dut horixe dela bide bakarra Euskal Herriak herri gisan etorkizun ona izan dezan.
Baina abertzaleaz gainera, bestelako usteak ere baditut bizitzan. Oinarrizkoenetako bat Txillardegik, hizkuntzaz ari zela, aspaldi formulatu zuen hobeto ezin: “Bideak erakusten du helburua eta ez alderantziz”. Nahiak ere baditut: gizartean eta munduan kupida lege izatea esaterako.
 
Joseba Markiegik zer esango zuen ETAren aurrean? Ez dut dudarik: “Ez, horrela etxe pospola gero eta urrunago”.

Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude