argia.eus
INPRIMATU
"Ardi beltzak", artzain zuriak?
Juan Mari Arregi 2013ko maiatzaren 06a
Roberto Zearsolo Guggenheim Museoko finantza arduradun ohiak eginiko ia milioi erdi euroko iruzurrak zeresan politikoa eman du joan den astean. Aste honetan horren inguruko eztabaida parlamentarioa egingo da eta arreta judiziala ere eskainiko zaio. Museoko lehendakari nagusiak, Juan Ignacio Bidartek, agerraldia egin beharko du Eusko Legebiltzarrean eta auzitegian, ustezko iruzurgileak deklaratu beharko duen auzitegi berean. Orain arte ez du inork dimititu, ez ustezko iruzurgilearengan konfiantza izan zuten Bilboko museoko kudeatzaileek ezta hura aukeratu zutenetaz fidatu ziren politikoek ere. Eta okerrena da museoaren kudeaketaz arduratzen direnek, erantzukizuna “ardi beltz”arena soilik izango balitz bezala jokatzen dutela.
 
Herri Kontuen Euskal Epaitegia (HKEE) delakoaren arduradunek Bizkaiko Batzar Orokorren aurrean hitz egin zuten aurreko astean. Han esan zuten Tenedora sozietateak zein Guggenheimeko higiezinen enpresak sozietate anonimoa eratu behar zutela auzitegiak eurak kontrolatu ahal izateko. “Auzitegiak kontu-ikuskapenen inguruan emandako aholkuak jarraitu izan balituzte irregulartasunak saihestu zitezkeen 1998az geroztik”, gaineratu zuen. Museoak ikuskapenen ohitura 2007an berreskuratu zuen, aurreko bederatzi ekitaldietan halakorik egin gabe egon ondoren. 1998 eta 2005 artean egin zituen, hain zuzen ere, museoko finantza arduradun ohiak desbideratze ekonomikoak. Horregatik, ez da bidezkoa erantzukizun guztia finantza zuzendari ohiari, “ardi beltza”ri egoztea. Zer egin zuten “artzain zuriek” egoera hori saihesteko? Jakin denez ezer ere ez, HKEEren bidez aholkuak eman baino ez. Eta denak dira “artzain zuriak”, Bidarte zuzendari nagusitik hasi eta HKEEraino, tartean Eusko Jaurlaritza ahaztu gabe. Beraz, ezin da “ardi beltza” soilik begiratu.