Antzinako Lanbideak liburuaren azala
Carmelo Urdangarin Altunak (Deba, 1932) etnografia ikerketan azken urtean egindako lanen emaitzak bildu ditu Antzinako Lanbideak XI liburukian. Azpimarratzekoak dira itsas makinistei eta musika instrumentuak –txistuak, danbolinak eta atabalak– egiten dituztenei buruzko lanak. Halaber, erlojuak, zurezko altzariak eta alfonbrak egiten dituztenak ere aztertu ditu; baita txotxongilo egileak, zuraren zizelkariak, apaingarri egileak, jostailu-artisauak, kutxak eta argizaiolak egiten dituztenak eta larruzko abarka egileak ere. Eta ez dira falta etorkizunean zailtasun handiak izan ditzaketen beste lanbide hauetan aritzen direnak ere: marko egileak, koadernatzaileak, kutxatila egileak eta eraikin tradizionalen modelogileak.