Tuneleko argiaren ajeak

Gogoeta dut hau, laburra baina ez arina. Marko Demokratikoaren proposamena tarteko helmuga egokia hartzen duen ezkerreko subiranista batek etxe barrurako egina, ezkerrak gaur eta hemen izan behar duenaren gainekoa bazter utzita oraingoan.

Tuneletik tunelera goaz subiranistok, hori bai, garaipenera-edo garamatzan bidetik. Horrela ikusten dut nik behintzat, tunelak eskaintzen duen argiaz, askotan garaipenaren atarian garela entzun arren. Zikloz ziklo gauzak ikusteko eta ulertzeko talaiak diferenteak izatearen ondorio, seguruenik. Jakin badakit gurea bezalako prozesu subiranista berez dela konplexua, baina horrexegatik nik bide-orria, bere funtsean argia, behar dut buruan izan, unean une bide-orriaren zein lekutan nagoen argigarri.

Jakina, ezkerreko subiranisten bide orriaz ari naiz, ez beste batzuenaz; eta, jakina ere, helburuaz eta helbideez ari naiz, are gehiago, azken hauez batez ere.

Gaur gaurkoz bide-orri horren faltan nago ni. Independentista independentea, kasik. Nire ustez prozesu subiranista batek bi zutabe behar ditu ezinbesteko: burujabetza ukatzen duten oztopo estrukturalak gainditzekoa, proiektu politiko guztiek gauzatzeko modua izan dezaten, bata; eta bestea, prozesu horren aldeko gehiengo sozial zabala, gauzatzearen berme modura. Eta biak uztarri berean. Are gehiago, aipatu bigarrena prozesurako funtsezkoa izanda ere, are funtsezkoagoa zaigu lehenengoa bera lortzeko. Baina agiriak gogoan, erakunde armatuak bestelakorik uste duela begitantzen zait, gehiengo sozialarena geroko beste fase baterako utzita oztopo estrukturalak gainditzea berari dagokiolakoan, bere modura egoki ere.

Estrategiaz estrategia ping-pong partiduko ikusle ikusten dut nire burua, errepresioa-ekintza-errepresioa gurpil antzeko kate zaharberrituan. Are gehiago, noren bide-orritako zein lekutan nagoen jakitera iritsi gabe. Nazio eraikuntzan garela dudarik ez dut, ekimenak ekimen, baina nire iritzian gure eraikuntza mantsoago doa kontrakoen ezarpena baino, azken finean horiek ez dute bide-orrien beharrik, iraganaren inertzia nahikoa dute eta; baina subiranistok ezin inertziak bultzatuta aritu, iraganari uko egin gabe geroaren orainak bestelako helbideak behar dituelako. Horizontala bertikala baino, kontundentzia zibila militarra baino, borroketan eraginkortasuna auto-satisfazioa baino, eraikuntza erresistentzia baino... Balizko bide-orriaz ari naiz.

Traba nagusi bi ikusten ditut ezkerreko subiranisten mugimendu eraginkorra ganoraz gorpuzteko; eta ez doaz ordenan. Batetik, batzuek biolentzia politikoa ulertu eta honen eragin politikoa baloratzeko orduan erakunde armatuaren jarrerarekiko duten larregizko atxikimendua. Bestetik, beste batzuek gainditzea eskatzen duten marko juridiko-politikoak eskaintzen dituen aukera instituzional eskasekiko duten gehiegizko atxikimendua. Traba diren oztopo biak gainditu gabe eta helbideen gaineko gogoeta berriturik gabe zaila ikusten dut nik burujabetzaren aldeko ezkerreko mugimendu sozio-politiko zabal eta eraginkorrari muina eta gorputza ematea. Eta betaurrekoak ipinita ez dut hori konponduko, badakit.

Zeharreko lan-eremuak zabaldu behar dira gaurko markoa zinez gainditu nahi dugun ezkerrekoen artean, helburuaz eta, batez ere, konfrontazio politikorako helbideez adostasun sendo baten inguruan, beto guztiak baztertuta, iraganetik datozen batzuenak eta besteenak barne. Guretzako bide-orri eraginkorra behar dugu, orain artean ezina izan dena ahalbide bihurtzeko. Konfrontazioa ulertzeko bestelako bideak.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude