Lantik, Bizkaiko Ogasun departamentuaren menpeko enpresa publikoa, orain arte egiten zituen lanak azpikontratatzen hasi da. Lan horiek joan den astelehenean abiatutako 2007ko errenta aitorpenaren ingurukoak dira. Ondorioz, sozietate anonimo bat, inolako kontrol publikorik gabea, arduratuko da telefonoz informatzeaz eta aitorpenak grabatu eta eskaneatzeaz. Horretarako, enpresa pribatuak sarbidea izango du Ogasuneko datuetara, hau da, Bizkaiko zergadunen informazioa biltzen duen datu-basera. Duela gutxi arte lan horiek Ogasuneko langileek burutzen zituzten, gero Lantik enpresak egin zituen epealdi baterako langile prekarioen bidez. Orain, Bizkaiko Foru Aldundiak pauso berri bat eman du eta zergadun guztien isilpeko informazioa enpresa pribatu baten esku utzi du. Ez da lehen kasua, hiri katastroarekin eta ekintza sozialekin lotutako gaiak ere enpresa pribatuek kudeatzen baitituzte.
Gauzak foru erakunde horretako LAB sindikatuak salatu bezalakoak badira, oso kontu larria da. Eta ahaldun nagusiak azaldu beharko luke. Izan ere, zergadunen isilpeko informazioa enpresa pribatu baten esku utzi da eta inork ez daki zertarako erabil litezkeen datu horiek. Nork eta nola kontrolatzen du hori guztia? Gainera, enpresa horiek denboraldi baterako langileak kontratatzen dituzte, prekarietate egoeran. Eta hori gobernuko alderdi politikoak zerbitzu publikoak pribatizatzeko duen politikaren ondorio da. Diru publikoarekin ez da jolasten. Ez dezatela gure diruarekin lana are prekarioago bihurtu.