Senez
Euskal itzultzaile, zuzentzaile eta interpreteen elkarteak plazaratzen du Senez aldizkaria. Argitaratu berri den 33. zenbakia berezia da, euskal literaturaren lagin bat hizkuntza ugaritan biltzen duelako. Oraingoan Iban Zalduaren Itzalak ipuin liburutik hartutako izen bereko narrazioa kaleratu dute, jatorrizko hizkuntzan ez ezik, Angel Errok gaztelaniara, Christiane Bendelek alemanera eta Roberta Gozzik italierara egindako itzulpenetan. Aldizkarian hori baino gehiago ere badago gainera. Esate baterako, Iban Zalduaren Itzulpengintza testua ageri da aldizkariaren hasieran, eta amaiera gisa, Kristin Addisek ingelesera itzuli duen Nekane kontakizuna dago, baita Iban Zalduak berak euskarazko Nekane ipuinarekin egin duen gaztelaniazko autoitzulpena ere.