argia.eus
INPRIMATU
Peter Pan berriak
Txoli Mateos 2008ko maiatzaren 11
Txoli Mateos
Txoli MateosJudit Fernandez
Gorka, 28 urte. Futbolean jolasten du asteburuetan. Partidaren ostean, amari eramaten dizkio kirol jantziak garbitzeko. Ama arduratuta egoten da egun horretan hidratoak jan behar dituelako semeak.

Mikel, 27 urte. Autonomo gisa lan egiten du eta sarritan abiatzen da bidaian. Amak prestatzen dio bidaia-poltsa. Ama, horrez gain, eguraldiaren aurreikuspenak lortzen arduratzen da, arropa egokiak aukeratze aldera.

Ane, 29 urte. Aurten lanpostu bat lortu du unibertsitate-irakasle gisa. Aita egunero-egunero joaten da etxera bientzako bazkaria egitera, osterantzean, “edozein gauza” jaten omen du-eta.

Honatx galdera: noiz amaitzen da gaztaroa?

Esan beharrik ez dago: gazte izatea, ume izatea bezalaxe, garai historiko eta gizarte-testuingurura moldatzen den definizioa da. Orain mende bat, gutxi gorabehera, ez zegoen ez haurtzarorik, ez gaztarorik. Geroago, haurra zaindu beharreko altxor bihurtu zen. Eta gaur egun, gazte izatea, ukaezineko arazo eta gabezia askoren iturri izan arren, egoera pribilegiatu ere bilakatu da. Halaxe da eta aitortu beharra dago. Gobernu-agintariak aukeratzeko gaitasuna duten gazte horiek ez dira gai euren kasa bizitzeko eta egunerokotasunak dakarren arazorik ñimiñoenari ere aurre egiteko. Are gehiago, arlo publikoan –adibidez, militantzia politikoan– hamaika sakrifizio egiteko prest daudenek ez dute prestutasun txikienik ere erakusten arlo pribatuan sortzen diren egoera lazgarrietan laguntzeko. Heroi eta eskuzabal gizartean, zeken eta ezgauza etxean.

Eta, txikle magiko bat bailitzan, luzatzen eta luzatzen doa gaztaroa gure artean. Baina gaztaroa luzatzen den heinean, luzatu ere egiten da gurasoen ardura-garaia, zeren eta ume/gazte bat dagoen lekuan, heldu bat egon behar da haren zerbitzura. Peter Panek ere ez zuen hazi nahi, baina ez zuen inor ere bera zaintzeko; beste ume batzuekin bizi zen eta euren kasa ibiltzen ziren.

Gaurko Peter Pan berriek, ordea, morroi andana behar dute inguruan. Gainera “eskertu ere ez dizute egiten”, kexatzen zen lehengoan, etsita, aita bat. Eta Peter Panen uhartearen ordez, etxebizitza eroso eta guraso ulerkorrak aurkitu dituzte. Ulerkorregiak, agian.