argia.eus
INPRIMATU
Osasuna
Elgorriak gora egin du Europan
Jabier Agirre 2013ko maiatzaren 02a
Elgorria
Elgorria
2008an 1.300 elgorri kasu erregistratu dira Suitzan, Erresuma Batuan, Frantziako eta Espainiako Estatuetan, Danimarkan, Alemanian, Austrian eta Norvegian. Apirilaren 7ra arte 75 kasu susmagarriren berri eman da Espainiako Estatuan, eta horietatik 40 baieztatu dira gerora. Ia denak Andaluzian eman dira, brote beraren inguruan.

Egoera ez da ustekabekoa izan osasun alorreko agintarientzat. Azken hiru urteotan, elgorri kasuak hamabost aldiz biderkatu dira. Gaitzak 2006an hartu zuen indarra eta 197 kasu erregistratu ziren. Kontuan izan behar da aurreko urtean, 2005ean, hamazazpi gaixo baino ez zirela izan. Iaz ere goranzko joerak jarraitu zuen eta 265 izan ziren kutsatuak. Ondorioz, Espainia kasu gehien eduki duten Europako herrialdeen mailan kokatu zen, aurretik Irlanda, Suitza, Errumania, Erresuma Batua eta Alemania besterik ez zituela.

Sukarra, erupzioak –orban gorrixkak– gorputz osoan, konjuntibitisak… Elgorriaren ohiko sintomak Europa osoan berragertzen hasi dira, medikuek gaitza ia ahaztuta zutenean. Elgorriaren txertoa hazizurrien eta errubeolaren kontrako txertoekin batera ematen da, ziztada bakarrean, txerto hirukoitz birikoa izenez ezagutzen den horretan. Segurua eta eraginkorra da; beraz, nola ulertu gaixotasunak egin duen gorakada? Arrazoiak asko izan daitezke: txertatu gabeko etorkinak lurralde horietara etortzea, albo-ondorioen beldur hiritar batzuek beren seme-alabei txertoak jartzeari uko egitea...

Elgorria oso kutsakorra da. Txertaketa bidez estaldura-mailarik handiena lortu zen urteetan elgorriak ia desagertzeraino egin zuen behera. Baina, aldi berean, gaitzarekin harremanetan egotean biztanlerian eragiten zen immunitate naturala ere jaitsi egin zen. Ondorioz, birusak berriro ere kutsatzeko ahalmena du eta arrisku bilakatu da, batez ere txertatu gabeko hiritar multzoentzat, dela hamabost hilabetetik beherako haurtxoak direlako –adin horretara iritsi arte ez zaie txertorik jartzen umeei–, dela gaitza inoiz izan ez duten 25-40 urte bitarteko helduak direlako –umeak zirenean txertorik ere ez zegoen–.