argia.eus
INPRIMATU
Landareak
Gero garo
Jakoba Errekondo 2013ko maiatzaren 02a
Eskoziako 'kilt'ak
Eskoziako 'kilt'ak
Dagoenerako, datorkien bolada onari usaina hartua izango diote. Honez gero milaka ehunka hamaika kolonizazio amarru eta azpijoko prest izango dituzte. Gero ere garotik izan dadin.

Bazka ez izateko pozoia garatzeak iraun, bizi eta hedatze bidea eman dio gure garo arruntari, Pteridium aquilinum. Lurpean dituen zuztar lodikoteak gizendu eta etengabe luzatu eta luzatu. Zuztarra luzatu eta landare berri bat sortu eta zuztarra luzatu eta landare berri bat sortu... Duela milaka urte bizi zen landare bera da egungoa, berbera, klona. ADN eta adimen bera ditu. Liluragarria da garo honen hazi eta hedatzeko artea. Makulu eran zabaltzen dituen orriaren muturra eta, batik bat, zuztarrarenaren formak zutabe joniarren kapitelen inspirazio iturri omen... Beste erabilera ugarien artean tori bitxia: Eskoziako klanetako gonagai tartanari eta Ipar Ameriketako indioek bere ehunei kolorea emateko, berdea, horia, marroia, beltza... gordinik edo irakinda maneiatzearen arabera.

The Independent egunkariko ingurumen editoreak, Geoffrey Leanek, idatzi duenez, oraintsu argitara eman eta pantailaz pantaila dabiltzan ikerketa baten ondorioak harrigarriak dira, eta zurtu naiz. Harri eta zur. Loreek bere usaina zabaltzeko zailtasun gero eta agerikoagoak dituzte. Loreen usainak harrapatzen duen distantzia ikaragarri mozten du kutsadurak, nonbait. Naturako prozesu oinarrizkoenetako bat, landareen ugalketa, arriskuan omen: intsektuak ezin erakarri, loreak ez du fruiturik emango eta fruiturik gabe gosea datorkigu guri. Ezer txarrik ezean kilometrotik harantz erleek erraz adituko luketen usaina 300 metrora hartu ezinik dabiltzala dio Virginiako Unibertsitatean burututako lanak. Loretzak osatzeko erabiltzen den dragoi-muturra (Antirrhinum majus) izan dute gaia. Ez da zaila kontrario gogorrena zein zuten asmatzea: automobilen kea. Harago doa, ordea, kutsaduraren kiratsa. Ameriketan batik bat, baina mundu osoan, ezin konta ahala akabatzen ari diren eultzeak, gizakion elikaduran behar beharrezkoak diren erle-eultzeak, usain-kirats borroka honen ondorioz galtzen ari ote diren ba...

Bolada datorkiela garoei. Ugaltzeko lore beharrik ez hauek...