Konplexu eta estereotipoak hausteko ordua

  • Generoak bertsolaritzan duen eragina aztertu genuen apirilaren 26an, Lugaritz kultur etxean (Donostia) egindako mahai-inguruan. Maialen Lujanbio, Onintza Enbeita, Jon Maia eta Unai Muñoa aritu ziren mahaitik, eta entzuleak oso kualifikatuak zirenez, hainbat galdera eta ekarpen egin zituzten. Mami hartatik ideia nagusi batzuk bildu ditugu hemen, eta sakondu nahi duzuenek www.bertsoa.com webgunean duzue mahai-inguru osoa ikusgai, baita www.argia.eus helbidean testu osoa eta pasarte onenen bideoa ere.
Bertsolaritza eta generoa
Bertsolaritza eta generoaNagore Lozano

Saioetan normalean emakume bakarrak kantatzeak nola eragiten du emakume horrengan eta oholtzako gainerako gizonengan?



Jon Maia. Nik ez dut oholtza gainean horren eraginik sentitzen. Baina kartel bat ikusi eta “oso kartel maskulinoa dela” pentsatzen dut askotan. Kartel horretan denak mutilak dira, baina “maskulinoa” ez dut juzkatzen denak mutilak direlako bakarrik, zer mutil klase diren aztertuta ere bai. Nahiz eta sei gizonezko izan, kartel horretan ez dauden beste lau balira, beste profil edo sentsibilitate batekoak, pentsatuko nuke kartel horrek baduela bere femenidadea.

Onintza Enbeita
. Saio batetik deitzen dizutenean onena da ez pentsatzea neska zarelako deitu dizutela, zeren hor dena okertzen hasten da. Sekulako pisua geratzen da geure gain, badirudi ordezkatu behar dituzula ez dakit zenbat lagun lau bertsotan, eta hori ezinezkoa da. Zu zu zara eta zeuretik kantatu behar duzu. Batzuetan kantatzerakoan pentsatzen dut “esango nuke halako astakeria bat”, ahora etorri eta botako nuke, eta gero pentsatzen dut “bai, ederra imajina, neska batek emateko, bat etorri eta hau esan...”. Baina beno, ni horrelakoa naiz! Eta badakit Maialen ez dela horrelakoa, askoz diskretuagoa da, egiten du berba bi aldiz pentsatuta... Nik rrrra botatzen dut, baina askotan mozten naiz “imajina hori emango dut nik? hori da nesken imajina?”. Beno, ba zer arraio, nire imajina bai! Baina presio hori kantatzerakoan muga bat da eta oraindik salto txiki bat dugu hor emateko.

Maialen Lujanbio. Azken aldian sentitzen ari naiz sormenarentzat ere traba izan daitekeela saioko emakume bakarra izatea. Askotan gai bat planteatzen dute emakumearen rolarekin zerikusia duena, eta askotan sentitu naiz aukeratu beharrean: bertsotan gaiaren planteamendua bera kritikatu, edo gai horretan sartu eta saiatu umorea egiten. Kinka horretan sentitu naiz eta sormenaren kontrakoa dela esango nuke, zeren zure ideia distiratsu, graziosoak bota beharrean, sakrifikatzen duzu ideia hori argi geratu dadin planteamendu horrekin ez nagoela ados. Ideia sakrifikatzen duzu ideologia lehenesteko. Horren erremedioa da emakume gehiago egotea oholtzan. Emakume asko dagoenean eta bakoitzak bere izaera lasai azal dezakeenean, ez dugu beldurrik izango emakumeez entzuten den gauza bakarra bere ahotik entzungo dela, egin zenezake pertsonaia bat nahi bezain estremoa, lasaitasuna duzulako beste batek egingo duela beste paper bat, moderatuagoa edo nahi den bezalakoa.

J. Maia. Traba izan daiteke zuentzat ez bakarrik obligazioa sentitzen duzulako, baita ere baldintzatuta dago zure jarduna zuri jartzen dizkizutelako emakumeei buruzko gaiak. Zure gai esparrua mugatuta dago beti emakumearen rola jokatu behar duzulako, gainera zentzurik konbentzionalenean, ez emakume igeltsero, idazle edo abar. Bertsolaritzak badu funtzio sozial bat, nik bertsolaritza entretenimendu bezala ulertzen dut, baina beti saiatu naiz bertsoen bidez funtzio soziala betetzen eta sozialki eragile izaten. Uste dut eragin behar dugula sozialki, eskuan mikrofono bat dugulako. Ez dakit guk autore bezala dugun kontzientzia bera duten gai-jartzaileek. Eurak ez dira gu bezainbeste biltzen, astero, eta debatitu, euretako asko puntualak dira, urtean behingoak. Gu autore bezala saiatzen gara koherentzia bat lantzen eta abar, baina gainerako estamentuak ez doaz abiadura berean. Denok aldi berean ez joateak beti eragingo dio emakumeari. Hau landu beharreko gauza bat da, ez da berez eta bakarrik gertatuko den zerbait. Gizartean ere bere kasa aldatuko ez den bezala. Bertsotako gaiak ere askotan dira errealitatearen ispilu, eragile baino.
Bestalde, eta ordezkaritzaren kontura etorrita, Txapelketan nabarmen ikusten da emakumeen ordezkaritzaren logika nola agertzen den. Adibide moduan, Belodromoan emakume denek nahi zuten Maialenek irabaztea, genero gerra baten modura bizi izan zen.

Politikoki polita da saio bat antolatzerakoan emakume bat sartzea. Baina zergatik bakarra? Maila al da arazoa?


Unai Muñoa. Maila ez da arrazoi nagusietako bat, baina gaur egun bertsolaritzan mailak oso bereizita daude eta sozialki goi mailakotzat identifikatzen den bertsolaritza horretan emakumezkoen kopurua mugatua da. Antolatzaile batek punta puntako saioa antolatu nahi duenean eta irakurtzen dituenean Lankuko zerrendak, A mailan edo B mailan dauden emakumeak ez dira asko. Beheragoko mailatara jotzen badugu konturatzen gara emakumeen presentzia askoz handiagoa dela.

M. Lujanbio. Nik uste zenbakien kontu hori ondorio bat dela eta jatorrira begiratu behar dela. Begiratu behar dugu gizartearen erdia izanik, zergatik diren hain gutxi kantuan ari direnak, gizonezkoekin konparatuta. Hor atzera begiratu behar dugu, heziketara eta gure gizarte ohituretara. Batetik, espazio publikoa gizonezkoena izan da, eta espazio pribatua emakumeena. Emakumeen hitzari eta ekintzari ez zaio garrantzirik eman izan sozialki, plazan emakumea ez da protagonista izan, ez da erdigunea izan. Bertso eskoletan 15-16 urte dituzten neska askok eta askok utzi egiten dute. Ez dutelako euren burua ikusten berrehun pertsonako plaza baten aurrean hizketarako gai, eta hori kirolean eta beste hamaika aktibitatetan pasatzen da.

U. Muñoa. Maialenek esandakoarekin bat egiten dut. Ni hezkuntza arautuan nabil bertsolaritza irakasten eta nabari da. Sentsazioa dut oso txikitatik neskekin askoz exijenteagoak garela. Irakasleekin komentatu izan dut neska bat ikasle txarra izateak harritu egiten gaituela, neska batek letra txarra izateak harritzen, neska bat jolastordutik lokatzez zikinduta etortzeak harritzen gaitu. Neskak emaitza onak lortu behar ditu. Mutilek marjina gehiago daukate hor. Neskek txikitatik garatzen dute autoexijentzia maila bat, segurtasunik eza ekartzen duena. Jendaurrera zoazenean, oso ziur egon behar duzu egingo duzun hori ongi egingo duzunaz, beti ikasi duzulako gauzak perfekzioan egiten, hori eskatu zaizulako beti. Eta justu bertsoa horretarako txarrena da: zuk hitzaldi bat prestatu dezakezu oso ondo eta bertsotan inprobisazioa da, bat-batekotasuna, eta zure buruaz oso ziur egon behar duzu ongi egingo duzula. Uste dut emakumeak inseguritate hori baduela eta horrek zuzenean eragiten diola oholtza gainean pausoa emateko. Gaur egun bertso eskoletan neskak kopuruz gehiago dira, baina oholtzara jauzia ematen dutenen artean mutilak dira gehiago. Eta ez da gaitasun problema, nik ditudan ikasleetan normalean neskek azkarrago eboluzionatzen dute.

M. Lujanbio. Neskak perfekzionistak dira autodestrukzioraino, eta bertsolaritzan, gainera, ez dagokien mundu batera sartu behar dute. Emakumeengan gaizki ikusia izan da nabarmentzea, emakume nabarmena izatea. Eta bertsolaritza zerbait bada, nabarmentzea da. Jende aurrean jarri eta zure hitzaz ziur egotea. Eta horiek dira neskekin asko lantzen ez diren bi balore. Parekotasunarekin arriskua dago zenbakiengan arreta jarri eta horrekin konformatzekoa. Lagunartean, lantaldeetan eta abar nahiz eta kopuru berdina egon, niretzat gakoa da batzuen eta besteen hitzak ez duela pisu bera.

Jon Maia. Nik uste du antolatzaileek emakume bat baino gehiago deituko lituzketela saioetarako, baina kopurua ere bada arazo. Egia da neska gutxiago dagoela. Txapelketetan gertatzen dena gertatzen da, sailkatzen direnak sailkatzen dira, eta beti izaten dira neska gutxiago. Eta txapelketa da erakusleiho handiena.Unaik esan duen bezala, elite esaten denetik kanpo neska askoz gehiago dago, baina mutil gehiago ere bai, baina aurrerako pausoa batzuk ematen dute. Nik uste dut arazoa beherago dagoela, Unaik esan duen bezala hezkuntzan. Zer gertatzen da hor, aurrera-atzera egin behar denean neskek atzera egiteko? Zer eta nik beti ezagutu dudanean bertso eskoletan askoz neska gehiago egotea mutilak baino.

(Publikoari ireki zaio txanda, eta iritsi da lehen galdera) Bertsozale Elkartean kopuruak nolakoak dira?


M. Lujanbio
. Orain ari gara egiten azterketa bat Elkartean, eta gizon eta emakumeen parte hartzea nahiko orekatua da. Baina erabaki postuetan, zuzendaritzetan, eta muinekoen diren karguetan gehiengoa gizonezkoa da.

(Publikotik iritsi da hurrengo galdera ere) Emakumeen eguneroko bizitzako gaiak jarriko balira, hain onak izango zinateke gizonak?


U. Muñoa. Ziur aski ez. Nik sinesten dut guk geure maskulinitatea landu behar genukeela eta niri maskulino izateak modu negatiboan ere eragiten didala. Hori oso nabaria da mundu sentimentalean. Niri izugarri kostatzen zait sentimenduak adieraztea. Bertsolaritzak gizartearen inertzia jarraitzen du, eta gaiak hartzen ditu gizartearen aktualitatetik. Hau aldatu nahi badugu gai jartzaileetara asko jo beharko dugu, eta eztabaida hau eurei ere helarazi genero ikuspegia kontuan hartu dezaten.

O. Enbeita. Nik pentsatu nahi dut baietz, gizonak orain bezain onak izango liratekeela beste gai batzuk jarrita ere. Baina geure buruari autokritika eginda, uste dut badugula konplexu txiki bat neskok. Askotan pentsatu izan dugu geure gaiei buruz kantatzen ari bagara jendea aspertu egingo dugula. Badira gai batzuk guretzat egunerokoak, lagunartean komentatzen direnak eta pentsatu izan dugu areto batera igo eta horretaz ari bagara jendea aspertu egingo dela. Nik uste hor salto bat dugula emateko, geuk kendu behar diogula geure buruari konplexu hori eta gai batzuei buruz lasai jardun. Zeren futbolari buruz ehun mila aldiz eta bat gehiago jardunda jendea ez bada aspertu, bada gure gaiekin ez luke aspertu behar! Adibide memelo bat jartzearren, depilazioa.

J. Maia.
Naturaltasunez agertu behar lukete gai horiek, hori litzateke normalizazioa. Nahiz eta hori eragin egin behar den eta probokatu. Baina ez luke horrek helburu eta gai izan behar. Salaketa bezala planteatu daiteke, edo aldarrikapen gisa, baina ederrena litzateke depilazioa agertzea bertso barruan zure unibertsoaren parte delako eta etorri zaizulako horrekin ateraldi bat edo dena delakoa, bide bezala, osagai bezala. Eta ez kantatu horri.

M. Lujanbio. Bai, baina hor tranpa txiki bat dago, Jon. Badirudi femeninotzat jotzen diren gaiez propio aritzen garela, eta aldiz, gai maskulinoez kantatzen dugunean ez gara jabetu ere egiten gai horietaz ari garela, gai hori neutroa da, ez dugu sumatu ere egiten. Milioika aldiz kantatu dugu burusoiltzeari buruz, ia saio guztietan, eta ez dugu sumatzen mundu maskulinoaz ari garenik. Baina kantatuko bagenu depilazioari buruz, kontziente gara denok mundu femeninoaz ari garela. Gai markatua da, eta horregatik nekatu egiten du, presentzia handia hartzen du. Neutroa denak ez du nekatzen. Beste adibide bat jartzearren, harreman heterosexualez ari bazara, horrek ez du nekatzen, harremanez ari zarelako, orokorrean. Baina ateratzen baduzu “nire neskalaguna”, jada ez zara ari harremanez, homosexualitateari buruz baizik, eta gaia propio atera duzula dirudi, eta ez, harremanez ari naiz.

J. Maia.
Esan nahi dudana da depilazioa bigarren puntuan aipatzea litzatekeela naturaltasunez egitea, eta laugarren puntuan, bukaeran botaz gero, gai bihurtzea litzateke.

M. Lujanbio. Ez nago ados. Gai bat jartzen badidate “zu jubilatu berria zara” eta nik emakume paperetik hartzen badut, publikoko jende askok pentsatuko du “badator hau berriro ere aldarrikatzera”. Gizonen gaiak denon gaiak dira, eta emakumeenak emakumeenak dira bakarrik, eta horregatik pisu handia hartzen dute, oso markatuak dira.

J. Maia. Markatuta aurretik dago, depilazioa edo hilekoa aipatzen baduzu, entzulearen pertzepzioa da “badator berriz ere”. Nire ustez normaltasunez agertu behar dira, eta maiztasunez eginez gero, eragin egingo du.

O. Enbeita. Horregatik diot konplexu hori geuk galdu behar dugula, gure mundu erreferentziala bada, entzuleetan dauden emakumeena ere bada-eta.

U. Muñoa. Gaien terrenora goazenean bada nolabaiteko botere posizio bat, agian inkontzientea “Zu gizonezkoen mundura zatoz, eta makurtu beharko zara gure gaietara”. Eta integrazioa hortik bideratzen da. Aurrera begira, emakumearen papera izan daiteke, Onintzak esan bezala, konplexuak galtzea, baina garbi edukita botere borroka bat ere badela. Ni bertso bazkari batean nagoenean, eta nire kantukidea futbolari buruz hasten zaidanean –ni oso mutila izango naiz baina futbola ez dut kontrolatzen–, bi edo hiru bertso protokolario botako ditut, eta segituan aterako dut nik kontrolatzen dudan beste gai bat. Hor dago borroka, eta agian geroago tokatuko da biok bat gatozen gai bat eta hor luze jardungo dugu. Emakumeen papera ere botere borroka horretatik ulertu daiteke, “bai, zu gizona zara eta gai batzuk kontrolatzen dituzu, gizonezkoen plazan gaude, nahi duzuna, baina ni nator borrokatzera gaiak ere nire terrenora ekartzeko eta nire ikuspuntutik kantatu ahal izateko”.

Nolako estereotipoak erabiltzen dira bertsotan, eta gizonezkoen estereotipoak ere ba al dira mugatzaileak?


M. Lujanbio.
Uste dut gizonezkoen pertsonaiek badutela abaniko zabalago bat. Rol desberdin gehiago. Komunikatzeko jendearekin erreferentziak konpartitu behar dira, publikoak deszifratu edo lotu egin behar du zu sortzen ari zaren pertsonaia, eta horrela sortzen da komunikazioa eta baita umorea ere. Eta hor gizonezkoen kasuan barietate handia den bezala, emakumezko estereotipo oso gutxi daude topiko bihurtu direnak, eta topiko puntu bat behar du umorea egiteko. Askotan esaten dugu gaietan hori nabaritzen dela, gizonezkoen paperak hiperdefinitu egiten dira, eta emakumea beti da emakumea. Gizona izan daiteke bizi osoa Labe Garaietan egin duena lan eta orain jubilatu berri dena, eta bestea da bere emaztea. Baina hori zineman ere asko gertatzen da eta beste arteetan ere bai.

Adibide bat jarriko dut, nik ezintasun handia sentitu nuena: 2005eko txapelketan jarri ziguten gaia “zuek hiru seme-alabaren gurasoak zarete eta aspaldiko partez bikotea bakarrik zaudete, umerik gabe”. Kantatu eta gerora neure buruarekin sekulako haserrea hartu nuen, interpretatu nuelako emakume paper bat senarra gutxiesten duena, senarrari esaten diona “zu ere ume bat zara, ez duzu batere ardurarik hartzen...”. Topiko bat antzeztu nuen benetan bizi nahiko ez nukeena... Baina ezintasuna ere sentitu nuen, ez nintzelako gai izan beste eredu bat irudikatzeko, eta hori izan daiteke nire gaitasun kontua, baina bestetik ez dakit beste emakume eredu bat sortu eta publikoarekin konpartitzea posible izango litzatekeen. Beste eredu bat sortu behar delako lau hitzetan, eta bi erreferentziarekin. Jendeak identifikatuko luke emakume hori? Hor dago gabezia, eta zenbat eta neska gehiago egon rolak ugaritzen joango dira, orain oso arketipo murritza dugu.

J. Maia.
2005eko txapelketan kartzelako gaia jarri ziguten “aspaldiko partez negar egin duzu” eta nik hartu nuen Labe Garaietako langile baten papera, lantokia zegoen tokian orain BEC egonik, egun horretan bertsolariak entzutera doanarena. Zuk paper hori hartu nahi izan bazenu, gizonaren papera hartu beharko zenukeen, sinesgarria izateko. Gure helburua bertso onak egitea delako. Fundizioan lan egin zuen emakumerik ez zegoelako. Emakumeen profil historikoak askoz urriagoak dira.

Publikotik Jexux Mari Irazuk hartu du mikrofonoa galdera edo esperientzia aportatzeko:


J. M. Irazu. Planteatzen diren rol eta gizarteko diskurtso horien atzean norberaren errealitatea dago. Maialenek aipatu duen gaian, bera egoera horretan egon izan balitz, beste era batera planteatuko zuen bere rola, ez zen ibiliko emakume ideal baten bila, ama edo emazte izatearen papera ulertuko zuen beretik. Nik uste dut arazo handi bat dela egoera irrealak antzezten ari garela batzuetan, eta beste batzuetan egoera errealek ez dutela biderik ematen. Eta hori batzuetan emakumeen kalterako da, eta beste batzuetan gizonezkoen kalterako. Adibidez, gaur egun gizonek umeekin beste harreman bat izan arren, aitatasunak ez du puska batean izango amatasunak duen pisu sinbolikoa. Kontua da generoari nola laguntzen diogun gehiago: bertsotan eginaz, baina bakoitzak bere bizitzan daraman bidearekin ere bai. Galdera izango litzateke norberaren errealitateak zer pisu duen gai honetan, diskurtsoaren gainetik.

M. Lujanbio. Irazuk esandakoarekin bat nator, ez da generoaren gaian bakarrik, zure bizitza errealetik hurbil dagoena kantatzeak ematen du sinesgarritasuna. Eta gizarteko estereotipoez gain, norberak landu ditzake estereotipoak, adibidez Jonek horretan eredu edo estilo bat markatu duela uste dut. Norberak egiten du bere lekua, bere espazio bitala.

J. Maia. Gaztetan beti tokatu zait nesken koadrilan ibiltzea. Hamar neska eta ni. Orain ere horrela ibiltzen gara, eta oso neska kaineroak dira gainera. Ni ohituta nago horiei denei entzuten. Baina hori txiripa bat da, ez da nire meritua. Eta gauzak txiripaz ez dira konpontzen, horregatik eragile funtzioa egin behar da estereotipoak hausteko.

97ko finalean Belodromoan Unai Iturriaga eta bioi gaia jarri ziguten “bi neska zarete eta konturatu zarete zuen artean dagoena laguntasunetik harago doala”. Publikoa barrez hasi zen eta nik lehen bertsoan bota nuen “ez dakit zergatik hasten zareten barrez”. Konturatu nintzen jendeari zaplazteko bat eman niola zuzenean, eta erreakzioa aldatu egin zen. Gustura joan nintzen etxera, pentsatuz jokoz kanpo harrapatu nituela. Orain dela gutxi, interneten saio horri buruzko analisi bat irakurri dut, eta “a parir” jartzen gintuzten. Harreman hori erabat sexura eraman genuelako, eta parodia egin genuelako. Alderdi feministatik ikusita egindako kritika zen. Erdaraz idatzita zegoen, eta hamar bat orri ziren. “Hau da esperientzia klitoridianoa”, eta titiak atera genituen, gizonek emakumeen arteko sexualitatea nola ikusten genuen azaltzen zen bertan. Gai delikatua da, zu zaude 10.000 lagunen aurrean, dauzkazu 20-24 urte, ez duzu master bat egin sexualitateari buruz, zatozen etxetik zatoz eta zatozen milaka urteko kulturatik zatoz...

O. Enbeita. Ezin dugu geu garena kanpoan utzi agertoki batera igotzen garenean. Sinesgarriago da norberetik kantatzen dugunean, eta mundu txiki horretatik kanpoko gai bat tokatzen falta zaigunean orduan hartzen dugu estereotipoetatik, kontatu digutenetik edo bakoitzak ahal duena asmatzen du. Esan nahi dudana da niri orain jarriko balidate Jonek kontatutako gai hori, neska izanagatik ere tranpa berean jausiko nintzateke.

J. Maia. Saioaren logikak eramaten zaitu horretara, kolpea jo behar duzu! Eta sentimendu sibilino bat azaltzen hastea hamarreko txikiko ofizio batean, dena datorrenean umore kode batean... Hor etortzen zaizu “esperientzia klitoridianoa”, eta agian ez da pentsamendu baten ispilu ere, da txiste bat, edo da kolpe bat publikoak barre egin dezan. Bertsoaren logikak asko markatzen du.

M. Lujanbio. Aurrera egin nahi badugu ideologikoki, arrakasta une batean sakrifikatu egin behar da. Badakizu efektiboa zer izango den, baina detektatzen baduzu “hori ez dut kantatu nahi”, kantatu beharko duzu zerbait publikoak deszifratuko ez duena, ulertuko ez duena agian, eta horrelako txalo epel batzuk joko dizkizute... baina hurrengoan hobeto hartuko dute, eta hurrengoan hobeto eta hurrengoan... Helburu ideologiko bat lehenesten baduzu arrakasta sakrifikatzea etorri liteke. Nik hori egin dudanean ez dut garbi eduki zer egin nahi nuen, baina banekien zer ez nuen egin nahi. Eta publikoak jasotzen du aukera galdu bat bezala, “gaia pare parean jarri eta erraza zenuen ba!”.

Publikotik Ainhoa Agirreazaldegik hartu du hitza.


A.Agirreazaldegi. Nire galdera da gizonezkoek noiz sentitu duzuen txalo epel hori, ez duzuelako zuengandik espero zena kantatu. Nola sentitu zarete tokatu zaizuen eredu horretan?

U. Muñoa. Tokatu zaidanean kantatzea soziedade batean, giro oso matxista batean, erraza egin zait tokatzen den horretara egokitzea. Eta ideologikoki urrun nago hortik, baina erraza egiten zait bertan kokatzea, berez asko jan dudalako hortik ere. Erraza zait rol hori imajinatzea eta astakeriak esatea jende hori dibertitzeko. Nola helburutzat badudan jendea dibertitzea, moldatzen naiz profil horretara, baina ez nago deseroso, ongi ezagutzen dudalako.

J. Maia. 16 urterekin hitz egiterakoan ere neurtu egiten nituen txisteak. Tontoagoa sentitzen nintzen, beste denak zirti-zarta entzuten nituen, eta ni mutil mozoloa bezala nintzen. Gero hori kendu egin nuen. Orain uste dut oinarriak jarrita ditudala, eta ezin naiz ibili kalkulatzen bertso bakoitza etikoki, nahiko lan badut errimak eta bukaera pentsatzen. Konfiantza dut nire oinarri horretan, nahiz eta tonoz kanpoko gauzak ihesten zaizkidan. Baina ez dugu galdu behar naturaltasuna eta era gordinean umorea egitea gure sexualitatearekin. Askotan moztu egiten gara eta iritsi gaitezke iristen garena baino urrunago bertsotan. Orain luparekin begiratzen dira terreno horretan esandako gauzak, eta kezka handia dugu publikoak ongi hartuko ote duen...

Aurrera begira nondik jo behar da?


U. Muñoa. Nik uste gizonezkook egin behar genukeela gure generoaren irakurketa ere. Eta bukatuko dut gaurko nire hitzarekin, botere borrokarekin, eta uste dut lortu behar dugula bereziki emakumeak kontzientziatzea, eurak direlako alde kaltetua. Ezin da itxaron inertziak eta enpatiak zer sortuko duten, eta bideak ezin du izan eskatzea, alegia “lortu behar dugu gizonezkoen enpatia, eta gizonezkoen hausnarketa...”. Baizik garbi izan behar dugu botere espazioak borrokatu egiten direla eta emakumeak zer borrokatu asko duela, baita bertsolaritzan ere.

J. Maia. Naturaltasunaren bila jo behar genuke. Kikilduta, beldurrez, korrekzioaren mugari begira... bertsolariak ezin du horrela jardun. Naturaltasuna bilatu eta eragin egin behar da, adibidez gai aldetik batzuei eta besteei zer rol asignatu erabakitzerakoan. Botere guneetan probokatu egin beharko da emakumeen presentzia, hark perspektiba ezberdina ekarriko duelako. Gauzak ez dira bakarrik gertatzen. Pertsonak euren kasa iristen dira gogoeta batzuetara, baina aldaketak estrukturalak dira.

O. Enbeita.
Baikorra naiz, pauso asko eman dira eta geure artean asko hitz egin dugu honetaz, eta horrek esan nahi du ardura bat badagoela eta kontziente garela. Kabareta emanaldiarekin oso sorpresa ona hartu dut urte eta erdi honetan: publikoa espero baino kontzienteagoa dela gai honetaz. Nik uste dut gure barneko mugak apurtzeko ordua dela.

M. Lujanbio.
Bertsolaritza oso eremu interesgarria da gai hau lantzeko, jendea sentikor dagoelako honekiko. Jendeak oso jarrera ona du eta luxuzko territoriotxo bat da. Pertsonalki eta sormen mailan, nire helburua da inertziak, inkontzienteki ateratzen zaizkigun jarrera horiek detektatzea eta etetea. Bertsozale Elkartean generoa aztertuko duen talde bat sortzear da eta bertso eskoletan ere landu beharreko gaia da. Baikorra izateko motiboak badira, baina ikusi behar da bizitzaren faseak aurrera joan ahala zer gertatzen den, gauden emakume bertsolari denak gazteak garelako.
Mattin gizarajoa
Entzuleen artetik urte askoan feminismoaren inguruan lan egin duen emakume batek kontatu du bertsolaritzarekin izandako esperientzia gazigozoa: “1978an Udako Euskal Unibertsitatean, Iruñean, bertso afari bat izan zen. Pena dut bertsolarien izenak ahaztu baititut. Bertsolari txiki bat, txapela handi batekin [Mattin! erantzun dio publikoak], eta gizon polita, benetan hunkigarria aurkitzen banuen ere, ezin dituzue imaginatu kantatu zituenak. Ez nuen negar egin, baina errabia, pena ematen zidan haiek entzuteak. Bere diskurtsoa eta gai jartzailearena terriblea ziren, izugarri matxistak. Saio ostean emakume batzuk bildu ginen, sekulako kartelak egin genituen eta Larraona osoa haiekin josi genuen. Mattinen kontra, gizarajoa! Hurrengo egunean bilera bat antolatu zen eta 69 pertsona bildu ginen, gizonak gehiago emakumeak baino. Hor erabaki zen hurrengo urtean feminismoari buruzko ikastaroa ematea”.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude