Aldizkari gaztea zientzia astintzeko

  • Euskal Herriko Unibertsitateak bultzatu ditu Irrika aldizkaria eta irrika.net webgunea. Erronka bikoitza izango du: gazteak irakurketara hurbiltzea, eta zientziaz, jakintzaz oro har, irakurtzera ohitzea.
Irrika aldizkariko lantaldea
Irrika aldizkariko lantaldeaKarlos Corbella
Gazteak erakarri nahi ditu Euskal Herriko Unibertsitateak, zientziara, jakintzara. Badu ZIO (Zientzia Irakurle Ororentzat) bildumaren ardura lehendik ere unibertsitate horrek. Asmoa edozein irakurle, edozein adinetakoa, zientzia, edo hobeto esanda, orokorrean jakintzara gerturatzea da. Intentzio horrekin argitaratu dituzte hainbat liburu ZIO bilduman.

Irakurle gaztetxoentzat ordea, berariazko produktua plazaratzea zuten gogoan. 14 eta 18 urte artekoentzat, alegia, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako azken bi urteotako ikasleentzat eta Batxilergoko ikasleentzat prestatu dituzte Irrika aldizkaria eta irrika.net webgunea. EHU da sustatzaile eta papereko lanaren zein sarekoaren ekoizpenaren ardura hartu duena Elhuyar Fundazioa. Badute eskarmentua Elhuyar Fundaziokoek bai jakintzaren alorra lantzen –Elhuyar aldizkaria, esate baterako– eta baita gaztetxoekin ere –gaztetxoentzako zientzia dibulgaziorako Zer nola izeneko internet ataria dute–. Erronka ez da nolanahikoa, gazteak paperera eta irakurtzera erakarri behar baitira. Horregatik, Aitziber Lasa Irrika aldizkariko zuzendariak esan digunez, eduki laburrak eta probokatzaileak lantzera jo dute.

Zientzialariak lurtarrak dira

Aldizkariko edukiak, batetik, kolaboratzaileek landuko dituzte eta bestetik, Elhuyar Fundazioko kazetari eta zientzialariek. Kolaboratzaile gisa, lehenengo zenbakian Xabier Murelagak, Agurtzane Ormatzak eta Arantxa Txintxurretak hartu dute parte. Gainerakoan, edukiak kazetariek eta zientzialariek idatzi dituzte eta Lasak zehaztu digunez, erredakzio taldeko gehienak zientzialariak dira, alegia, biologoak, geologoak, ingeniariak, elikagaien alorreko adituak, albaitariak...

Zati txikiz, eduki laburrez osatutako puzzlea da Irrika, atal asko ditu eta horietako bakoitzak du helbururen bat. Dena dela, gai orokor bat hartu dute jorratzeko lehenengo zenbaki honetarako: burmuina. Ataletan entresaka egiten hasita bata Serendipity da. Orrialde horretan, zientzialariek zerbaiten bila ibili eta ustekabean bestelako zerbait are interesgarriagoa aurkitu duteneko adibideak kontatuko dituzte. Oro ez da urre atalean berriz, zientzialariaren alde humanoa azaltzen saiatuko dira, beraiei buruzko pasadizoak, bitxikeriak edo zurrumurruak jasoz. Era honetako edukiekin gazteei zientzialariak gertukoago egitea lortu nahi da. Hau da, gazteek ez dezatela uste zientzialariak beste planeta batekoak direnik, baizik eta jende arrunta direla, haiek ere hanka sartzen dutela, batzuetan aurkikuntzak ezustean egiten dituztela... Aitziber Lasa Irrikako zuzendariak dioen moduan, gazteak ere zientzialari izan daitezkeela.

Beste ataletako bat Abroad da eta kanpora ikastera joaten diren ikasleen berri ematen da bertan. Zertan bertan atalean Euskal Herrian egindako proiektuak, aurkikuntzak edo ikerketek dute tokia. Fokua izena du beste atal bitxi batek. Betiko txoko edo gauzei beste begi batzuekin begiratzea da atal horren asmoa. Lehenengo zenbaki honetan, adibidez, Bilbo geologikoa aurkeztu digute. Xabier Murelaga geologoak Bilboko Moyua enparantzako fosilak erakutsi ditu, besteak beste.

66.000 ale banatzeko

Euskal Autonomia Erkidegoan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako azken bi urteotako eta Batxilergoko ikasle guztiek jasoko dute Irrika ale bana, 63.000 ale guztira. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila arduratuko da banaketaz. Ez dute aitzakiarik izango gazteek, eskura eta doan jasoko dute, oraingoz urtean hirutan. Aldizkariaren ehuneko 80a euskaraz dago eta gainerakoa gaztelaniaz eta ingelesez. Agerkariaren diseinua eragin.com enpresak egin du. Irrikako zuzendari Lasak azaldu digunez, estetika infantiletik zein konbentzionaletik urrundu nahi izan dute eta gustura geratu dira eragin.com enpresak eskainitako emaitzarekin.

Azken hitza gazteena da, noski. Laster jakingo dute produktuaren egileek zein sustatzaileek irakurleari nolako irrika sortu dion.
irrika.net
Hilabete baino gehiago da www.irrika.net webgunea sarean dagoela. Aldizkariko eduki guztiak hor dira, den-dena euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez eta pdf formatuan eskuratzeko moduan. Aldizkarikoaz gain ordea, eduki berriak doaz gehitzen. Albisteak, jakingarriak, agenda... eskura jarri eta gazteek elkartrukerako txoko bezala erabil dezaten nahi dute atariaren ardura duten Elhuyar Fundaziokoek.

Gazteak zirikatzeko asmoz dagoeneko bideo lehiaketa antolatu dute, Argi ibili eta burua erabili izenburupean. Maiatzaren 31 baino lehen entregatu beharko dituzte gazteek bideoak eta saridunak ordenagailu ultraeramangarria lortuko du.

ASTEKARIA
2008ko maiatzaren 11
Azoka
Azkenak
Uztailean hasi nahi du Erresuma Batuak migratzaileak Ruandara deportatzen

Rishi Sunak lehen ministroak jakinarazi du deportaziorako "baliabideak" prest dituela "legez kanpoko migratzaileak" kanporatzeko. Auzia etenda dago Auzitegi Gorenaren erabaki baten eraginez, baina parlamentuak Sunaken lege bat onartu berri du horren gainetik... [+]


Eguneraketa berriak daude