Txillardegik eskainitako zazpi saiakera biribil

  • Txillardegi ::Horretaz

    Elkar

    orrialdeak ::220

    prezioa ::19.50€

Horretaz
Horretaz
Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegik (Donostia, 1929) bizitzak eta bere irakurzaletasun etengabeak eman dion eskarmentutik idatzi du Horretaz. Zazpi saiakera labur liburua. Duela 42 urte idatzitako beste saiakera batzuk gogoan –Goiztiri argitaletxean argia ikusi zuen Huntaz eta Hartaz liburukoak alegia–, trilogia osatu nahi izan du oraingo saiookin. Aurrenekoa Jean Paul Sartreri eskaini dio, iruditzen zaiolako ezezagun dela oraindik ere gurean, Euskal Herrian ahanztura besterik mereziko ez balu bezala. Rosalía de Castro eta Galizia dauzka hizpide bigarrengoan –herrialde hau bere “bigarren aberritzat” dauka, eta besteak beste, 52 urte joan dira Ferrolen Leturiaren egunkari ezkutua idatzi zuenetik–. Hortik aurrera, Ameriketako genozidioa –Herbeheretan eta Kanariar irletan gertatutakoak ahaztu gabe–; gure artean darwinismoak merezi duen maila izatearen aldeko aldarria, eta erlijioaren eta antropozentrismoaren kritika gogorra egin ditu. “Munduaren ardatza ez garelako”, giza patua eta lekua zentzuz ezartzeko guztiz beharrezkoa iruditzen zaiolako, astronomiari eskaini dizkio azkeneko bi saioak.
Jose Luis Alvarez Enparantza 'Txillardegi'
«Beharrezkoa da astronomia giza patua zentzuz ezartzeko»

1970ean ETAko militanteek 6 heriotza-zigor eta 752 kartzela urteri aurre egin behar izan zietenean, zein izan zen Jean Paul Sartreren jarrera?


Franco goraki gaitzetsi eta ETAko militanteen alde “arrunt bustitzea” erabaki zuen.

Eta zure saio hauetan bera gogoratzeko arrazoia?


Garai hartako “modako gauche divine” espainolistaren kontra, eta Francoren kontrako oposizioan PCEk isilpean bildutako ospearen aurka altxatzean, urrats erraldoia egin zuen Sartrek Espainian benetako ezkerra eta Euskal Herrian ezker abertzalea sor zitezen. Horregatik idatzi izan dut zenbait aldiz badela garaia Sartreren omenez kale edo enparantza batzuk beraren izenaz bataiatzeko.

Rosalía de Castro ere gogoratzen duzu. Zergatik?


Galizia neure bigarren aberritzat daukat. Lurraldea gogoratzean, Rosalía poeta hilezkorrak hain zehazki azaldu zigun herriaren patu hitsaren oinazea datorkit. Azkeneko espaniar kolonia izan baita Galizia, gu berandu arte jabetu ez arren.

Eta gainerako gaiak, zer dela-eta aukeratu dituzu?


Gai unibertsalak ukitzen dituzte. Ameriketako genozidioa salatu behar dela iruditzen zait. Eta oraindik gure artean darwinismoak merezi duen maila ez duela jaso. Bestalde, Antropokeriak saioak erlijioaren eta antropozentrismoaren kritika gogorra izan nahi du. Azkenik, bi saiakera moldatu ditut astronomiaz. Giza patua eta lekua zentzuz ezartzko guztiz beharrezkoa iruditzen zait. Liburu hau eskaini nahi nieke, beraz, giza arazo nahasiak beren haragi eginik ere, kosmoaren eskergatasun misteriotsuak pentsakor uzten dituen guztiei.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Txillardegi
Txillardegi omendu dute, bere heriotzaren hamabigarren urteurrenean

Euskaltzalearen ekarpena nabarmendu eta Udal Liburutegia 'Txillardegiren izenean jartzeko' eskatu dute omenaldian.


2024-01-08 | ARGIA
Txillardegiren heriotzaren XII. urteurrena
Donostiako Udal Liburutegiari Txillardegi izena ematea aldarrikatuko dute beste behin

Txillardegi Udal Liburutegia Herri Ekimenak, urtero bezala, aitortze ekitaldia egingo dio Donostiako politikari, hizkuntzalari eta idazleari. Beste behin eskatuko dute Donostiako Udal Liburutegi Nagusiari bere izena jartzea.


Covitek Txillardegiri buruzko ikasleentzako bideo baten aurka jo du

Ikusgela proiektuko bideo baten aurka jo du Covitek. Argudiatu du Txillardegiren irudia “zuritzen” duela, eta ETAk eragindako biktimak “iraintzen” dituela bideoan bera “euskal kulturaren salbatzaile” gisa aurkezteak.


2023-01-03 | Irutxuloko Hitza
Txillardegiren heriotzaren XI. urteurrena gogoratzeko ekitaldia urtarrilaren 14an egingo dute

Urte berriarekin batera, Txillardegi Udal Liburutegia herri egitasmoak tradizio bihurtu du Txillardegi bera omentzeko eguna. Haren heriotzaren XI. urteurrena gogoratzeko ekitaldia hilaren 14an egingo dute, 12:00etan, Txillardegi plazan –Antiguako Gaskonia plazan–... [+]


Eguneraketa berriak daude