argia.eus
INPRIMATU
Heriotzari beldurra (Inperio estilora)
Angel Erro @angelerro 2008ko maiatzaren 11
Angel Erro
Angel ErroJosu Santesteban
Nire lagunek, hunkitzen nauen gogo eskuzabaltasunez, ohartarazten didate nire idazkietan neure burua errepikatzeko eta autorreferentziala bilakatzeko arriskuaz; eta bidaiatzeko, giroz aldatzeko, aholkatzen didate. Bidaia batek, ongi aprobetxatuz gero, hiruzpalau artikulurako ematen dizu (chill-out errepikapen temati eta lausoan oinarrituta, edo, aristotelikoegi garatzen bada, hasiera-korapiloa-askaera eskema erabilita, edo, bestela, abiatu aurretikoak, zuzeneko egonaldiak eta oroitzapenek segida ederra osatuta), horregatik berehala amortizatzen dira.

Bidaiatzeak, esaten didate lagunek, nazionalismoa ez bada, gain-gainean dudan depresio zantzuak sendatzeko balioko omen dit. Horregatik, begiak malkoz berriz betetzen dizkidan keinu batekin, hegazkinerako txartel bat erosi didate. Batzuk ni agurtzera etorri dira aireporturaino, eta ez dute terminala utzi, abioia pistatik abiatzen ikusi duten arte.

Pozik –eta begiak gorrituta– nago nire turista eserlekuan. Leihatilatik, pozezko jauziekin nire etorkizuneko zoriontasuna ospatzen, nire lagunak ikus ditzakedan bitartean, artikulu –hau edo beste– bat buruz erredaktatzen noa; eta beraren berritasunak, sotileziak, eta darion munduarekiko armoniak –ez oso nire izaerarena– irribarrea eragiten didate, harik eta azafata batek segurtasun uhala lotu ez dudala gaztigatzen didan arte, gutxi gorabehera Modiglianiren aipu baten erdian.

Haria apur bat galtzen dut. Motorrek orro egiten dute piano pieza leun baten gainetik. Eta hegazkina higitzen da. Askotan jardun dudan gai batean pentsatzen dut, eserlekuan hondoraturik: neure heriotza posiblean.

Hegazkinetan, ñabardurarik txikiena ere zehatz aztertuta dago. Gauza jakina da entsaladetako azeitunen kopurua arretaz zenbatzen dutela; zerbitzua eta, ondorioz, gizaldia hobetzean inbertituko duten diru kopuru zorabiagarria aurrezteko asmoz. Hortaz, aireratzen garen bitartean, musika klasiko deitutarik aditzen baldin bada, bigarren erromantizismo alemandarrekoa, ez da, ezin da funsgabe izan. Ziurrenik, heriotzari beldurrak eragindako milioika histeria krisi aurreztuko du konpainiak.

Heriotzaren beldur. Musikaren botere kontsolatzaile esentziala, ez kulturala. Existitzetik utzi, Ezer Ez Handira itzuli aurretiko instantea, izu-ikaraz mukurutzen gaituena, baina sentimenduak deitzen diegunen artean benetakoa, ez-sasia, ez-hutsala den bakarra. Hainbesteraino non bitxia da denok geure buruaz ez egiterik, esperientzia haren saihestezintasunaren aurrean, beraren balizko antonimoaren –bizitzaren– edukia kutsatu besterik ezin duelarik.

Badakit ezin dela bizitza osoan heriotzaren beldur bizi. Baina horretan ez dago aitzakiarik: atenuazio mekanismoek, Estokolmo sindromeak ondorio behin-betikoa burutik distraitu badigute ere, artistek tai gabe salatu beharreko auzia da, baina hauek, gure artean Atxagak ongi esan bezala, kontsolamendura dedikatzen dira.

Baina, gaur, –etxekalte– uste dut musikaz landako ezein artek ezin duela heriotza, heriotza handia, arindu, baizik eta bizitzaren galera txikiak –bidegabekeriak– salatu. Hondamenaz soilik kexatzea antzezlanaren argumentua ez ulertzea da –ez konprometitzeko modua–.

Errealitate bakarra heriotza da, ez izatea. Ez da bizitza istripua dela ukatzen duen pentsalaririk. Horregatik, azken finean, heriotzaren ideia kontsolagarria da. Ez suntsitzetik begiratu ezin ziona suntsitzen omen du.

X hiriaren egonaldia, ondo. Iruñea bezalakoa da, baina handiagoa, edo txikiagoa, nondik begiratzen zaion.