«Eskapada ederra egin genuen Areceseko batailan»

  • Kamioilari hasi zen gaztetatik Jose Iruretagoiena eta 36ko Gerran auto gidaria izan zen. Euskal Ejertzitoan Saseta buruzagi militarrarekin ibili zen hara eta hona. Gutxi bezala poztu da egunotan, frontean hildako komandante mitikoaren hezurrak topatu dituztela eta. Xabier Lasa historialariak egindako elkarrizketa interesgarria ekarri dugu hona, Aiurri aldizkarian argitara emana.
Jose Iruretagoiena
Jose Iruretagoiena, Sasetaren hilobiaren ondoanAizpea Leizaola
Donostiako Egia auzoan jaio zen Iruretagoiena; 1949an Maria Barrenetxea itsasuarrarekin ezkondu ondoren, bikotea Andoainen jarri zen bizitzen Kale Berrian. Gerra aurreko urteetan apenas sartu zen politikan, “kamioiarekin lana besterik ez bainuen egiten, orain Madrilera, orain Nafarroara….”. Frankistak altxatu zirenean, baina, bizkor joan ziren bere anaia Pedro eta biak boluntario Azpeitiko Loiolara, Euskal Gudarostea osatzen ari zela eta. Fusila nola erabili, beste instrukziorik ezin izan zuen jaso. Berehala, 4 zilindroko Ford auto baten giltzak eman, eta buruzagi militarren agindutara jarri zuten. Orduan hasi zen ibiltzen orpoz orpo Saseta komandantearekin; hondarribitarra karrera militarrekoa eta nortasun handikoa zen, eta hargatik izendatu zuten Gudarosteko buruzagi nagusi. “Lino Lazkano, Juan Beistegi, Kandido Saseta eta beste ofizialak batera eta bestera eramatea zen nire eginkizuna. Molaren ejertzitoak Gipuzkoa hartu zuen arte, Sasetarekin Bidanian, Zarateko Bentan eta inguru horietan izandako borrokaldietan ibili nintzen. Autoa aparkatu eta frontera fusilarekin!”.

Saseta gizon jator eta jakintsua izateaz gain, giza taldeak borrokara edo behar zen tokira eramateko grazia zuela aitortu digu Josek. Beizamako guruzbidean, Santutxo taberna inguruan gertatutako pasadizoa dauka gogoan, atzo bizi izan balu bezala. “Militarren kontuetan ezjakinak izan gu, faxisten aurka tiroka genbiltzala izutu eta jartzen ginen makur-makur tiro baten hotsa aditu orduko. Hala esan zigun orduan Sasetak: ‘Horiek ez zeukatek beldurrik. Txistu egiten ez dutenak dituk txarrak’”.

Asturiasen Sasetarekin

Euskal frontea Bizkaia eta Gipuzkoako mugetan egonkortu zenean, Eusko Jaurlaritzak aginduta Saseta Asturiasera abiatu zen 1937ko otsailean, Amaiur, Prieto eta Euzko Indarra batailoiekin; Ipar Frontea paraje haietan ere defendatu behar baitzen. Josek berak eraman zuen hara Saseta. “Bataila handia gertatu zen Arecesen. Frankistek arma asko zeuzkaten eta igual ehun gudari hil ziren, Saseta tartean. Eskapada ederra izan zen gurea”. Lagunen gorpuak nolabait eta nonbait lurperatu, eta Bizkaiko frontera itzuli ziren gainerakoak. Bonbardaketa eta hilketa ugariren lekuko izan zen hurrengo hilabeteetan. Baita heriotza gertutik eduki ere! Gernikako bonbardaketan, adibidez: “Apirilaren 26koan Gernikako Errenteria auzoan nengoen. Erreka batean babestu nintzen, baina zer da eta zubi bat egon ondoan! Hura ikusi orduko, etengabe saiatu ziren txikitzen. Bonbak jaurti eta jaurti; ez gu ez zubia ez zuten ikutu, hala ere!”.

Euskal Ejertzitoa menderatua izan zenean, Iruretagoiena Santoñan atzeman zuten. Italiako ejertzitoko koronel batek bere gidaritzat hartu zuen orduan. “Langile Batailoetara destinatu eta Amilcare Farina izeneko koronelarekin aritu behar izan nuen gerra bukatu arte. Espainiako fronte guztietan ibili ginen. Ondo jokatu zuen nirekin, egia esateko. Frankistek presoak zein gaizki tratatzen zituzten ikusten zuenean, zera esaten zidan: No hay que vencer, hay que convencer.

Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude