Erdi Aroko oihartzunak

  • Menako Lope Sanchezek Balmasedako hiribildua sortu zuen 1199. urtean, Logroñoko foruaren bitartez. Hala, Bizkaian sortutako lehenbiziko hiribildua da ondoko lerrootan bisitatuko duguna. Merkatu-hiri eta kostaldeko Done Jakue bidearen gune garrantzitsua izaki, Zubi Zaharra bezain eraikin esanguratsuak utzi zituen Balmasedan Behe Erdi Aroak.
Balmasedako Zubi Zaharra
Balmasedako Zubi ZaharraUnai Cuevas
Urteak igaro ahala, Erdi Aroko garai oparoak joan zirenean, balmasedar askok hiritik kanpo alde egin behar izan zuten. Mexikora, Kubara eta Perura abiatu ziren, zilar ustiakuntzan, merkataritzan nahiz meatzaritzan aritzera, eta handik itzultzerakoan indiano bihurtu ziren. Ameriketan pilatutako dirutzaren zati bat fundazioak sortzera bideratu zuten, eta gaur egun, garai haietan egindako hainbat eraikin ikusteko aukera dugu, oraindik zutik. Indianoak bizi ziren etxeak ere ikus daitezke La Magdalena pasealekuan.
Hiriak, jatorrian, lau kale baizik ez zituen: Aldapa, Hedegile, Erdikoa –orain Pío Bermejillo– eta Zaharra, gaur egun Martin Mendia izenekoa. Ikusten denez, hiria azpiegituraz hornitu zituztenak ez dituzte ahaztu. Horren adibide Mendia jauna dugu. Hiriko seme kutuna izendatu zuten, eta beraren irudia San Severino plazaren erdian kokaturik dago.
Zubi Zaharra, Balmasedako ikonoa

Dagoeneko hiriaren ikur bihurtu den Kadagua ibaiaren gaineko Zubi Zaharra (edo Muzarena) aipatzea derrigorrezkoa da. Ez dugu haren egilearen izena ezagutzen, baina hori ez da oztopoa Bizkaiko Erdi Aroko arkitekturaren erreferentzia nagusietakoa izateko. Monumentu nazional izendatuta dago, egon ere.

Zubiak Done Laurenti auzora jotzen du. Judutarren bizilekua izan zen hura, 1486. urtean hiritik bota zituzten arte. Handik hurbil, Santa Klara monumentu multzoa ikus daiteke. Elizak eta komentuak osatzen dute, eta bigarrena hotela da orain. Berriro ere erdigunera hurbilduz, Martin Mendia kalean barna, San Joan Moraleko eliza aurkituko dugu. XV. mendeko eraikin horretan dago gaur egun Balmasedako Museo Historikoa. Aurrerago, ezkerretara, Horcasitas Jauregia dago, 1841. urtera arte errege-aduana izandakoa. Urte hartan, Lehen Karlistaldia amaitu eta gutxira beraz, kostaldera eraman zuten aduana, Balmasedari hainbat mendez izandako funtzioa kenduz.

Hedegile kaletik behera San Severino plazara iritsiko gara. Hiriko biztanleen gunera. Izen bereko eliza nabarmentzen da hemen. Alboan udaletxea. “Mezkita” ezizenez ezagutzen dute bertakoek, mudejar estiloko eraikinak gogorarazten baitituzte haren arkupeek.

Aste Santua, Erdi Aroko merkatua eta putxerak

Gaur egungo Balmaseda toki entzutetsua baldin bada, hiru ospakizunei esker da. Batetik, Aste Santuan izaten diren prozesioek ospe handia lortu dute Euskal Herriko mugetatik kanpo. Hiritarrek Jesusen pasioa gogoratzen dute urtero, garai hartako janzkerekin kalera ateraz.

Historian aurrera eginez, Erdi Aroa ere oso gogoan dute balmasedarrek. Ez da harritzekoa, hiria orain dela 800 urte baino gehiago sortu zen eta. Zortzi mende askotan betetzen ez direnez, urtemuga hori ospatzeko Erdi Aroko merkatua antolatzea bururatu zitzaien. Geroztik, urtero, asteburu osoa irauten duen garai haietako merkatuaren mozorroa janzten du hiriak, izugarrizko arrakastaz gainera. Azken urteetan, 150.000 bisitari baino gehiago hurbildu dira bi egun horietan antolatutako emankizunak ikusteko asmoz.

Festa eta ospakizunarekin jarraiki, Putxeren Jaia ospatzen dute baita ere. Lapiko berezietan egiten den indaba, urdail, txorizo eta odoloste platera da putxera. Industrializazio garaiko ohitura da. La Robla trenbideko makinistek, negu gorrian ezin zutenez trenetik jaitsi, lapiko edo putxera delakoetan berotzen zuten janaria, trenaren lurruna erabiliz. Eta indabei laguntzeko, zer hobe bertako txakolina baino. XV. mendetik lantzen da Balmasedan txakolina; Done Jakue bidetik zetozen fraide frantziarrek ekarria omen. Mende batzuk geroago, 1892an, sortu zen La Encartada txapel-fabrika, hirigunetik hiru kilometrora. La Encartadak 1992an itxi zituen ateak, eta iazko urtarriletik museo bihurtua dugu. Hain antzinakoak ez diren zenbait bizimodu museo-gai baitira gaur.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Erdi Aroa
Fra Mauroren mundu zehatzagoa

Venezia, 1459ko apirilaren 24a. Fra Mauro monje eta kartografoak bere munduko mapa amaitu zuen San Michele de Murano monasterioan zeukan kartografia tailerrean. Portugalgo errege Alfontso V.aren enkarguz egin zuen lan hura, eta, mapa amaitu bezain pronto, Portugalera bidali... [+]


1.300 urtez, elkarrekin lurra landu eta bizi

Gaubea haranean, Tobillas herriaren alboan, Serna deitzen dioten nekazaritzarako lursail bat dago. Baina ez da baratze soil bat: historiak eta arkeologiak diote 1.300 urteko bizia duela eremu horrek. Herritarren langintza kolektibo baten emaitza izateaz gain, parada ematen du... [+]


Harakin eta zirujau

Erroma, 1215eko apirila. Laterango IV. Kontzilioan, Eliza Katolikoak apaiz eta monjeei kirurgia egitea debekatu zien, besteak beste. Aurreko kontzilioetan ere, Reimsen eta Toursen, gaia landu zuten, lekaideek soilik arimak salbatzeaz arduratu behar zutela eta gorpuen salbazioa... [+]


Ahaztutako Erdi Aroaren bila Abrisketan

Urtarrila ez da sasoi goxoa izaten indusketa arkeologikoak egiteko baina, aurtengo eguraldi aldrebesa tarteko, lanak erritmo onean burutu dituzte EHUko Ondare eta Kultur Paisaien ikerketa taldeko eta Ondare Babesa enpresako langileek Abrisketa auzoko San Pedro ermitan,... [+]


Eguneraketa berriak daude